joxerra senar
GEURE KONTU

Uzta bilketa, azken katebegia

2020ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Iragan otsailaren 19an, UAGNk eta UCAN kooperatiben elkarteak deiturik, milaka laborarik eta300dik gora traktorek Iruñeko erdigunea hartu zuten. Traktorehorietako batera igorik, Felix Bariain UAGNko buruak nabarmendu zuen mobilizazio historikoa izan zela. Salatu zuen nekazariei eta abeltzainei ordaindutako jatorrizko prezioak bidegabeak zirela, euren kostuei aurre egiteko apenas balio zutelako, eta herritarrek hiru eta bost aldiz gehiago ordaintzen zutelako produktu horien truke. Ondoren, pandemia etorri zen, eta tsunami hark aldarrikapen horiek lausotu baditu ere, Bariainek berak martxoan BERRIAri azpimarratu zion lehen sektoreak rol erabakigarria zuela garai honetan. Konfinamenduan, saltokietako apaletan ez da elikagairik falta izan.

Alta, hilabeteotan irabazitako zilegitasun hori guztia bertan behera geratu da. Maiatz hasieran, Yolanda Diaz Espainiako Lan eta Gizarte Segurantzako ministroak lan ikuskatzaileei agindu zien ikuskapen gehiago egin zitzatela landa eremuan, esplotazio kasu larriak zeudela uste baitzuen. Azken asteetan, Espainian, hainbat salaketak agerian utzi dute uzta bildu behar duten langile askoren egoera zinez larria: ordu asko sartu behar, eta miseria bat ordaintzen diete, askotan beltzean eta kontraturik gabe. Esplotazio larri horren aurrean, Asaja sindikatuak ikuskapenen aurka jo du, eta Diazen dimisioa eskatu du. Gogor erantzun dutenen artean dago UAGN. Iragan astean, Bariainek gogorarazi zion Diazi konfinamenduan lehen sektorea giltzarri izan dela, ekonomiatik tira egin dutela, eta, atzera egin ezean, traktoreak kalera ateratzen dituzten hurrengoan ez direla baketsuak izango. «Errealitatetik kanpo dago erabat. Ezin duzu ministerio baten gidaritza hartu, eta ezin duzu laborarien aurka halako akusaziorik egin».

Mehatxu kutsu argiko hitzak dira, baina Diazen asmoek baino min handiagoa egiten diote UAGNren sinesgarritasunari. Horren adierazle, asteon Bariainek tonua apaldu du beste bideo batean: «UAGN ez dago ikuskapenen kontra. Esaldi hori esatea falta zen aurreko bideoan». Haren hitzetan, ikuskatzeko moduak dira arazoa. Lan ikuskaritzaren kontra ez badago, zertarako hainbeste zalaparta eta mehatxu?

Iaz, BERRIAk sektoreko langileen lan baldintzei buruz egindako erreportaje batean, Guillermo Dachary Nafarroako lan ikuskaritzaren arduradunak datu hauek eman zituen: 2018an, Nafarroan, 8.100 ikuskatze egin ziren, eta 441 lehen sektorean, hala laborarien nola elikagai enpresen artean. Ikuskapen horietan, jakin zuten 62 langileri beltzean ordaintzen zitzaiela, eta 76ri kontratu finkoa egitera behartu zuen Gizarte Segurantzak. Dacharyren arabera, atzemandako irregulartasunak ez ziren handiak izan. Asteon, Dacharyk berak Ser irratian azaldu duenez, maiatzean eta ekainean landa eremuan ikuskapenak egiten ari dira: hara joan, eta langileei baldintzez galdetzen zaie. Oraingoz, ez dute irregulartasunik atzeman.

Huerta de Peraltako lan gatazkak eta noizean noiz landa eremuan lan-esplotazio kasu larrien aurka egiten diren polizia operazioek azaleratzen dute esplotazioa egon badagoela. Egia da Nafarroan hala enpresetan nola uzta bilketan lan baldintzak arautzen dituen sektoreko lan hitzarmen bat dagoela. Hain zuzen ere, asteon,5.000 langileri eragiten dion lan ituna izenpetu dute CCOOk eta UGTk. 2022ra arteko akordio horren xehetasunak ezagutu zain, aurreko itunean orduko 7,06 euro kobratzen ziren bilketan. Norberak atera ditzala ondorioak, baina badirudi elikagai industriaren langileei begira egindako lan itunak bizkarra eman diela sasoikako langileei. Gehienek sindikatu baten babesik ez dutelako?

2018ko urrian, Bariainek errenta bermatua izan zuen jomugan. Haren hitzetan, onuradunek guztion dirutik kobratu eta gero, ez zuten lan egin nahi: «Gobernuak kontrakoa dioen arren, kanpoko etorkinak erakartzen ditu». Atzera egin zuen ordu hartan ere. Akaso, berea ez da komunikazio arazoa, ulermen arazoa baizik. Laborarientzat duintasuna eskatzen duenak jakin behar du langileek ere duintasuna nahi dutela, eta haiek ere ezinbestekoak direla hornidura katean. UAGNrentzat azken katebegia direla ematen badu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.