Sergio Fernandez (atleta)

«Ahal dudana egingo dut. Ez etortzekotan egon naiz»

Sergio Fernandez izango da euskal atleta bakarra Dohan, 400 metroko hesidunean. Gaur izango du lehen erronka, kanporaketan (19:30). Ez dago sasoiko, mina baitu iskioetan.

FERNANDO VILLAR / EFE.
Julen Etxeberria.
2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun

Zuritik beltzera pasatu da Sergio Fernandez (Barañain, Nafarroa, 1993). «Inoizko entrenamendurik onena» egin zuen duela bi aste eskas, baina egun horretan bertan oheratu, eta amesgaiztoa hasi zuen: sekulako mina jarri zitzaion iskioetan. Dohara ez joatekotan izan da, baina «azken ahalegina» egitea erabaki du.

Min hartuta joan zara Dohara. Zer moduz zaude?

Ondo ez. Masajistekin eta fisioterapeutekin lanean ari naiz jo eta ke, mina arintzeko, baina lehiatu arte ez dut jakingo min horrek behar bezala korri egiten utziko didan edo ez. Horren ondorioz, ezinegon handia dut.

Denboraldiak aurrera egin ahala, gero eta hobeto aritu ondoren, lesioak eten egin du garapen on hori. Kolpea izan da?

Bai, handia. Duela bi aste eskas, inoizko entrenamendurik onena egin nuen. Sekulako ilusioa nuen txapelketa honi begira. Gainera, banuen itxaropena proba irabazteko faborito nagusiak ez beste guztiak agian sasoiz larri iritsiko zirela, eta nik hori aprobetxa nezakeela. Aurkari askori luze egin zaie denboraldia, eta niri, aldiz, ez; orain ari nintzen ondoen entrenatzen eta lehiatzen. Sasoi betean nengoen. Baina hori jadanik iragana da. Orain, ez nago ondo. Halakoa da kirola. Kolpe handia izan da, eta kostatzen ari zait barneratzea.

Ohi baino beranduago lehiatu behar izateak eragina izan al du min har dezazun?

Ez. Normala da halakoak gertatzea, gure gorputza mugara eramaten baitugu. Batzuetan, pilatutako nekea eta ahalegina sumatzen du gorputzak, baina pixka bat atseden hartu eta osatu egiten da. Oraingoan, aldiz, ez da hori gertatu.

Baikor zaude?

Ez asko. Ziurrenik, lasaigarriren bat hartuko dut, minari eusteko, baina, lehen esan moduan, lehen kanporaketan takoetan jarri eta korrika hasi arte ez dut jakingo benetan nola nagoen. Gertatu izan zait mina izan, korrika egiten hasi eta ondo lehiatzea. Baina ez dakit zer gertatuko den oraingoan. Zalantza asko ditut. Ezinegon handia dut.

Egoera horretan egonda, zein da helburua?

Saiatzea. Horrenbeste duda izan ditut lesionatu nintzenetik, ezen hona ez etortzekotan egon bainintzen. Normala da: egun batean, Munduko Txapelketa ona egiteko itxaropena nuen, eta, hurrengoan, dena pikutara joan zen. Gogorra izan da dena barneratzea, eta jota egon naiz hainbat egunetan. Baina neure buruari agindu diot ahal dudan guztia egingo dudala. Ez da izango saiatu ez naizelako. Ea noraino iristen naizen. Halere, argi dut ez banaiz ailegatzen nahi dudan toki horretara, burua altxatu eta aurrera jarraituko dudala, behar bezala osatzen eta gogor entrenatzen. Hau ez da hemen bukatzen.

Zuk esan duzu: «Hau ez da hemen bukatzen». Gero eta gertuago daude Tokioko Olinpiar Jokoak. Hori ere izan duzu buruan Dohan aritzeko erabakia hartzeko orduan?

Bai. Txapelketa honetan irabaz eta gal dezakedana jarri dut balantza batean. Zer gal dezakedan? Datorren sasoirako prestaketa beranduago hastea eta lesioak okerrera egitea. Badakit baldintza hauetan lehiatuta arriskuan jartzen ari naizela nire osasuna, baina ondo hausnartu dut, eta balantza batean jarri, eta uste dut merezi didala.

Ezohiko egunetan lehiatuko zarete, eta bero handiarekin. Kezkatuta zaude?

Ez; nahiko lan badut nire lesioarekin. Egia da, hala ere, inoiz ez naiz lehiatu horrenbesteko beroa eta hezetasuna dagoen toki batean. Baina ez dit beldurrik ematen. Dagoena dago, eta guztientzat da klima bera. Gainera, nirearen gisako proba laburretan, beroak ez du horrenbeste eragiten.

Neurrira eginikoa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.