KRITIKA. Musika

Harrapakaria

2021eko otsailaren 4a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Ruth Reinhardt. Biolina: Augustin Hadelich. Egitaraua: MikeUrkizaren Nire itsas munstroak, Jean Sibeliusen Biolinerako kontzertua op. 47 eta Antonin Dvoraken 5. sinfonia op. 76.Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Otsailak 1.

Badirudi Euskadiko Orkestrak bere programen izenburuak unean uneko egoeretara egokitu dituela nahi gabe. Izan ere, denboraldiak oraindik ere bizirik dirau, ahal den heinean kontzertu-gelak txaloz betetzeko aukerak emanez. Oraingoan, bi gonbidatuak izan ziren —biak New Yorkeko Julliard eskolan ikasiak, biak goiztiarrak, biak bikainak— kontzertuari arnasa eman ziotenak.

Mikel Urkizaren Nire itsas munstroak obra entzun zen lehenik, munduko lehen itzuliaren 500. urteurrena gogora ekartzeko sortu zen Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektuaren bigarren enkargua. Hiru mugimenduek garapen organikoa dute, ezjakintasunak pizten dituen elezaharretatik lilura eta magia ezabatzeko boterea duen ezagutzara daraman itsasaldi oparoa, munstroak lokartu arte, uhinen arteko agerpen basatiak soinuz josiz.

Jakina da Jean Sibeliusen Biolinerako kontzertua-ren estreinaldia penagarria izan zela, alkohola eta desoreka ekonomikoak haren bizitzan nagusi ziren garaian. Haatik, jatorrizko partituraren gainean egindako berrikuspena, eskarmentu handiko biolin jotzailea eskatzeaz gain, bizitza oso baten pasioa biltzen duen pieza dugu. Hadelichek lehen unetik harrapatu zituen publikoaren atentzioa eta obra bera. Ez soilik teknikagatik, baita intentzio eta tentsio melodikoagatik, neurritasun eta energiagatik ere. Dinamikaren eta fraseatzearen kontrol sotil eta ederrean berak ezarritako tokira iristeko norabide garbiagatik. Reinhardt tinko eta malgu agertu zen obra osoan, azken allegro obsesiboa soinu irmoaren jarioan sartuz.

Antonin Dvorak ezaguna da folklore bohemioaren melodia eta erritmoak bere estilo propioarekin fusionatzeagatik. 1875. urtean konposatutako 5. sinfonia joera horren eredu aitzinetako bat da. Distira handiko Allegro ma non troppo batek irekitzen du, bigarren gaiaren pisua sartu baino lehen klarineteentzat abesti lasai eta arina marrazten duena. Harien goxotasunak eta sakontasunak lagunduta, haizeek luzimendurako aukera ugari izan zuten, hala nola Finalearen handitasunean eta Scherzoaren trio gatzdunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.