Mapan urtuko da Durango

Durangoko 55. Azoka gaur jarriko da martxan, denda digital batekin eta Internet bidez zabalduko duten 100 saiotik gorako kultur eskaintzarekin. Azken urteetako eredu jendetsua osasun larrialdiari aurre egiteko ezarritako neurrietara moldatu behar izan dute, eta horrek ohiz kanpoko irudia utziko du.

Durangoko Azokako bi langile Landako guneko biltokian lanean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
2020ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Bernardo Atxaga idazleak behin baino gehiagotan famatu izan du bere hitzaldietan Liebanako Beatoak 777. urtean ilustratutako munduko mapa. Itsaso zirkular batek inguratuta ageri da bertan munduaz ezagun zutena, eta Egipto eta juduen herria ikus daitezke guztiaren erdigunean. Ardatzean bertan. Handi. Erraldoi. Asia osoa baino zabalago. Eta detaile horrek garden irudikatzen du garaiko mundu ikuspegia; errealitate geografikoa baino zehatzago erakusten baitu kristautasunak mundu hartan zeukan zentraltasuna. Bada, mende erdi pasaz, inongo kapital izan beharrik gabe, Biblian aipamenik izan gabe, eta 30.000 biztanle ingururekin, antzerako zentraltasuna izan du Durangok ere euskal kulturaren mapan. Frankismo betean hasi, eta gaur egunera arte iraun du bertan Durangoko Azokak, eta inoiz baino digitalagoa izango da aurten. Salmahairik gabe, apenas jenderik gabe eta ordenagailu bidez emandako kultur programazio batekin. Diktadura batek lortu ez zuenaren mugan utzi du zita koronabirusak, baina, azkenean, gaur jarriko da martxan, eta hurrengo asteartera eutsiko dio zabalik. Euskal Herri osotik heldutako milaka eta milaka bisitari jaso beharrean, Euskal Herri osoan piztutako milaka pantailatan sakabanatuko da, oraingoan. Eta, neurri batean, horregatik egin diote dei Gerediaga elkarteko kideek azoka urtez urte metatzen joan den zentraltasunari, jendeak bertan erosi ditzan, bestela ere ohiko dendetan erosi edo eska daitezkeen produktuak. Inoizko Durangorik bereziena izango den honen ostean ere, Durangok mapan jarrai dezan. Geografikoa izan beharrik ez duen erdigune horretan.

Pandemiaren eraginez, azokaren webgunetik pasatuko da ia dena aurtengoan: www.durangokoazoka.eus helbidean. Eta hori izango da aurtengo berezitasun nagusia. Bertatik egin ahalko dira erosketak, bertan emango dute kultur programazioa, eta haren bidez hartuko dute parte Euskal Herriko hamaika ikastetxek ere gaurko Ikasle Egunerako prestatutako programazio berezian. Edonon egonda ere, zabaldu leiho hori, eta Durangon egongo zara. Eta, hain zuzen, ezohiko paisaia hori irudikatzeko saiakera egin nahi izan du BERRIAk.

BILGUNE ZENA, BILTOKI

Isiltasuna. Hori izan da antolatzaileen arteko solasaldi informalen mintzagaietako bat aurtengo Durangoko Azokaren nondik norakoak aurkezteko egindako prentsaurreko sortan. Sentsazio hori nagusituko da Landako gunean. Azken urteetan milaka eta milaka kulturzaleren bilgune izan den espazioa biltoki izango baita aurten. Erditik banatu dute eraikina horretarako. 70 ikusle hartzeko moduan izango den telebista plato moduko bat alde batean, aurtengo azokaren karteleko bihotzaren irudiekin; eta liburu eta diskoz betetako mahai errenkada luzeak beste aldean. Argitaletxeka ordenatuta. Denak bistara, nahiz eta inor gutxik ikusi ahal izango dituen bertatik bertara.

Azokaren logotipodun jertsea jantzitako langile sorta bat baino ez da ibiliko haien artean azokak iraun bitartean. Bertatik igorriko dira zuzenean erosleen etxeetara azokaren webgunetik egindako erosketa guztiak, eta langileek pakete eta bidalketa bakarrean bilduko dituzte erosle bakoitzaren produktu guztiak, erositakoak saltzaile bat baino gehiagorenak izanda ere. 45 eurotik gorako erosketek ez dute bidalketa gasturik izango, eta lehen mila erosleek aurtengo karteleko irudia duen poltsa bat ere jasoko dute opari.

Guztira, 2.319 produktuko katalogoa hartuko du Landako guneko biltokiak. Horregatik, saltzaileek izan duten «leialtasuna» nabarmendu dute Gerediaga elkarteko kideek. Haien hitzetan, orain arte Durangon izan diren argitaletxe, diskoetxe eta argitaratzaileen %90 izango baita aurtengoan ere azokan. Guztira, 185 argitaletxe, diskoetxe, kultur erakunde zein auto-ekoizlek eramandako lanekin osatuko dute eskaintza osoa. Eta salgai izango diren produktu horien artean, 852 izango dira aurten argitaratutako nobedadeak. 636 liburu, ehun musika lan, 44 aldizkari eta bestelako 72 produktu.

Azoka fisikoan ezarritako irizpideei eutsi diete azoka digitalerako ere. Nagusiki euskarazko produkzioari egingo zaio lekua, eta «euskal gaia» etiketapean kabitu daitekeenari, bestela, erdaraz diren produktuen kasuan. Horrez gainera, egindako salmenta bakoitzaren %12 jasoko du Gerediaga elkarteak, kudeaketa lanei aurre egiteko. Durangaldeko sortzaileen kasuan, edonola ere, laguntza bereziak izango dituzte sortzaileek.

Babesa eskatu diete antolatzaileek herritarrei, eta erosketak egiteko deia egin zuten, esaterako, denda digitalaren aurkezpen ekitaldian. «Eskuratu euskal kultura, ez dadila azokaren taupada eten, ezta euskal kulturarena ere».

KULTUR PROGRAMA

2007an Ahotsenea martxan jarri zenez geroztik, zuzeneko emanaldiak izan dira Durangoko Azokaren nortasun ikur nagusietako bat. Sortzaileen eta hartzaileen arteko distantzia laburtzeko asmoz jarri zuen programa martxan kulturzale talde batek, eta urtez urte, gero eta pisu handiagoa izan du proposamenak azokaren programan. Hori izan da zortzi guneko antolakuntza eredua ezartzeko oinarrietako bat ere. Eta aurtengoan ere Durangoko Azoka ez da saltoki soil bat izango, eta ehun emanalditik gorako egitaraua diseinatu du Gerediaga elkarteak, azoka osatzen duten guneekin elkarlanean.

Bi agertoki izango ditu programazioak: Plateruena Kafe Antzokia izango da bata, eta Landako gunean eraikitako oholtza izango da bestea. Musika emanaldiak izango dira lehenengoan, eta bigarrenak hartuko ditu literatur aurkezpenak, irekiera eta itxiera ekitaldiak eta bestelako saio batzuk. Durangoko eta mugakide diren herrietako biztanleek aukera izango dute saioak bertatik bertara jarraitzeko, baina sarean ere emango dituzte emanaldiak bertan egon ezin diren guztientzat.

Gerediaga elkarteak jakinarazi duenez, amaitu egin dira jadanik hainbat talderen emanaldiak bertatik bertara ikusteko sarrerak, eta tiketik izan ezean, Durangora ez gerturatzeko deia egin diete herritarrei.

DURANGOZ HARAGO

Etxetik Durangora joaterik ez dutenentzat, Durango eraman diete antolatzaileek etxera. Hori izan da asmoa, behintzat. Bihartik hasi eta hurrengo asteartera arte, kontzertu sorta bat antolatu dute horregatik Euskal Herriko zortzi udalerritako hamar aretotan. 32 musika taldek hartuko dute parte, Zu non, Han DA! izeneko proiektuan. Gasteizen, Donostian, Bilbon, Amurrion (Araba), Ondarroan (Bizkaia), Bermeon (Bizkaia), Azpeitian (Gipuzkoa) eta Atarrabian (Nafarroan) izango dira emanaldiak, eta, besteak beste, Gatibu, Zea Mays, Nogen, Dupla, Sua, Brigade Loco, Amorante, Raitx, Gatom, Kaleko Urdangak, Liher, Ene Kantak eta Joseba Irazoki izango dira oholtzan arituko diren taldeetako batzuk. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ordea, amaituta daude jadanik emanaldi horietako batzuetarako sarrerak ere. Webgunean ikus daiteke programa osoa, eta sarrerarik baden edo ez.

Durangoz harago jo du Ahotsenea guneak ere. Koronabirusaren ondorioz, azoka egunetan antolatu ahalko zuten egitaraua nabarmen murriztuko zela ikusirik, arduradunek beren egitaraua beste hiru ekitalditara zabaltzea erabaki dute. Horregatik, Zarauzko Literaturia jaialdian eta Araba Euskarazen izan ziren, eta aurkeztu berri duten Galdakaoko Sormene programan ere hainbat disko eta liburu aurkezpen eskainiko dituzte abenduaren 19 eta 20an.

DOMINISTIKUAREN ABIADAN

Aurrez ere hamaika itxuraldatze izan ditu Durangoko Azokak, baina kolpean eman behar izan dute bihurgunea oraingoan, pandemiaren eraginez. Martxoan izandako geldialdiak eman zuen lehen abisua, eta hilabetez hilabete joan behar izan dute abenduan martxan jarri asmo zuten azokaren nondik norakoak moldatzen eta egokitzen, unean uneko osasun egoeraren arabera. Gerediaga elkarteak zehaztu du saltzaile, kulturgile eta azokaren antolakuntzaren parte diren guneekin hamaika bilkura eta galdetegi egin dituztela, eta, kontraste saio horien ostean, azkenean, gaur irekiko dutena da antolatzaileek posible ikusi duten azoka bakarra.

Pandemiak kolpean eten du proiektuaren hazkundea. Urte nahasi batzuen ostean, gainditua zirudien jadanik aurrekontuaren inguruko tirabirak —675.450 eurokoa izan zen iaz—, eta ezarri samartuta zegoen urteroko 100.000 bisitariko langa ere. Joan den urtean, 120.000 lagunek bisitatu zuten azoka, esaterako. Osasun larrialdiak, ordea, kolpean eraldatu du egoera.

Eta kezka ere piztu du gaiak, Gerediaga elkarteak eta Siadeco etxeak iaz elkarrekin argitaratutako ikerketen arabera, handia baita Durangoko Azokak euskal kulturgintzaren industrian duen pisua. Bisitariek azokan milioi bat euro gastatzen zutela ondorioztatu zuen azterketak, kasurako, eta urteko fakturazioan azokak duen garrantzia ere aztertu zuten. Eragilez eragile asko aldatzen da kopuru hori, baina, batez beste, urteko salmenten %22koa egiten dute Durangon saltzaileek. Pertsona fisikoen eta autonomoen kasuan, herena baino gehiagokoa da kopuru hori; eta enpresa pribatuenean eta kooperatibenean, berriz, hamarrena.

Horregatik, aurtengo denda digitalak izango duen emaitza ongi aztertu beharko dela azaldu dute Gerediaga elkarteko ordezkariek.

Azalberritze historia luze baten azkena da gaur martxan jarriko den azoka. Frankismoak utzitako zirrikituak baliatuz egin zuten 1965ean lehena Andra Mariko elizpean, eta Fulgencio Coll San Simon Bizkaiko gobernadorearen debekuak hauspotuta eman zuten merkatu plazarako urratsa 1974an. Landako gunean urtero-urtero eraiki eta kentzen zuten karpa batera pasatu zen handik 1996an, eta Landako gunean egonkortu da 2003az geroztik. Egonkortu. Ustez, behintzat.

Etorkizunaz galdetzeko baliatu zuen BERRIA egunkariak, esaterako, 2015. urtean azokaren 50. urteurrena. Antton Mari Aldekoa-Otalora eta Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakari ohia eta egungo lehendakaria batu zituen, eta geroari buruz galdezka bukatu zuten solasaldia. «Hemendik 50 urtera, zer?», galdetu, eta, «bufff», bertigo ufada askatuz eman zuen erantzuna Mujikak. «Ados. Ba, hamar urte barru», berriz galdera. Eta Mujikak orduan erantzuna: «Nik uste dut sendotu behar dugula daukagun eredu hau. Ez dut imajinatzen aldaketa handirik, baina bai imajinatzen dut daukagun hori bera hobeto. Neurri bat ere hartu behar diogu irizpide ganorazko batzuekin. Baina, badakizu, proiekzioak pikutara joaten dira askotan».

Eta, hain zuzen ere, horixe da elkarrizketa hura eduki eta bost urtera gertatu dena. Eta kolpean, gainera. Doministiku baten abiadan, zehazki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.