Donostiako 69. Zinemaldia. Zinemira. KRITIKA

Argi izpi bat

Uxue Arzelus Lasa.
2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
'Pandemic Tour 2020 Belako'

Zuzendaria: Hernan Zin. Herrialdea: Espainia.Iraupena: 77 minutu.

Pandemiak eta konfinamenduak gauza asko eten zituen 2020. urtean. Belako musika taldeak hasi berri zuen mundu bira horietako bat izan zen. New Yorken harrapatu zituen konfinamendu aginduak, eta laster batean Euskal Herrira itzuli ziren, haien bira eta dozenaka kontzertu bertan behera utziz. Etxean igaro genituen hilabete horietan, eta taldea mugimenduan mantentzeko nahiarekin, hainbat bideo, zuzeneko eta esperimentu birtual egin zituzten. Baina jendaurrean jotzeko beharra hor zegoen, eta erokeria bat zirudien proposamena planteatu zuten: drive-in zinemetan egindako kontzertu bira antolatzea.

Esperantzaz beteriko filma da Pandemic Tour 2020 Belako. 2020ko udako errealitate eta murrizpenak oso bestelakoak baziren ere, eta urtebete geroago egoera nolakoa den kontziente izanik, itxaropenez beteriko filma da. Itxaropena kulturan, murrizketa, baldintza eta debekuei aurre egingo dien kulturan; itxaropena jendean, kulturaren beharraz jabetzen diren horietan; eta itxaropena kultura bizimodu dugun horietan, sektoreari ematen zaion tratua iraingarria bada ere, hemen jarraitzen dugulako.

Hernan Zin filmaren zuzendariak zioen Belakoren musikaz maitemindu zela, baina batez ere taldea osatzen duen laukoteaz. Eta ikuslea ere tranpa berean eroriko da. Haien musikaren zale izan edo ez, laukoteak transmititzen duen grina, ilusioa eta umorea argi izpi bat dira kulturarentzat ilunak diren garai hauetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.