Desliluraren gramatika

Koldo Izagirreren filmetan deslilurak duen pisua aztertu du Beñat Sarasola ikerlariak 'Zine' aldizkarian, eta Antxon Ezeizaren hainbat artxibo argitaragabe ere bildu dituzte

Antxon Ezeizak zuzendu zuen Ke arteko egunak filma, eta Koldo Izagirrerekin batera idatzi zuen gidoia. BERRIA.
Inigo Astiz
2022ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
«Deslilura». Kontzeptu hori aipatu du Beñat Sarasola idazle eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak Koldo Izagirreren helduentzako filmografiaren muin-muinean. Ikerlariaren arabera, neurri handi batean Euskal Herriko testuinguru politiko, sozial eta kultural gatazkatsuarekiko harremanean ulertzen baitira argien Izagirrek Antxon Ezeizarekin batera idatzitako Ke arteko egunak (1989) eta, gerora, Izagirrek zuzendu eta Usoa Urbietarekin batera idatzitako Off-eko maitasuna (1992) filmak. Garaiko tentsio horien fruitu eta agerpen dira biak, Sarasolaren hitzetan, baina baita Izagirre idazlearen ibilbidearen hegaldatze pista ere, justu 1992. urte inguruan erabaki baitzuen Izagirrek literaturan erabat murgiltzea. Donostiako Zinemaldiak argitaratutako Zine aldizkariaren hirugarren zenbakian eman du argitara ikerketa Sarasolak,eta, horrez gainera, orain arte argitaratu gabeak ziren Antxon Ezeizaren artxibo pertsonaleko hainbat lan ere badakartza aldizkariak.

Sarasolak gogoratzen duenez, hasi, animazioarekin hasi zuen Izagirrek zinemagintzako ibilbidea. Ekialdeko izarra izeneko film laburrarekin, zehazki. 1977. urtean. Juanba Berasategik zuzendu zuen pelikula hura, eta Izagirrek idatzi zuen gidoia. Ibilbide oparoa egingo zuten gerora biek ala biek genero horretan, eta euskarazko animazioaren «aitzindari» izan zirela nabarmendu du ikerlariak artikuluan. Edonola ere, Izagirrek helduentzako sortutako ez-animaziozko bi filmak dira Sarasolak bere artikuluan ikertutakoak.

Antxon Ezeizaren eskutik hasi zuen bide hori Izagirrek. Sarasolak testuan gogoratzen duenez, Ezeizaren arabera, baldintza jakin batzuk betetzen zituzten filmak bakarrik sartzen baitzituen hark Euskal Zinema Nazionala deitzen zuenaren barruan. Estetika propioa eduki behar zuten, eduki politiko batzuen zerbitzura egon behar zuten, eta, ezinbestean, euskaraz izan behar zuten. Eta, hain zuzen, azken puntu horrek batu zituen Ezeizaren eta Izagirreren ibilbideak. Ezeizak ez zekielako euskaraz, eta, beraz, Izagirre izan baitzen «arazo» hori gainditzeko «pertsona klabea», Sarasolaren hitzetan. «Izagirre izan zen 80ko hamarkadan Ezeizaren eskuineko eskua gidoietan, eta haien arteko elkarlanak urteetan iraun zuen».

Jasotako erantzuna ez zen bereziki beroa izan, ordea.

Idazle ofiziorako jauzia

Ke arteko egunak pelikulak kritikari batzuen artean izandako harrera ona aipatzen du Sarasolak bere artikuluan, baina, dioenez, Ezeizaren ibilbide politikoaren eraginez, beste zenbaitek berez zegokion baino gehiago «puztu» zuten filmaren alde politikoa. Eta are okerragoa izan zen erantzuna Off-eko maitasuna filmarekin. Artikuluak gogoratzen duenez, «bereziki gogorrak» izan ziren, esaterako, Egin egunkarian, justu estreinatu aurreko egunean, Mikel Insausti kritikariak idatzitako hitzak. «Off-eko maitasuna-k, nahi gabe, film bat nola ez den egin behar bikainki erakusten du».

Sarasolak iradokitzen duenez, giro politiko gatazkatsuak ere izan zuen eraginik Izagirrek zuzendutako film horren harrera hotzean, baina, edonola ere, gogoratzen duenez, kolpe horrek bultzatu zuen Izagirre literaturan zentratzera. Idazleak berak Bostidazle Hasier Etxeberriarekin berbetan elkarrizketa liburuan esandakoak biltzen ditu ikerlariak horren frogatzat. «Zorioneko izan dadila munduko pelikula txarrena egin nuen eguna». Eta Etxeberriak galdetuta azaldu zuen zergatia gero Izagirrek. «Horrek bultza ninduelako idaztearena era guztiz profesional eta independente moduan hartzera».

Euskal paradoxa

Sarasolaren hitzetan, giro orokorragoaren parte zen Izagirrek idatzi eta zuzendutako lanei darien deslilura. Eta, hain justu horregatik doaz nahastuta kontu artistikoak eta testuinguru politiko, sozial eta kulturalari buruzko gogoetak artikuluko azken ondorioan ere. «[Euskal Herrian] Gar iraultzaileak Espainiar Estatuko gainontzeko herrialdeetan baino gehiago iraun bazuen ere, luze gabe deslilura politikoa hedatuz joan zen baita mugimendu militanteetan ere. Sentipen horrek, baina, ekinbide armatu baten ekinbidearen paraleloan jarraituko du (2011 arte), eta paradoxa batera eramango: alde batetik, normalizazio politikorako prozesu ustez geldiezin bat; bestetik, estrategia militar bortitz bat, zeina jatorriz iraultzailea zen baina pixkanaka higatze-estrategia batera lerratuko zen, gizartearen gehiengoaren begietan garaiz kanpokotzat jo arren. Ibilbide horretan ekoizten diren hainbat lanek, bada, hainbat ertz politiko ukitzen dituzte, desliluraren gramatika ezberdin bat proposatuz».

Bestalde, Antxon Ezeizari eskainitako dosier bat ere badakar Zine aldizkariaren hirugarren zenbakiak. Ikerketak zinemagilearen hainbat artxibo pertsonal ditu oinarri, sekula argitaratu gabeak, eta Maialen Beloki Zinemaldiko zuzendariordeak eta Irati Crespo ikerlariek koordinatu dute lana.

Aldizkaria osorik irakur daiteke jada Interneten, baina urrian egingo dute jendaurreko aurkezpena, Donostiako Tabakaleran. Sarasolak eta Belokik hitza hartuko dute, eta Ke arteko egunak filma ere proiektatuko dute ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.