Kolonbia. Bake akordioek bost urte. Eliecer Caceres. Buruzagi soziala

«Bakearen protagonista izan nahi dute komunitateek»

Caceresek uste du «Alvaro Uriberen txotxongiloa» dela Duqueren gobernua, eta ohartarazi du bake akordioak hondoratzea dela haren helburu bakarra.

BERRIA.
arantxa elizegi egilegor
2021eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Irailaren amaieratik Espainian bizi da Eliecer Caceres (Arauca, Kolonbia, 1980), Aragoiko Gobernuaren Aragon Protege programari esker. Komunikatzaile eta buruzagi soziala izanik, urteetan jasan behar izan ditu mehatxuak eta jazarpena, baina egoerak okerrera egin du azken hilabeteetan.

Zerk bultzatu zintuen Kolonbiatik ihes egitera?

Urte asko egin ditut mehatxatuta eta jazarrita, eta ez naiz bakarra izan, Kolonbian edozein gizarte eragile baitago arriskuan. Ez dago arrazoi bat jazarria izateko: nahikoa da agintariek zure lurrak nahi izatea, edo zuk zure bizitza babesteko ahalegina egitea, edo hezkuntza eskubidea aldarrikatzea, besteak beste. Oraintxe kanpaina bat egiten ari gara eskatzeko ez ditzatela kriminalizatu protesta sozialak, eta ez ditzatela militarizatu gure lurrak.

Aldatu da testuingurua 2016an bake akordioa sinatu zutenetik?

Egiaz, ezer gutxi. Bada oraindik itxaropenik benetako bake bat lortzeko. Bake horrek herria izan behar du oinarri. Komunitateak aspertuta daude inork ez dielako galdetu zer nahi duten, eta erabakiak beste batzuek hartzen dituztelako. Benetako bake baten protagonista izan nahi dute komunitateek.

Nazioartean horrenbeste aipatzen den bakeak ez du balio izan, [Kolonbiako presidente] Ivan Duqueren gobernua [presidente ohi] Alvaro Uriberen txotxongilo bat delako. Hark zapaldu egin du bake prozesua. Akordioak sinatu eta lehen bi urteetan baretu egin zen lurraldeetako egoera; gutxitu egin ziren hilketak, desplazatuak, sarraskiak, desagertzeak... Baina gobernu faxista hau heldu denetik 1.280 buruzagi sozial hil dituzte: besteak beste, bake akordioak onartu zituzten 290 gerrillari ohi; ehunka ekintzaile epaitu eta espetxeratu dituzte, eta dozenaka sarraski egin. Choco eskualdean, adibidez, milaka lagunek utzi behar izan dute beren etxea paramilitarrengandik eta droga trafikatzaileengandik ihesi.

Zer urrats egin beharko litzateke komunitateek bilatzen duten bake hori eraikitzeko?

Beharrezkoa da nazio osoko eztabaida bat egitea, bakerako agenda sozial bat adosteko eta gizarte zibilaren parte hartzea bermatzeko. Kolonbiako gatazka sozialaren irtenbideak negoziatu behar dituzte. Baina, tamalez, azken bost urteotan ez da halakorik egin, alderantziz baizik: gatazka okerragotu egin da, eta indarkeria hirietara heldu da, baina nekazaritza eremuetan ere bere horretan jarraitzen du.

Hitzarmenetan jasotako 502 puntuetatik soilik hirutan egin dituzte urratsak: gerrillariak gizarteratzeko bidean, baina modu mugatuan ehunka gerrillari ohi hil dituzte; bakerako justizia bereziak, berriz, egia bilatzea zuen helburu, eta datozen asteetan aurkeztuko dituzte azken ondorioak; nolabaiteko urratsak egin dira lurralde garapenerako egitasmoetan ere, baina oso motel doaz alor horretan ere.

Garapenarekin batera, akordioetako puntu nagusietako bat lurren banaketa da.

Bai. Kapitalismoak eskubide asko urratu ditu; besteak beste, jateko eskubidea. Politika neokolonialez gosetera kondenatu dituzte Kolonbia eta gisako beste herrialde zapalduak; horietan lehentasuna ematen zaie industria handiei, giza kontsumorako ekoizten duten nekazari txikien aurrean. Politika neoliberalek bultzatzen duten nekazaritza industria hau elikatzeko, enpresa handiak lurrez, urez eta jakintza tradizionalaz jabetu dira. Bitartean, badira milioika nekazari lur eremu txikiak dituztenak baina gobernuak aitortu ez dizkienak, edo urteetan lur jakin batzuk landu dituztenak, baina haien jabe izan gabe, eta esku hutsik geratu direnak. Badira lur jabe zirenak ere, baina gatazkaren ondorioz ihes egin eta lurrik gabe geratu direnak. Arlo horretan egin zen ahalegin bat nekazaria eskubidedun subjektu gisa aitortua izan zedin, baina Duqueren alderdiak atzera bota zuen. Ondorioz, nekazariak hiltzen dituzte, lurrak kentzen dizkiete eta haiek desplazatzen jarraitzen dute.

Inork ikertzen ditu eraso horiek?

Ez. Zenbaitetan disidenteek edo paramilitarrek hartzen dituzte beren gain, baina orokorrean ez dira ikertzen, eta ez da inoiz jakiten nork hiltzen dituen. Oso kezkagarria da gertatzen ari dena. Hor dago, adibidez, greba nazionalean parte hartu zuten 60 gazteekin gertatutakoa. Protestan ari zirela desagertu ziren, eta handik hainbat egunetara agertu ziren haien gorpuak bide bazter eta erreka sakonetan, baina inork ez du hitzik esan gertatutakoaz. Gobernu nazionala gerra zikina baliatzen ari da komunitateak eta gazteak isilarazteko.

Askok diote arazo nagusia dela gobernuak ez duela bere gain hartu FARCen kontrolpean zeuden lurraldeetako segurtasuna.

Hala da, bai. Kasu gehienetan talde armatuen eta droga trafikatzaileen esku geratu dira eremu horiek. Baina mugimendu horren atzean arrazoi argi bat dago, eta zera da, lurralde horietako asko beste herrialde batzuekin mugan daudela, eta inguru horietan badaudela droga pasatzeko korridoreak, eta pasabide horiek kontrolpean izatea da talde paramilitar horien helburua. Droga trafikatzaileen taldeek kanporatu egiten dituzte koka landatzeari uko egiten dieten nekazariak, eta haien lurrak baliatzen dituzte. Hori guztia Duqueren gobernuaren konplizitatearekin gertatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.