Hedabideek argitaratutakoa baino ez dakiela azaldu du Marta Aldanondok, Arabako Salhaketako kideak. Zaballako espetxean atzo zendutako presoaren familiari «informazio guztia» emateko eskatu du.
Ez da Zaballako espetxean hil den lehen presoa. 2020an gutxienez sei preso hil ziren.
Gertatutakoa iker dezatela eskatzen dugu, eta baliabideak jar ditzatela berriro gerta ez dadin. Kartzeletan ez dago langile nahikorik suizidioaren prebentziorako protokoloak osorik martxan jartzeko. Psikologoak eta gizarte langileak falta dira. Espetxeetan jendea beti kexatzen da. Gainera, Zaballako espetxean presoen %75ek dituzte buru osasuneko arazoak. Gure ustez, preso guztiek egon beharko lukete suizidioaren prebentziorako programaren barruan.
Izan ere, hildako presoa ez zegoen programa horretan, Eusko Jaurlaritzak esan duenez. Zeintzuk dira haren parte izateko irizpideak?
Dakigula, Eusko Jaurlaritzaren protokoloak ez dira publikoak. [Espainiako] Estatu mailan, Espainiako Espetxe Erakundeak suizidioa prebenitzeko protokolo bat argitaratuta dauka. Ez dakigu irizpide berak mantendu ote dituzten. Suizidioak prebenitzeko programak [Espainiakoak] zenbait delitu ditu begiz joak; bereziki, genero indarkeria, bikotekidea edo seme-alabak hil izana. Kontuan hartzen dituzte elementu horiek, eta lehenago ahaleginik izan ote den, baita psikiatrek zerbait detektatu badute ere.
Marta Aldanondo. Arabako Salhaketa
«Ez dago langile nahikorik protokoloak osorik martxan jartzeko»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu