Tere Maldonado.
Prostituzioa Euskal Herrian. Eztabaida feminismoan. IRITZIA

Prostituzioaren auzia feminismoan

2016ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Prostituzioari buruzko eztabaidan, feministok ustez zatituta gaude, bateraezinak diren bi poloren artean: erregulazioa eta abolizioa. Azkenaldian, baina, sumatu eta egiaztatu ahal izan dut feminista batzuk baino ez daudela muturreko bi posizio bateraezin horietan; hau da, gai honen inguruan feministek kolore askotako iritziak ditugu, zuri ala beltz ikuspegi sinplistatik urrun.

Nik neuk trabak eta bertuteak ikusten dizkiet bi posizioei. Neure burua erregulazionistatzat dut, baina segur aski hizkuntza txarto erabilita, adierazi nahi dudalako ez dudala uste prostituzioa debekatu edo jazarri beharko litzatekeenik, prostituzioan diharduten pertsonek beste edozeinen eskubide berberak izan beharko lituzketela, eta segurtasun berme guztiez jardun beharko luketela. Dena den, Beatriz Gimenok erabiltzen duen terminologian, ni prostituzioaren aurkakoa nintzateke, ez dudalako pentsatzen lanbide arrunt bat soilik denik, nahiz eta ez dudan eragozpenik prostituzioan nahi dutelako dihardutenen aurrean.

Feminismoaren barruan adostasunak bila daitezke, batzuek eta besteek diotena ez delako beti erabat kontrajarria, baina desadostasunak agerian daude.

Prostituzioaren «aldekoek» ikuspegi sinkroniko, atenporal eta ahistorikoa nabarmendu ohi dute: aseptikoki definitzen dute prostituzioa, ordaindutako sexu zerbitzuen eskaintza gisa, izan (bio)gizonak, (bio)emakumeak edo transak jarduten direnak. Teorian, edozeinek eska ditzake sexu zerbitzuak diru truke, baina kontua da gizonek (gizon batzuek) egiten dutela. Prostituzioa historia daukan instituzio bat da —Nietzschek zioenez, historia daukanak ez du definiziorik—. Eta bilakaera hori aztertuz gero, zailagoa da ordainpeko sexu zerbitzuez hitz egitea sexu-generoari erreparatu gabe. Historikoki, eta egun ere bai, andreek eskaini dituzte sexu zerbitzuak, eta gizonak izan dira bezero. Hori ezin da hutsalkeria izan feministentzat: ezin da minimizatu.

Prostituzioaren «kontrakoekin», aldiz, paradoxa handi bat gertatzen ari da. Emakumeak beren bizitzen protagonista bihurtu eta subjektu aktibo gisa hitza hartu izana da feminismoaren arrakastetako bat. Hortaz, ezin dugu aintzakotzat ez hartu prostitutek (edo haietako batzuek) antolatu eta hitza hartu izana, feministok mendeetan emakume guztientzat aldarrikatutako eskubideak haientzat ere aldarrikatzeko. Horregatik ez zait egokia iruditzen sistematikoki «emakume prostituituez» hitz egitea —abolizionistek egiten duten bezala—, eta hala, prostitutak pasibo bihurtzea, subjektu izaera kentzea.

Prostitutek euren eskubideak galdegiten badituzte, guk sostengatu egin behar ditugu. Baina eskubide batzuk onartzeak ez du esan nahi egitate bat aztertzeari utzi behar diogunik. Emakume batzuek jarraitzen dute senar on baten bila, familia patriarkal bat sortzeko, eta ez goaz etxez etxe andre horiei esatera zein oker dauden, baina segitzen dugu familia patriarkala aztertzen, emakumeak mendekotasunean sozializatzen dituen erakundea den aldetik. Prostituzioarekin berdin egin behar dugu: dena merkantilizatzen duen kapitalismoaren altzoan instituzio patriarkal hori hartzen ari den forma berriak jorratu behar ditugu feministok. Baina lasaitasunez, eta betirako haserretu gabe. Mesedez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.