Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Sasoi betean iritsiko dira

Alex Aranburuk eta Oscar Rodriguezek denboraldiko lan ona biribildu nahi dute Espainiako Vueltan, bihartik aurrera. Etaparen bat ehizatzen saiatuko dira, «presiorik gabe», eta «ilusioz». World Tourrean ariko dira biak datorren urtean.

Alex Aranburu eta Oscar Rodriguez. SANTI OTERO / EFE - LUIS ANGEL GOMEZ / PHOTO GOMEZ SPORT.
enaut agirrebengoa
2019ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Bihar hasiko da Espainiako Vueltaren 74. aldia, Torrevellan (Herrialde Katalanak) eta han izango dira Euskadi-Murias eta Caja Rural. Bigarrenez ariko da bata, eta zortzigarrenez bestea. Eta helburu bera izango dute biek: ihesaldietan zeresana ematea eta, ahal dela, etaparen bat irabaztea. Zortziko orekatuak eta lehiakorrak osatu dituzte horretarako, igotzaile on eta errematatzaile azkarrekin. Muriasek Oscar Rodriguez (Burlata, Nafarroa, 1995) izango du taldeburu. Iaz garaipen handia lortu zuen Camperonan, eta itxaropen handiak piztu ditu aurtengo Vueltari begira. Caja Ruralen, berriz, Alex Aranburuk (Ezkio, Gipuzkoa, 1995) du distira egiteko aukera gehien. Nafarroako taldeak zazpi urte luze daramatza Vueltan etaparik irabazi gabe, eta lehorteari amaiera ematen saiatuko da ezkiotarra.

Ilusio eta konfiantza handia dute Rodriguezek eta Aranburuk. Biak ere ondo erakutsi zuten iragan astean, Burgosko Itzulian. Batak bigarren postua lortu zuen sailkapen nagusian, eta bigarren izan zen etaparik gogorrenean; besteak, berriz, laugarren etapa irabazi zuen, aurrenekoan garaipenak oso gutxirengatik ihes egin ostean. Emaitza horiek «lasaitasuna» eman diete biei. Rodriguezek ez zuen espero Vueltaren atarian halako errendimendua izaterik, eta «erabat harrituta» gelditu da. «Ez dut intentsitatezko saiorik egin altuerako lan saioetan, eta horregatik da harrigarria horren ongi aritu izana». Aranburuk, berriz, taldearen jarduna azpimarratu du. «Oso lan ona egin dugu talde moduan, eta, horri esker, bi etapa irabazi ditugu; bat nik, eta bestea Jon Aberasturik. Bide horretatik jarraitu behar dugu».

Bigarren Vuelta izango dute biek, eta, alde horretatik, esperientziaren balioa aipatu du gipuzkoarrak. «Iaz oso urduri iritsi nintzen, nire lehen itzuli handia izanik. Orain, ordea, badakit nolakoak diren gauzak, eta horrek beste sosegu bat ematen dizu». Eskarmentuaz landa, sasoi osoko emaitzen bermea ere badute. Izan ere, aurrerapauso nabarmena eman dute. Aranburuk okerreko hankarekin hasi zuen urtea, belauneko lesio baten erruz. Alabaina, behin pedal kolpe egokia hartuta, emaitza on ugari lortu du; tartean, bi garaipen —Madrilgo eta Burgosko itzulietan— eta hiru bigarren postu —Alpeetako Itzulian, Getxoko Zirkuituan eta Burgosen—. Onena oraindik etortzeko omen dago. «Denbora pasatu ahala, geroz eta sentipen hobeak ari naiz izaten. Oraindik beste puntu bat gehiago har dezakedala uste dut».

Rodriguezek, berriz, uste du «oinarri sendoagoarekin» helduko dela aurtengo Vueltara. «Iaz errebotez iritsi nintzen, eta ezin izan nuen bete-betean prestatu. Aurten, ordea, prestakuntza guztia Vueltari begira egin dut». Postu onak lortu ditu Murtziako, Andaluziako, Asturiasko eta Okzitaniako itzulietan, eta zer esanik ez, Burgoskoan. Haatik, badaki «oso zaila» izango dela iaz Camperonan gora egindako balentria errepikatzea. «Sasoi guztian oraindik ez dut etaparik irabazi. Beraz, zaila da aurrenekoa itzuli handi batean lortzea». «Presio pixka bat» duela aitortu du. «Kalean jendeak asko animatzen zaitu, eta hori asko eskertzen dut, baina, sare sozialetan, anonimotasunetik, jendeak gauza asko eskatzen dizkizu. Iruzkin horietatik urruntzen hartzen saiatzen naiz. Oinak lurrean izan nahi ditut».

Ibilbide «aproposa»

Gauzak hala, Rodriguezek ez du sailkapen nagusiari zeharka begiratzeko tentaziorik. Buru-belarri jardun nahi du etapa ehizan, beste ezertan pentsatu gabe. «Hobe dut indarrak helburu bakarrean jarri. Eta, gaur egun, beste etapa garaipen bat lortzea da xederik zentzuzkoena». Aurten gazteen sailkapena jokatuko da aurrenekoz, baina nafarrak ez du maillot zuriarekin itsutzeko asmorik. «Ziklista oso onak egongo dira sailkapen horretan. Adibidez, Tadej Pogacar. Lehiatu behar badut, aurrera, baina ez da helburu nagusia, inondik inora».

Aranburu ere sartuko da sailkapen horretan, 25 urtez azpiko gainontzeko ziklistak bezala, baina ez dio erreparatuko. «Bestelako helburuak ditut buruan: ihesaldiak borrokatzea, nire buruaren berri ematea, garaipenen batekin amestea...». Burgosen (Espainia) errematatzailerik onenen artean egon zen, maldan gora esprint indartsuak eginda. Ordea, Vueltan estrategia aldatu beharko du. «Oso zaila izango da tropelean errematatzea, goi mailako ziklistak egongo baitira bertan. Hortaz, batik bat ihesaldietan jorratuko ditut nire aukerak».

Ibilbideari dagokionez, euren ezaugarrietara ondo egokitzen dela uste dute biek. Rodriguezen aburuz, «iazkoa baino apur bat gogorragoa» da. Nafarrak zenbait igoera ditu begiz jota. «Ondo molda naiteke Acebon, Machucosen, Mas de la Costan eta Cubillan. Zaila izango da, baina horietan distira egiten saiatuko naiz». Aranburu, berriz, etapa gorabeheratsu eta bihurrietan saiatuko da. Halakoak dira Euskal Herrian korrituko diren biak. «Aukerakoak dira guretzat. Ihesaldia garesti egongo da, baina inork ez du izango guk baino gogo gehiago».

Urratsa egiteko “prest—

Iragarle izateko eskatuta, Rodriguezek Movistarreko liderrak ikusten ditu lasterketa irabazteko faborito nagusi bezala. «Dena oso berdinduta ikusten dut. Ez da punta-puntako izar asko ariko, baina hor daude Quintana, Valverde... Talde oso indartsua du Movistarrek, eta haiek dira faboritoak». Aranburuk, berriz, ez luke jakingo hautagai nagusi bat aukeratzen. «Talde oso indartsuak daude, eta denek dute lider on bat. Edozein ikusten dut irabazteko gai. Erlojupekoetan eta lehen asteko mendietan ikusiko da nola dagoen bakoitza, eta, ohi bezala, azken etapetan erabakiko da dena».

Ziurrenik, datorren urtean «talde indartsu» horietakoren batean ariko dira Aranburu eta Rodriguez. Astanarekin lotzen dituzten zurrumurruez galdetuta, biek diote behin betiko erabakirik ez dutela hartu oraindik. Hori bai, garbi dute World Tourrean ariko direla, azken urteetan izaniko garapenari jarraipena emanez. Aranburuk 2016an egin zuen debuta profesional gisa, Euskadi-Muriasen eskutik, eta azken hiru urteak Caja Ruralen eman ditu. Iaz lortu zuen estreinako garaipena, Getxon (Bizkaia), eta aurten beste bi ale gehitu dizkio bildumari. Rodriguezek garaipen bakarra du, baina ez da edonolakoa. Izan ere, oso gutxiren esku dago profesional bihurtu eta urtebetera Vueltan etapa bat irabaztea.

Gorengo mailara egingo dute jauzi datorren denboraldian. Handia da erronka, baina bere burua «prest» dakusa Aranburuk. Rodriguezek, aitzitik, ez ditu gauzak gehiegi aurreratu nahi. «Lehen gauza Vueltan txukun aritzea da. Eta, gero, oporrez gozatuko dut, badugu-eta beharra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.