Dena aldatuz doa, egunen izaera ere bai: asteburuen zentzua, eta zer esanik ez astelehenena. Atzean utzi nahi den bizitzaren gainbehera izaten ari dira azkenaldian asteburuak. Askatasun neurtuaren itolarria arintzeko egunak, berriz, astelehenak: hasiera berri bat irudikatzeko aukera. Lanera joan behar izatearen astungarria arinago egiten da, egun hori aurrekoaren ezberdina izateko modua baitu, hala nahi duenak. Udaren atarian, gainera. Ezin kexa, egun okerragoak izan dira eta.
Baina kexu eta eztabaida ariketa osasuntsuak galduz doaz bidean, gauzak horrela direlako besterik gabe egin beharraren diskurtsoak lekua hartzen duen heinean. Mundua deskubritzen ari den nerabeari esaten zaion esaldia gailentzen ari da: «Hala egin behar da, nik hala diodalako». Baina ezberdintasuna da nerabeak errebelatzeko daukan joerarik ez dagoela besteon artean.
Astelehenean bigarren fasean sartuko da Hego Euskal Herria. Atzo esan zuen Madrilek, eta egunotan emango dituzte ñabardurak gurean, Jaurlaritzak batez ere: fase hau ere kamuflatua izango den, edo ez. Baina agindutakoak kontraesan handiena bere gain izanda ere, astelehena itxaropenez etorriko da, halabeharrez.

HIZPIDEAK
Astelehena, astea ondo hasteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu