Jardunaldi ia biribila

Athleticek bolada txarra eten du, Granadillaren zelaian 0-2 irabazita. Realak puntu ona lortu du, Atletico Madrilen zelaian bana berdinduta

Athleticeko jokalariak, Granadillaren aurkako partidako lehen gola ospatzen, atzo, Santa Cruz de Tenerifen. ATHLETIC.
Julen Etxeberria.
2022ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Gutxigatik ez zen jardunaldi biribila izan atzokoa Espainiako Lehen Mailako euskal taldeentzat. Athleticek irabazi egin zuen Santa Cruz de Tenerifen (Espainia), Granadillaren aurka: 0-2. Realak, berriz, bana berdindu zuen Atletico Madrilen aurka, Alcala de Henaresen (Espainia).

Garaipenari esker, Iraia Iturregik entrenatutako taldeak eten egin du bolada txarra: irabazi egin zuen aurreneko partida, baina bost jardunaldi zeramatzan irabazi gabe, eta lautan galdu egin zuen. Hilabete eta erdiren ostean lortu du kolpe batez hiru puntuak lortzea. Horri esker, gora egin du sailkapenean: 11. postuan dago orain, zazpi punturekin.

Zelai zailean suspertu da: inoiz ez zuen bertan irabazi. Premia gehien zuenean lortu du, eta nagusitasunez, aurkaria baino gehiago izanda: Maria Estellak bere atean sartu zuen lehen gola, 20. minutuan, eta Oihane Valdezatek erabakia utzi zuen lehia, 82.ean bigarrena sartuta. Zuri-gorriek kontrolpean izan zuten partida.

Realak, berriz, sari txikiagoa lortu zuen. Baina baliotsua da puntua, Atletico Madril aurkari zuzena baita bigarrenez jarraian Txapeldunen Ligarako sailkatzeko lehian. Natalia Arroyok zuzendutako taldeak aukera izan zuen irabazteko. Nerea Eizagirrek aurretik jarri zituen txuri-urdinak, 51. minutuan penaltiz gola sartuta. Baina Sheila Garciak berdindu egin zuen 78.ean. Txuri-urdinek ez dute oraindik galdu ligan: hiru partida irabazi dituzte, eta lau berdindu. Bosgarren postuan daude, hamahiru punturekin.

Alavesek, berriz, gaur jokatuko du, Valentzian (Herrialde Katalanak), Levanteren aurka (19:00, Dazn). Raul Jaenek zuzenduko du taldea, klubak Mikel Crespo kargutik kendu eta gero. Taldeak suspertzea du helburu —puntu bakarra lortu du—, baina ez dirudi gaurkoa aukera aproposena denik bolada txarra eteteko, Levante aurkari indartsua baita: seigarren postuan dago, 11 punturekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.