Onintza Enbeita. Telebistako aurkezlea

«Telebista bertikala asmatzen dutenean, geu ere argal agertuko gara»

'Hauxa2' saioa egiten dabil bertsolari eta kongresukide ohia. Ana Goitiarekin batera, elikaduraz, edertasunaz, bizitzaz, honetaz eta hartaz hausnartzen du bidean topatzen dituen pertsonekin.

Edu Lartzanguren.
2018ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Onintza Enbeita (Muxika, Bizkaia, 1979) plazetan hasi zen jendaurrean, Espainiako Kongresuan diputatua izan zen gero, eta, orain, telebistan dabil, Hauxa2 saioa aurkezten.

Bertsolaria, diputatua eta telebistako aurkezlea. Beti ikuskizunaren munduan ibili behar duzu?

Hori galdetzen diot nik batzuetan neure buruari: «Onintza, egiten duzun guztia publikoari begira egin behar duzu?». Bakarrik nagoenean, izua sortzen dit horrek, baina, oraingoz, horrela suertatu da, eta gozatzen ere saiatzen naiz. Alde onak eta txarrak ditu: publikoak maitasun asko ematen dizu, baina epaitua izateko arriskua ere hor dago beti.

Baina zure pertsonaia publikoaren indar nagusia ez al da, hain zuzen ere, ez diola beldurrik erakusten epaitua izateari?

Hori ikasi egiten da, eta bertsolaritzak zeozer irakatsi badit hauxe da, neurri handi batean: emakumeok egiten duguna egiten dugula, beti epaituko gaituzte plaza publikoa hartzera ausartzen bagara. Orduan saiatzen naiz zenbat kritika aintzat hartzen, eta, beste zeinbat gauzari saiatzen naiz kasurik ez egiten. Hari horretan mugitzen zara beti.

Gure kasa saioan hasi zen oraingo Hauxa2 horren ernamuina. Horren ongi konpondu zinen Ana Goitiarekin?

Elkarrizketatu gisa joan nintzen Gure Kasa-ra, eta hor egon nintzen Ana Goitiarekin, grabaketa hasi aurretik, hainbat gauzataz hizketan. Handik egun batzuetara, Anak deitu zidan, nirekin zerbait egin nahi zuela esanez. Hortik sortu zen ideia. Hauxa2 jarri genion, Lekeition [Bizkaia] horrela esaten delako hau parea!

Telebistan, normalean, aurkezle bikoteak osatzerakoan kontrastea bilatzen dute, horrek jokoa emango duelakoan. Zuen kasuan, antzak sortzen du dinamika?

Ondo jabetzen gara gu ez gaudela gaurko telebistaren ohiko parametroen barruan. Telebistan ikusten diren gorputzak bestelakoak dira. Eta ez gara ohiko mutil eta neska bikotea, graziosoa eta serioa... Ana eta biok ikusleek uste duten baino askoz ezberdinagoak gara, ziurrenera, baina telebistak irudikatzen du antzerako emakumeak garela: naturaltasun handiko emakume bi, gorputz normatiboetatik pixka bat aldenduta daudenak, eta esateko dutena esateko beldurrik ez daukatenak. Telebistak gehiagotan egin beharko luke pertsona ezberdinen aldeko apustua.

Edertasunaz eta elikaduraz aritu zarete saioan. Baina perspektiba ezberdina eman nahi duzue horretaz?

Elikaduraren gaiarekin ehun kiloko bi emakume jartzen badituzu aurkezten, ematen du argaltzearen ingurukoa izan behar duela saioak. Beti esaten dugu elikadura osasungarriak eta gorputzaren formak ez duela zertan izan zerikusi zuzena. Jendea etortzen zaigu esanez: «telebistan lodiagoak ematen duzue». Barreka hasten gara, zeren eta gu, telebistatik kanpo ere, potoloak gara. Telebista bertikala asmatzen dutenean, geu ere argalago agertuko gara. Hala esaten diegu. Edertasunaren gaiaz ere hausnartu nahi dugu, nork erabakitzen duen zein den ederra eta zein ez... Bozgorailu bat dugu horretarako, eta aprobetxatu behar dugu.

Saioan ezagutu duzun jendearen artean, nork txunditu zaitu?

Hunkigarria izan da emakume itsu batekin egin dugun elkarrizketa, haren jarreragatik. Uste baduzue dena ikusi duzuela, itxaron. Zeren eta Ana eta biok oraindik kirolean hasi behar dugu, ehun kiloko harriak jaso, eta ospea burura igoko zaigu... Sekulakoak gertatuko zaizkigu oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.