Albistea entzun

Laufey 'Everything I Know About Love'

Glamour popularra

Diskoetxea: AWAL Recordings.

Julen Azpitarte -

2023ko urtarrilak 29

Islandian jaioa, herrialde horretan eta Washington DC-n hazi da Laufey (Laufey Lin Jonsdottir, 1999). Bere ama biolin jotzailea da, eta bere aitona-amonak Pekingo Kontserbatorioko irakasleak izan dira. Musika klasikoa ikasi du, bereziki pianoa eta biolontxeloa, eta, 15 urte zituela, Islandiako Orkestra Sinfonikoan hasi zen jotzen. Heziketa klasiko hori, baina, irauli egin zitzaion aitaren disko bildumaren bidez jazza ezagutu zuenean, tartean, Billie Holiday eta Ella Fitzgerald —azken horrekin erabat maiteminduta omen dago—. 2021ean, Tipicalof izenburukoa EPa argitaratu zuen, eta zerrendetako lehen postuetara iritsi zen Islandian. Egun, 23 urte ditu, Kalifornian bizi da, eta jazz jaialdi handienetan parte hartzen du. Horretaz gainera, BBCn saio bat aurkezten du.

Aurrekari horiek aintzat hartuta, argi dago musikariaren lehen lan luze hau, Everything I Know About Love, ez dela edonolako huskeria. Musika popularraren eta klasikoaren arteko uztartze ezti eta barnekoa da, zeina jazz bokalaren eta kamerako poparen artean kokatzen den, bestelako estiloei bizkarrik eman gabe, hala nola bossa nova eta AEBetako kantutegi klasikoa. Horiek horrela, diskoari vintage kutsua dario, baina, aldi berean, orainean sakon errotuta dago. Diskoaren izenburua ematen dion kantua da horren adierazle, non ekoizpen garaikidea soka konponketekin kiribiltzen den, erritmoz eta lirikaz osatutako kantua sortzeko.

Laufeyk, halaber, estilo batetik bestera salto egiteko gaitasun aparta dauka. Hala, bat-batean, Sergio Mendes musikari brasildarraren Brasil `65 taldean jo zuen Wanda musikariaren azalean sartu, eta bossa nova giroetan bustitako Falling Behind epel eta eguzkitsua eskaintzen digu, zeina grabazioa zabaltzen duen Fragile doinuarekin pareka daitekeen, horrek ere bossa irrikak haizatzen baititu. Islandiarrak, gainera, bi kantu horietan, jazz zertzelada sotilak eransteko ahalmena erakusten du, batez ere bere ahots ahaltsuari eta abesteko abileziari esker. Hala, jazzez eta bossaz girotutako hondartza eguzkitsu batean dagoela pentsa lezake entzuleak.

Jazz zaharraren eragina nabarmena da Dance With You Tonight jostalarian, baina Laufey jazzean ez ezik, orkestra handien konpainian ere bikain moldatzen da, Dear Soulmate eta What Love Will Do to You doinuak, kasu. Balada itxurako abesti malenkoniatsuak dirudite, Hollywoodeko urrezko garaiko filmetan txertatzeko modukoak.

Ezer gutxi nekien musikari fin honetaz, baina han eta hemen aipatuta ikusi ondoren, bere musikan murgiltzea erabaki nuen, eta zalantzarik gabe, Everything I Know About Love disko perfektua da garai ilun, hotz eta euritsu hauetarako. Tapaki pean gustura entzungo duzue, aldean kafesnea edo ardo kopa duzuela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Hamahiru tonatik gorako pisua du <em>Topalekuak IV</em> eskulturak; Txillida Leku museoan eskegita erakusteko propio sortu dute egitura. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Egon ez den etxera itzuli da

Naroa Torralba Rodriguez

Bilboko Arte Ederren Museotik Txillida Leku museora lekualdatu dute Eduardo Txillidaren 'Topalekuak IV' eskultura. Bilboko eraikineko lanak bukatu artean, Hernanin egongo da
Aritz Pardina Herrero, <em>Ibai ahoak</em> (Balea Zuria) lana aurkeztu aurretik, atzo, Donostian. ©JON URBE / FOKU

Aritz Pardinak 'Ibai ahoak' saiakera plazaratu du

Itziar Ugarte Irizar

Aforismoz osatutako lana da, eta lau ardatzen inguruan ondu du egileak: lengoaia, denbora, ezagutza eta filosofiaren historia. Balea Zuria argitaletxeak kaleratu du.
Saran bertan aurkeztu zuten, atzo, Idazleen Biltzarra. ©GUILLAUME FAUVEAU

Berrogei urtez idazleen bilgune

Garazi Aduriz Zuñeda

Apirilaren 10ean eta 11n egingo dute Sarako Biltzarra. Publiko zabalarentzat izango da lehen eguna; bigarrena, profesionalentzat

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.