Lotura. 'Automatak izan'

Basakeria eta melodia

Diskoetxea: Gaua Records.

2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Ez dugu esango metal taldez jositako eszena daukagunik. Haatik, euskal eszenak jario xume baina amaiezina isurtzen jarraitzen du, arazoak arazo. Heavy metala ez dago modan, garai batean hala izan bazen ere. Euskal Herri zabalean, baina, han eta hemen kalitate handiko taldeak sortu dira azken urteotan ere.

Lotura taldea Durangoko Azokako Ahotsenean ezagutu genuen, Plateruena aretoan, hain zuzen ere. Zuzeneko zital hark eta partaideen jarrera oldarkorrak eraman gintuzten disko honetara, eta entzunaldiak ez digu hutsik egin. Indarra lau haizeetara zabaltzen duten proposamen horietakoa dugun arren, gitarra riffei arnasa hartzen uzten diete, eta bultzada mota ezberdinen konbinazioek freskotasuna mantenarazten diote; entzunaldia, hortaz, aski atsegina egiten da.

Zaunka kantua izan zen diskoaren aurkezpena, bideoklip eta guzti. Aurkezpen aproposa, diskoko errepikarik esanguratsuenetakoa daukana. Bikoiztutako ahots joko hori bera antzeman genezake Zenbat aukera-n ere. Metala dantzagarria izan bada, batez ere sonoritate hauek nagusi izan ziren garaian izan zen. 1990eko hamarkadako testurak eta jarrera dira nagusi hemen. Bortizkeria mota hark kontraste joko interesgarria egiten du ahots melodiekin, eta hainbatetan nu metalaren lurraldea zapaltzen dutela ere begi bistakoa da (Berriro eta Batera isolaturik kantuetan, adibidez).

Gitarra riff etenak ere presente daude Ispiluaren bestaldean-en, eta rap fraseatze zenbaitek ere hamarkada hartako hip-hoparen eta heavy metalaren arteko hibridazioak gogora ekar ditzakete. Erritmo hiltzaile eta etena nagusi da Borrero eta urkatua-n ere, azken hau koska bat oldarkorragoa den arren.

Kantu hauek entzutean, zuzenekoetan egin dezaketen irudia guztiz erreala dela froga dezakegu, gainera. Zortzi kantuko lan honek intro-a eta outro-a ere hartzen ditu bere baitan. Izan izeneko outro-a nabarmenduko genuke: minutu eta erdiko harribitxi hilezkorra, guztiz instrumentala, sentimendu flotatzaile intentsuen jabe ere bada, eta hori batik bat gitarra doinu malenkoniatsuak bultzatzen du. Hemen ere, disko osoan bezala koltxoi moduan bada ere, Aitor Abio ekoizlearen teklatuak presente dauzkagu. Abiok produkzio lanak egin bazituen ere, Durangon taldearekin jo zuen, beraz, elkarretaratze hau finkoa izango den esperantza mamitsuak dauzkagu.

Ez dugu uste Euskadi Gaztean asko jarriko duten lana izango denik, baina mundu hau sorpresaz beterik dago, eta gutxien-gutxienez etorkizunik hurbilenean jarraitzaile multzo trinko bat lortzeko moduan daude. Orain behar dutena errodaje moduan balioko dien kontzertu sorta lotzea da, eta hortik gauzak finkatzen joango dira. Anestesiaren telonero izateko hautatuak izan ziren, eta birusaren ondorioz kontzertu hori egingo ez den arren, maiatzerako iragarrita dago emanaldia. Adi, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.