The Hellacopters 'Eyes of Oblivion'

Rock-and-rolla dut maiteago

Diskoetxea: Nuclear Blast.

2022ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Aspaldi joan ziren haurrentzako karaokean «trulalai trulalai trulalai! Rock-and-rolla dut maiteago» abesten genituen garaiak, gaur egungo gazteentzat rock-and-rolla laugarren plano batean dagoen estiloa baita. Horregatik, azken urteetan bat baino gehiago dira rocka hil dela diotenak, eta, musika tendentzia berriek izan duten gorakada ikusita, egia da leku askotan lehen zuen indarra galdu duela. Hala ere, badira oraindik estilo honetan bizi-bizirik mantendu eta zaleak gozarazten jarraitzen dituztenak, eta Suediako The Hellacopters taldea horien adierazle da. Urteetan rock-and-rollean erreferente izan, eta, oraindik ere, ukitu berriren bat edo beste emanez, nortasuna mantentzeko gai dela erakusten baitu.

2008. urtean taldea banatu zenetik, 20. urteurreneko bira eta hainbat kontzertu eskaini dituzte 2016. urtetik hona, baina disko berri baten albisterik ez genuen izan 2020an estudioan zeudela iragarri zuten arte. Horren emaitza dugu argitaratu berri duten Eyes Of Oblivion, taldearen zortzigarren lan luzea. Jarraikortasuna dakarten hamar abesti berri ditu diskoak; sorpresarik eta alferrikako esperimentaziorik gabekoak, estilo ezberdinetako zipriztinak sartzeko arriskurik hartu gabe, soilik eta esklusiboki rock-and-roll-ean oinarrituriko abesti eskukada bat. Ez du inor aho bete hortz utziko, baina The Hellacopters zenbat gustatzen zaigun gogorarazteko balio digu zaleoi, hasierako lanetako garage eta punk doinuak ageri ez badira ere, azken lanak —arrakastatsuenetakoak agian— gogora dakarzkigu eta. Taldekideen proiektu paraleloek ez dute The Hellacoptersen esentzia xurgatu, eta Imperial State Electricen printza batzuk izan baditzake ere, nabari da, oro har, entzuten ari garena Eskandinaviarrako rockaren talde esanguratsuenetakoarena dela. Eyes Of Oblivion osoa konturatu gabe pasatzen diren horietakoa da. So Sorry I Could Die blues tankera duen baladak, Positively Not Knowing gitarrak eta The Hellacoptersek horren berezkoa duen soinua duen piezak, Beguiled dantzagarriak eta The Pressure's On nostalgiko eta melodikoak erakusten digute taldeak magia eta izaera bere horretan mantendu dituela urte hauetan guztietan. Hamar abesti indartsu, itsaskor eta melodikoak dira, erritmo bizkorreko gitarrek lagunduak batzuetan, eta Nicke Anderssonek ahots bereziarekin abestuak.

Azken batean, Eyes Of Oblivion-ek ez du galdu The Hellacopters mitikoen funtsa, eta taldearen lanik onena ez bada ere— 2002an argitaratu zuten By The Grace Of God maisulana gainditzea kostako zaie—, bere betebeharra ongi kunplitzen du, zintzoki eta behartu gabe, urte hauetan guztietan The Hellacopters izan den horren errepaso eta jarraipena egiten baitu. Berriz abestuko dugu, haurrak ginenean egin bezala, «trulalai trulalai trulalai! Rock-and-rolla dut maiteago!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.