Crosses 'Permanent. Radiant''

Izaerari eutsiz

Diskoetxea: Warner.

2023ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Deftones taldeko abeslaria izateagatik aski ezaguna dugun Chino Moreno eta Far post-hardcore taldekide Shaun Lopezen proiektua da Crosses. Euren ohiko taldeak alde batera utzi, eta hiru lan laburren ondoren, 2014. urtean lehen lan luzea argitaratu zuten, taldearen izen berekoa. Harrera ona izan zuen, bai kritikarien eta baita publikoaren partetik ere; eta debut lan horrekin munduan hainbat kontzertu emanez, baita sona handiko jaialdietan ere.

Ordutik isilean egon dira, itzalean lanean, eta 2020an Cause&Effect taldearen The Beginning Of The End abestiaren bertsio bat argitaratzearekin jakinarazi ziguten hori, taldea bizirik zela, alegia. Hala ere, abesti propio berriak entzuteko 2021eko martxora arte itxaron behar izan genuen, Initiation eta Protection singleak argitaratu zituzten arte. Eta urte amaieraraino luzatu da lan berria osotasunean plazaratzea, sei abestiko diskoa.

Hiru gurutzerekin identifikaturiko izena duen taldea, hirukote formatuan ere aritu izan zena, sortzaile diren bi kideekin gelditu da berriro, baina, hala ere, proiektuaren izaera bere horretan mantentzea lortu dute. Baliteke, lehengo abestiekin alderatuta, haietan ageri zen iluntasunari argi pixka bat gehitzea lortu izana, atmosferak sortzeaz gain konposizioetan ere atentzio berezia jarri dutelako. Base elektronikoei eta sintetizadoreei berotasun berezi bat eman nahi izan dietela dirudi, beraien erara, noski. Hasierako Sensation-en nabari daiteke hori, pixkanaka melodia ameslari batean murgiltzen baitu entzulea, Chino Morenoren abesteko modu erakargarri horren laguntzaz gainera. Vivien eta Day One ere bereziki erakargarriak izan daitezke, lehenaren errepikak Britney Spearsen abesti bat gogorarazi dezakeen arren, eta bigarrenaren perkusio elektronikoak ukitu tropikal bezain freskoa dakarrela. Behin baino gehiagotan erreferente bezala aipatu izan dute Depeche Mode, eta haienganako gerturatzea ere ez da falta, Holier abestian. Amaierako Procession-ek infiniturainoko bidaia batera garamatza, zientzia fikziozko filmen bateko soinu banda bailitzan. Atmosferak nagusi dira, elektronika txorrotada, baina taldekideen sustraiak diren metal eta post-hardcore doinuak ongi errotuta dauzkatela honakoan ere.

Hainbeste denboraren ondoren argitaratutako bigarren disko honek, kasik itzulera kutsua duenak, taldearen norabidea markatu dezakeen eboluzioa erakusten du, eta batek baino gehiagok eboluzio are nabarmenagoa espero bazuen ere, lehen lanaren ildo antzekoari jarraitu diote Permanent.Radiant honetan; egia esan, aldaketa askorik egin ez eta gehiegi arriskatu ez badute ere, egin dutena gustuz eta detaile zainduz eginikoa da, beraz, zaleak pozik uzteko moduko diskoa argitaratu dute, beste behin ere. Inondik inora, ongi aprobetxaturiko denbora, eta ongi justifikatutako itzulera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.