Musika. Garbage 'No Gods, No Masters'

Gerra oihua

Diskoetxea: Infectious Music.

2021eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Garbagek arrakasta handia izan zuen 90eko hamarkadan nerabe eta gazte zirenen artean, haientzat propio egindako musika baitzirudien taldearenak, garaiko musika ilun haren artean rock alternatiboari eta elektronikari ere euren lekua egiten ziotelako agian. Gogor eta zuzen aritu izan badira ere, euren ibilbidean garai ezberdinak izan dituzte, baina No Gods, No Masters berri hau taldearen aspaldiko diskorik indartsuena da.

Sinpletasunetik aldentzeko nahiarekin, oso ongi jakin dute beti abestiak modu dotorean apaintzen —baina apaingarriekin pasatu gabe—, eta, oraingoan ere, oinarrizkoak diren melodia eta ahotsak detaileekin tartekatzen dira, anabasa orekatu bat osatuz. Sintetizadore sutsuak punk-rockeko riffekin lotzen dituzte lan berrian, erritmo biziak azalduz, eta zuzenekoetan pentsaraziz. Intentsoa da diskoa. Astinaldi emozional batetik datorrena ere badirudi batzuetan, baina aurrera egiten du ia konturatu ere egin gabe, energia elektriko batekin. Batzuetan, Waiting for God eta diskoa ixten duen This City Will Kill You-n, nekea edota etsipena transmititzen dute: instrumentuek bigarren plano bat hartu eta gainerako abestiak baino isilagoak gertatzen dira, sintetizadorez bultzaturiko atmosfera motelekoak. Beste batzuetan, aldiz, musika kasik mehatxu bezala sentitu daiteke, lana irekitzen duen abestian bezala, baina garraztasun hori kanpora begirakoa da. Askotan punk pisutsu eta sendoaren doinuetara batzen da diskoa, baina dinamika ezberdin bat erabiltzen dute taldekideek: erritmoak luzatu eta moteltzen dituzte, eta horrela emozioz beteriko atmosfera baten sentsazioa eratu.

Hitzek, zuzenak bezain hunkigarriak, taldearen norabidea zein den erakusten digute, eta Shirley Manson abeslariak, ahots espresibo eta garratzarekin, etsipenera garamatza behin baino gehiagotan. Batzuetan, erritmoak euren baitan borroka libratzaile batean daudela dirudi. The Creeps melodia azkar batekin dator, eztanda egiten duten instrumentu eta sintetizadoreekin, eta jarraian, Uncomfortbly Me-n samurtasun handiagoz azaltzen digute borroka neketsu baten erretratu gupidatsua.

Nahiz eta No Gods No Masters batzuetan deserosoa gerta daitekeen, ez da jasangaitza. Aldiz, himno bat bezala, gerrako oihu bat balitz bezala entzuten da. Garbagek mugimenduaren ikuspegi berri bat dakar, mugimendu konstantean. Beti aurrera egiten du lasaitasuna eta autorrealizaziora iritsi arte. Taldeak oraindik energia izugarri hori mantentzeak diskoa garrez betea izatea eragiten du: bere uhin ezberdin guztiak eraikitzaileak gertatzen dira, eta horrek disko osoari zentzua ematen dio.

No Gods No Masters gizarte zapalkuntzaren aurkako lana da, baina taldeak indarra eta lasaitasuna ere azaltzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.