Albistea entzun

Rocio Marquez y Bronquio 'Tercer cielo'

Zeruan bertan

Diskoetxea: Universal Music.

Julen Azpitarte -

2022ko azaroak 20

Rocio Marquez flamenko abeslariaren eta Bronquio genero elektronikoko musikariaren arteko elkarlanetik sortutako hirugarren zeru honek monumentu bat merezi du plazaren erdi-erdian. Plazan jarri beharrean, XXI. mendeko musika garaikidearen tontorrean ere koka genezake, iraupen luzeko lan honetan jasotakoak galaxiako izar eta lurtarron laudorio guztiak merezi baititu. Morentek eta Lagartija Nick-ek eraiki zuten Omega mugarriaren parean dagoen obra bat da, haren ondorengoa izan arren, maila berean kokatzeko adina energia apurtzaile biltzen baitu. Rocka eta flamenkoa bateratu zuten granadarrek hamaika konbentzio eta muga hautsi eta zeharkatzeko. Antzeko asmoa eta arriskua besarkatuz erdietsi dute Marquezek eta Bronquiok lan kolosal hau; Omega-ren zantzu sotilak, hain justu, trip-hop kutsuko Prefiero la muerte doinuan antzeman ditzake entzule finak, Manolo Caracolen bertsoa Morenteren ahotsean jasotzen duen sampler-aren bitartez.

Diskoan guztira hamazazpi doinu jaso dituzte. Askotariko espektro koloretsua osatzen dute, betiere tradizioaren eta musika elektroniko ilunaren arteko sinbiosi perfektua gauzatzeko asmoz, gehienetan ahotsa geruza elektronikoei gailentzen zaien arren. Marquezen ahotsa da, hain zuzen, diskoari batasuna ematen diona, batzuetan filtratuta, beste batzuetan natural-natural bere gordintasunean, baina baita bere sotiltasunean ere. Horrekin batera, Rocioren nortasuna ere agerikoa da grabazio guztian, betidanik aritu baita bestelako esparru musikaletako sortzaileekin elkarlanean, tartean Jorge Drexler, Refree, Chistina Rosenvinge edo Albert Pla.

Binilozko formatuan, lan bikoitza da Tercer cielo, eta bikoiztasun horren bidez nabarmen azaltzen dira obraren bi aldeak: lehenengoa, bizia; bigarrena, berriz, itzaltsua. De mí kantua da poztasun horren erakusle, technoaren erritmo dantzagarrietan eta runbaren parrandazaletasunean mugitzen dena, kutsu latinoko perkusioez baliatuta; edo Lorca omentzen duen Exprimelimones buleria, zeina txaloz josita eta elektronika grabearekin bilduta altxatzen den festa flamenkoa balitz bezala. Niña de Sangre-k antzeko giro alaitsua zabaltzen du: «Festa eta alaitasuna etor daitezela; lurzorua apurtu arte dantzatuko naiz; arrazoi sakon batengatik; bidea argitzen didana».

Bigarren diskoa Grande herrikoiarekin abiatzen da, non Marquezen ahotsak espazio guztia hartzen duen, efektu elektroniko oldarkorrekin jantzita, baina baita xuxurlatuz ere: «Ai, heriotzaren tormentuak; eta duquela handienak; zer sufritzen dudan zu maitatzeagatik». Bat-batean, Mercancía hartxintxar jostalaria agertzen da bidean, El Corte más limpio zortzi minutuko haitzarekin lotzeko, zeina techno zalapartatsu eta ilunean eraldatzen den.

Sorpresaz eta talentuz gainezka dator Tercer cielo, 2022. urteko lan garrantzitsuenen artean kokatzeko. Ez dut uste lan hau gaindituko duten disko asko argitaratu direnik aurten. Bere aniztasunean lan trinkoa da, flamenkoz eta elektronikaz zizelkatutako marmol preziatua.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Manuel Asin, Rebeca Esnaola eta Teresa Morales de Alava, atzo, Ikuspuntu jaialdiaren aurkezpenean, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Ehun film inguru emango dituzte Iruñeko Ikuspuntu jaialdian

Uxue Rey Gorraiz

Ehun film inguru emango dituzte Iruñeko Ikuspuntu jaialdian, hilaren 27tik apirilaren 1era. Peter Nestlerri eskainiko diote atzera begirakoetako bat

Arantza Santestebanen <em>918 gau</em> filma. ©BERRIA
Euskadiko Orkestrak hainbat ikasleren aurrean emandako kontzertua, atzo, Kursaalean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Ravelen 'Bolero' obra interpretatu du Euskadiko Orkestrak, Kursaalean

Miren Mujika Telleria

Lau kontzertu egin ditu denera Euskadiko Orkestra Sinfonikoak azken bi egunetan, Gipuzkoako milaka ikasleren aurrean

Julen Apella Santamaria idazlea (erdian), Imanol Larrinagaren margolana eskuetan, alboan Arantza Urkia eta Felipe Juaristi dituela, Donostian. ©Idoia Zabaleta / Foku

Julen Apellak irabazi du Donostia Kultura poesia lehiaketako seigarren saria

Ainhoa Sarasola

'Postal bat desertuan' lanagatik jaso du aitortza. Balea Zuriak maiatz aldera argitaratuko du liburua.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...