David Walters 'Soul Tropical'

Afro-housearen erroak

Diskoetxea: Heavenly Aweetness.

Andoni Tolosa.
2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Bosgarren disko luzea du David Walters antilar jatorriko musikari eta dj frantziarrak, eta, aurrekoetan bezala, musika beltz eta afroen intxaurrondoa astintzen du, edozein dantza-pista sutan jartzeko kantu sorta hau ontzeko. Egia da ez dela haren errezeta oso orijinala: house erroduna handi egin zuten izenen itzalari jarraitzen dio fidel Walters jaunak (Martin Solveig, Bob Sinclair, Frederic Galliano...), eta ildo horretatik disko berri honek ederki berreskuratzen ditu duela hogei urte Europa osoa dantzan jarritako musika-mota horren klabeak. Nabarmena da, adibidez, No One, Jodia edo Di Yo kantuetan. Erritmoz aberats eta kutsakor, melodiaz beltz, eta janzkeraz gozo, horrelakoa da Soul Tropical hau. Gehitu ekuazioari ukitu latino eta Antiletakoak, eta hortxe daukazu; ekaitz perfektua.

Egia da harantzago doala disko honen belztasunaren itzala; funk, soul eta r&b musikek alde batetik bestera zeharkatzen baitituzte kantuok —ezin bestela izan house sofistikatuenean lerratutako lan batean—, ziur aski, nabarmenago kantu geldoagoetan; diskoa irekitzen duen Gimme Love-n, hip-hopetik edaten duen Toxic Tropic-en, edo Light eta An Lot Soley balada akustikoetan. Bestela, aski da diskoaren izen bereko kantua entzutea erroen dantzagarritasunaz jabetu, eta, aurretik esan bezala, 2000. urteko dantza-pista batean zure burua kokatzeko. Are gehiago, diskoa itxi eta Karibeko oihartzunak esnatzen dituzten Vanse Carnival eta Night in Madinina entzutean.

Orduan zer? Gozo-gozo entzun daitekeen diskoa da, non azpimarragarriak diren ekoizpen dotore eta organikoa —elektronika hanpatuak ez du lekurik hain ehundura beroa duen lanean—. Baina, era berean, suelto dantzatzeko moduko lana da, zapore sarkorrekoa, eta gehiegizko komertzialtasunaren mugetara modu arriskutsuz hurbilduta ere, onik ateratzen dena.

Ados, nostalgia ukitu batekin ari naiz lerrook idazten, gerria dantzan jartzeko premiaz agian, erritmo beroen jonkien moduan, baina Walters jaunaren ekarpen bakoitzak esnatzen dit dantza egiteko gogoa, eta, era berean, gogorarazten dit mundu oso bat, edo gehiago, dagoela bazterrak aspertzeraino barreiatutako erritmo latino eta urbanoez aparte. Indarra falta duela? Agian. Oso frantxutea dela? Ziurrenik. Baina ez da bazter batean uztekoa disko honetan parte hartu dutenen zerrenda: KOG, Captain Planet, Flavia Coelho edo Ballake Sissoko eta Vincent Segal: Soul Tropical honen zapore anitztasunaren beste seinaleetako bat. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.