Albistea entzun

Tony Martin 'Thorns'

Ahots eternala

Diskoetxea: Battlegod Productions.

Urko Ansa -

2022ko maiatzak 8

Blaze Bayleyrekin batera, heavy metalaren abeslaririk gutxietsiena dugu Tony Martin. Bakarka argitaratzen duen hirugarren lana duen arren, Black Sabbath azkenekoz utzi zuenetik hona —hobeto esanda, Ozzy Osbourne itzul zedin, ipurdian ostikoa eman ziotenetik hona— pasatu diren 26 urteetan hamaika kolaborazio, elkarlan eta proiektutan buru belarri ibili da Birminghameko abeslaria. Kalitate estandarrak sobera betetzeaz gain, bere ahotsaren teknika eta tinbre zoragarriarekin erakustaldi andana egin baitu hamaika grabaziotan. Tonyri egindako kritika zorrotzenak bere ustezko karisma faltagatik izan ohi dira, baina bere kantatzeko gaitasuna eta erregistro aniztasuna arbuiatzen dituenak ez daki zertaz ari den.

Berehala antzemango diogu disko berriari Sabbath kutsua, Thorns diskoa hasten duten As the World Burns eta Black Widow Angel oldarkor eta sarkorrekin. Kantuon botereak eta estudioan lortu duten soinu garbi baina batez ere gogor eta metaleroak berehala gogora ekarriko baitizkigute 80-90eko hamarkadetako disko haietan egin zuten soinu boteretsu eta erabatekoa. Book of Shadows kantuaren atmosferek, koru elizkoiek eta giro epikoak Headless Cross diskotzarraren pista zapaltzaileak ekarri diezazkiguke gogora. Erdi-tempoko kantuak ez dira falta, ez horixe; batzuetan sarrera akustikoak maite ditu Tonyk, baina kantuak haziz joaten dira, intentsitate joko guztiz gozagarrian.

Ahotsa goratu behar duenean luzimendua lortzen du Tonyk, Eternal Idol diskoaren garaietan bezala, hala nola Black Widow Angel, Crying Wolf eta No Shame at All-en. Aldiz, tonu izugarri altuez gain, eztarria garrazten ere badaki, Passion Killer-en egiten duen moduan, zeinetan thrash edo death-metaletik gertu mugitzen den. Konposatu eta hitzak egiteaz gain —disko honetan Scott Mcclean gitarra jolearekin elkarlan emankorra osatu du—, hainbat instrumentu jotzen ere badaki, eta, disko honetan bertan, biolinaz gain, baxu eta gitarra batzuk ere sartu ditu. Gainera, abiadura biziko Run Like the Devil daukagu, harrigarriki bortitza; ez dezagun ahantzi, ordea, Sabbathek batzuetan sartzen zituen bat-bateko azeleratzeak, baita Tonyren garaietan ere (1987-1991, 1993-1996).

Garai haien nostalgia sentitzea saihetsezina izan liteke disko hau entzutean; izan ere, beti Black Sabbatheko partaide bezala gogoratua izango baita Tony. Ahots zoragarri horri lan honetan bezalako babes indartsua, soinu mardula eta gitarra grabea gehituz gero, ikuspuntu horrek indarra hartzen du. Dena den, beste modu batera ere ikus liteke: hain zuzen ere, Tonyk kantu berrien sorta dotorea osatu baitu, soinu gaurkotua dauka eta konposizioen kalitateak babesten du. Eta, guztiaren gainetik, bere ahotsaren magia eternala daukagu. Thorns kantuarekin ematen dio amaiera diskoari. Horrelako lan batek merezi duen agur epikoa da: hasiera akustikoa, melodia zoragarriak, gitarren boterea, eta Queensrÿche taldearekin hainbat kolaborazio egindako Pamela Mooreren ahots airosa dauka bidelagun: Tonyrekin egiten duen duoak ematen dio amaiera lan txukun eta ahaltsu honi.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Monika del Valle / Foku

Zubi bat bi ilunpetarantz

Iñigo Astiz

Besteak beste, Jane Austen, Virginia Woolf eta Judith Butler itzuli ditu Ana Isabel Moralesek ingelesetik euskarara. Gogoratu duenez, ordea, nerabezaro hasierara arte ezezagun zitzaizkion bi hizkuntzak, eta, beraz, ezinbestean, bi norabidekoa izan da aldi berean haren bidaia linguistikoa.

Egi(r)antzaz

Beñat Astiz.

(Barañain, Nafarroa, 2004). Maiatzean jokatu zen Nafarroako 36. Eskolarteko Txapelketa, herrialdeko bertso eskolen topaketen barruan, eta Astizek eraman zuen txapela. Besteren artean, Barañaingo kopla txapelketan eta Bardoak taldekako bertso ekimenean kantatu izan du.
Euskadiko Orkestra Wayne Marshallen zuzendaritzapean, atzo, orkestraren egoitzan egindako entseguan. ©J. URBE / FOKU

30eko urteetarako bi bidaia musikatu

Miren Mujika Telleria

Wayne Marshal zuzendari eta piano jotzaileak Euskadiko Orkestra zuzenduko du gaur Kursaalean, Andra Mari abesbatzarekin batera
 ©Monika del Valle / Foku

Zubi bat bi ilunpetarantz

Iñigo Astiz

Besteak beste, Jane Austen, Virginia Woolf eta Judith Butler itzuli ditu Ana Isabel Moralesek ingelesetik euskarara. Gogoratu duenez, ordea, nerabezaro hasierara arte ezezagun zitzaizkion bi hizkuntzak, eta, beraz, ezinbestean, bi norabidekoa izan da aldi berean haren bidaia linguistikoa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...