Musika. Pony Bravo 'Gurú'

Aztikeriaz sustraiak irauli

Diskoetxeak: Telegrama, La Cupula Music, Keroxen.

2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Andaluziarren laugarren lana da Gurú, eta De Palmas y Cacería plazaratu eta sei urtera iritsi zaigu. Tarte luze horretan, taldekide batzuk Fiera egitasmoan aritu dira esperimentatzen; izan ere, 2016an Aljarafe izenburuko bigarren lana argitaratu zuten Humo diskoetxearen bidez.

2.190 egun horietan isilik egonagatik ere, taldearen esentzia ez da batere aldatu, laukotearen proposamenaren hiru ardatzek bere horretan jarraitzen baitute: dub, funk eta kraut joerako post-punka, sustrai flamenkoak, eta hitz zorrotzak. Areago, soinu erritmiko hori gehiago zabaldu eta aberastu dute, harago eramateko, eta lortu dutelakoan nago, guru edo azti honen aldarria Sevillan jaio, Afrika gurutzatu eta Britainia Handira arte iritsi baita, Alemanian geldialdi txikia egin ondoren.

Horren erakusgarri bikaina Loca mente da, zeina 1970eko hamarkadan loratutako gipsy rockaren aitzindari izan ziren Las Grecas bikotearen bi doinutan oinarritzen den, Te estoy amando locamente eta Ammi Immi. Dub azentuarekin hasten da, eremu psikodelikoetara iristeko. Diskoan jasotako kantu hipnotikoena da.

Kantu horren ondotik datorren kantua ere, Piensa McFly, azpimarragarria da. Giro kaleidoskopikoak haizatzen ditu, baina hitzak nabarmentzen dira, ikus-entzunezko industria erraldoiak serie eta saga amaiezinen bidez luzatzen digun kontsumitzeko modu jarraitua kolokan jartzen baitu, hamaika erreferentzia tarteko: «Tus recuerdos son Disney y la culpa de todo es de Steven Spielberg, ET es Gollum, Gollum es Yoda, Ewok es porg, Maz Kanata, Africa Bambaata (Zure oroitzapenak dira Disney, eta guztiaren errua Steven Spielbergena da, ET Gollum da, Gollum Yoda, Ewok porg da, Maz Kanata, Africa Bambaata)».

Devo taldearen emaitza dirudien Relax y Rolex abestian, norberaren bizitza negozio baten antzera kudeatzeaz hitz egiten dute. «Admiro a Albert Rivera porque es un ganador. El me mantendrá en mi zona de confort. Dinero, ven a mí, no me abandones (Albert Rivera miresten dut, irabazlea delako. nire konfort zonan mantenduko nau hark. Dirua, nigana etorri; ez nazazu utzi».

Totomami eta Casi Nazi-k funk erritmo dantzagarriak zabaltzen dituzte, La hierba mala-k kraut taupadak markatzen ditu, eta Espectro de Jung blues zingiratsuan lokaztutako garapen mistiko eta narkotikoa da.

Finean, eta hasieran aipatu dudan legez, Pony Bravoren zigilu identifikagarria dakarren lana da. 2007an, lehenengo lana kaleratu zutenetik, andaluziarrek erakutsi dute beren sustraiak iraultzen dakitela, esparru pertsonalera eramateko. Proposamen horretan, halaber, osagai ugari uztartu dituzte, garapen luze eta inprobisatuetatik abiatuta, betiere bandaren jario propioa sortu eta mantendu aldera. Soinu-fluxu itsaskor horri, gainera, panfletotik eta manifestutik oso urrun dagoen diskurtso kritikoa iltzatu diote, eta horrek balio erantsia ekarri dio laukotearen markari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.