Edwyn Collins 'Badbea'

Gizon nagusi baten maisulana

Diskoetxea: AED Records.

2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Edwyn Stephen Collins (Edinburgo, Eskozia, 1959) musikari, ekoizle eta diskoetxe jabeak iktus larria jasan zuen 2005ean, eta, harrezkeroztik, bere egunerokoa suspertze ariketa nekeza izan da. Indarberritze prozesu hori ahalbidetu duen esfortzua, hain justu, Falling and Laughing: The Restoration of Edwyn Collins lanean jasotzen da, bere emazte eta bazkide Grace Maxwellek idatzia. Ospitalean sei hilabete igaro ondoren, ezinezkoa zitzaion hitz egitea, irakurtzea, idaztea, oinez ibiltzea, altxatzea edo elikatzea. Ahalegin ikaragarri eta luzearen ondorioz, burmuina bere onera ekartzea lortu zuen. Harrezkeroztik, lau disko grabatu ditu, azkena Badbea hau, bederatzigarrena bere bakarkako ibilbidean.

Bada, diskoa Bilboko Power Records dendan ikusi nuen, eta azalak erabat erakarri ninduen: Collinsen gorputz hondatua hartzen duen argazkia ageri da, makil eta guzti. «Gaixotasun larri bat igaro ostean, norberaren gorputz hondatua harrotasunez erakusten duen azala argitaratzen duen artistak sekulako diskoa egin behar izan du», pentsatu nuen. Ez nuen eskuratu, baina gauean, sare sozialetan grabazioaren inguruko iruzkin positibo bat irakurri nuen: «Maisulana da, eta askotarikoa». Izara artean sartu, telefonoa piztu eta hiru aldiz entzun nuen diskoa jarraian. Lehenengo entzunaldian ohartu nintzen kantu guztiak ikaragarriak zirela, nahiz eta, tarteka, Collinsek ondo ahoskatzeko zailtasunak zituela erakutsi. Ahaztu baino lehen, biharamunean Power saltokira itzuli nintzen.

Grabazioak eskoziarraren ohiko ezaugarriak biltzen ditu. Soularekiko atxikimendua —It's All About You, Sparks The Spark eta In The Morning—, pop dirdiratsua —I Guess We Were Young—, punkaren itzala —Outside—, eta balada hunkigarriak —Beauty edo diskoari izena ematen dion kantua—.

Collinsen aitonaren jaioterria da Badbea, eta musikaria han bizi da egun, Londres utzi eta bere sustraietara bueltatu baita. Horren harira, oinarri elektronikoa duen Glasgow to London kantu bikainean, 1980ko hamarkadan Londresera egindako bidaia jorratzen du, inongo nostalgia izpirik gabe: «Aspaldi, Glasgowen/ anbizioak nire bizitza zuzendu zuen/ orain, esan eta onartu behar dut/ pikutara joan daitezela». Orain, Orange Juice taldearekin lortutako arrakasta toxikoaren aurrean, Collinsek gauza txikien garrantzia nabarmentzen du. Horren erakusgarri, txio artetik loratzen den It All Makes Sense To Me ederra: «Ibaiaren ondotik noa/ lo nagoenean, amesten dudanean/ ibaiertza dut lagun/ oinez nabilenean, esnatzen naizenean».

Bada, 59 urteko gizon zauritu honen lan berriaren aurren belaunikatzea baino ez dut. Diskoa heterogeneoa da, baina doinuek ore irmoa osatzen dute. Musikari duin eta grinatsu baten obra da. Collinsen hitzetan: «Musika ez da ogibide bat. Maite dut. Baita orain ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.