Leok'k. 'Bizirik hala ere'

Asko esateko duten beteranoak

Argitalpena: Egilea editore.

2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Honen antzeko kasu gutxi egongo da munduan: 1968an Zestoan sortu zen taldeak 1972ra arte iraun zuen euskaraz rock-and-rolla kantatzen. Esan gabe doa horrekin bakarrik euskal rockaren historiara pasatu zirela, baina istorio honek sorpresa harrigarria zeukan gordeta: 1992ko berragerpen puntuala alde batera utzita, 2004an taldea elkartu, eta bere garaian ez bezala, diskoak argitaratzen hasi zen 2006an. Esku artean dugun hau dagoeneko bosgarrena dugu, azken biak iraupen ertainekoak izan badira ere. Hasierako boskote hartatik Juan Antonio Kortadi gitarra joleak eta Gotzon Lizasok (sintetizadoreak, pianoa) jarraitzen dute, baina egia da Luis Llavori (konpositore nagusia) laster batu zitzaiela. Beraz, gaur egungo seikotearen erdia jatorrizko formaziotik datorrela esan dezakegu.

Taldeak egindako fitxaketen artean, Alfonso Guillo (Expresion Sonora, Koska) baxu jolea, David Gorospe (atabalak) eta Jesus Aranberri (Hammonda, pianoa) dauzkagu. Eta zer eskaintzen digu seikote beterano honek 2022an? Rock-and-roll jarrera, soinu profesionala eta azken zazpi hamarkadetako musika popularraren adarkadura zenbaitekiko maitasun sakona: soula, bluesa, popa... Rock indartsu batekin hasten dute diskoa: Noizbehinka. Erritmo potente batek aupatua, Luisen ahotsak gidatzen du bere trabatutako erritmoan, eta taldeak metronomo baten zehaztasunarekin ematen dio sostengua. Ez dezagun ahantzi Juan, Gotzon eta Alfonsoren koruek anplifikazio handia eman diezaieketela lan honetako —baita aurreko diskoetako— kantuei.

Bizirik hala ere asmo-deklarazio hutsa dugu, eta hitzen translazio bat eginez, taldearen inguruko hausnarketa moduan har genezake, agian jatorrian horrela izan ez bada ere. Bidea ibiliz Leok'k-en kantu adierazgarria dugu, Luisen nota zinez altuek eta koru formako errepika melodiko sofistikatuak beraien estilo propioa ezin hobeto erakusten baitute. Hor dabil kantua Alfonsorena dugu, eta berak kantatzen du, beste kantuei kontrapuntu harmonikoa eta erritmikoa emanez. Gantxo handiko kantua dugu, eta lau ahotseko koruen momentuak oraindik gehiago goratzen du.

Nola taldeak egiten dituen tempo ertaineko kantu ederren ordezkaria da disko honetan: bere bost minututik gorako garapen epikoan, gitarra intentsuak eta teklatuarekin sortutako elkarrizketa sakona ditugu erregalurik nagusiak. Klasikoen zaporea duen beste kantu bat. Urak hona ekarri nau Eñaut Gaztañagak konposatu zien kanta da, taldeak Infinituari segika diskoan grabatu zuena, baina berrikusketa honetan lehen bertsioa gainditu dute, melodiari oraindik zuku handiagoa ateraz batetik, eta koruei eta atmosfera flotatzaileei emandako garrantziarengatik, bestetik. Leok'k taldeak gauza asko dauzka esateko 2022an: beteranoak, denak ere jubilatuak, teknika findua eta bizkarrean iraganeko hamaika abenturak emandako esperientzia daukate... eta ez daukate erretiroa hartzeko asmorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.