Liraz 'Roya'

Ekialdeko rocka

Diskoetxea: Glitterbeat.

Andoni Tolosa.
2022ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Jatorri mailako paradoxa izugarrian bizi da Liraz kantari eta aktorea; irandar jatorria du, eta Israelgo pasaportea, bertan sortua baita. Haren gurasoak hara jo zuten 1970eko hamarkadan, eta ezin izan dira itzuli 1978ko iraultzaz geroztik. Israelen aktore gisara ibilbidetxoa eginda, Los Angelesera joan zen Liraz 2006an, eta Hollywooderako sarbidea lortuta, ibilbide nahiko oparoa egin du zinemaren, eta batez ere telesailen munduan. Baina, horretaz gain, Los Angeleserako bidaia hartan, bertako irandar komunitatea ezagutu, eta han bizi izan den urteetan, harremanak estutu ditu haiekin. Haien bidez, besteak beste, bere erro kulturaletan sakondu, eta deskubritu ditu 1970eko hamarkadako irandar kulturaren loraldia, eta batez ere, garai hartako musika; erro persiarrak rock eta pop musikekin modu lotsagabean uztartzen zituena.

Hartu-eman horien ondorioz, erabaki zuen musikaren munduan ahalegina egitea, eta horrela kaleratu zuen lehenengo lan luzea; Naz (2018). Parsiz kantatutako elektro-pop diskoa, dezenteko arrakasta lortu zuena. Horren ondorioz, 2020an, kaleratu zuen Zan (emakume), erdi ezkutuan grabatutako diskoa. Musikari irandarrak ezin ziren Israelen sartu, ezta musikari israeldarrak ere Iranen: beraz, batzuek zein besteek, beren kabuz lan egin zuten, gero, ahal bezala, egindakoa konpartitu eta osatzeko. Orotara, disko sendoagoa da, eta nabarmena da rock musikaren eragina.

Bigarren diskoarekin bizi izandako abenturak kontuan hartuta-edo, Istanbulen grabatu du, musikari guztiak batera, oraintsu kaleratu duen Roya hau. Parsiz kantatzen jarraitzen du, persiar jatorriko musikak inspirazio nagusi dira, baina, teklatu eta efektu vintage-ak kenduta, elektronika ia desagertu da diskotik, eta 1970eko rockaren izpiritua jabetu da kantuez. Ez da hain disko dantzagarria. Alde horretatik, uler daiteke badela omenaldia garai hartako aitzindariei, haien ibilbidea errotik moztu zuen iraultza islamikoak ezarritako isiltasuna gaindituta. Baina, batez ere, garai hartako musikaren eguneratze bat dela esan daiteke. Horren seinale: ongi burututako nostalgiaren eta gaurkotasunaren arteko oreka, moldaketa eta instrumentazioaren fideltasun ia muturrekoa, garai hartako genero nagusi ziren rock progresiboaren eta psikodeliaren berrirakurketa melodiko eta argia... ez da harritzekoa Istanbulen grabatzea, Ekialdeko rockaren hiriburu izan baita hamarkadetan, Beiruten baimenarekin.

Diskoak, ordea, kantariaren ahotsaren indar lirikoaren, eta musikariaren konposizio gaitasunaren isla bikaina da. Haren adorearen, bide jakinetatik aldentzeko gaitasunaren eta erroekiko estimazioaren erakusleiho bikaina da. Gomendatzeko moduko diskoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.