La2 kateak katalanez emango du beti larunbat gauetako filma

'Los Lunnis' saioa katalanez ematen hasiko dira. 'Planeta R' saio berrian Martina Klein arituko da

Au reavoir là-haut filma. La2ek katalanez emango du urtarrilaren 15ean, 22:00etan. BERRA.
urtzi urkizu
2021eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Kataluniako RTVEk bere eskaintza aberastuko du urtarriletik aurrera: katalanezko eskaintza. Izan ere, hizkuntza horretan ematen ditu aspalditik TVEk makina bat saio. Oriol Nolis Kataluniako RTVEko zuzendariak iragarri duenez, gainera, urtarriletik aurrera La2 kateko larunbat gauetako filma katalanez emango dute; katalanera bikoiztuta, alegia. Gaztelaniazko bertsioa, ordu berean, RTVE Play plataforman ikusi ahalko dute Katalunian bizi diren herritarrek.

Ez da lehen aldia TVEk katalanera bikoiztutako filmak ematen dituena. Duela 30 urte inguru, tarteka ematen zituen. Duela urtebete ekin zion berriro katalanez filmak emateari; iazko Eguberrietan, hiru film eskaini zituen La2ek hizkuntza horretan: Pawn Sacrifice, Gosford Park eta L'extravagant voyage du jeune et prodigieux T. S. Spivet.

Katalanezko zinema eskaintzaren denboraldia urtarrilaren 15ean hasiko du La2ek. Aurreneko filma Albert Dupontel zinemagilearen Au revoir là-haut (2017) izango da. Larunbatero, 22:00etan, hainbat herrialdetako filmak emango ditu kateak, katalanera bikoiztuta.

Euskaraz ez dago halakorik; are gehiago, EAEko TVEn eta Nafarroako TVEn albistegiaren minutu eskaseko laburpena baino ez dute ematen euskaraz. Ikusteko dago ea Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokor berriak RTVE behartuko duen ala ez euskarazko eduki gehiago eskaintzera.

'Los Lunnis' katalanez

Gainera, TVEk azkeneko urteetan haurrentzat ekoitzitako saio esanguratsuenetako bat, Los Lunnis, katalanera bikoiztuta emango dute urtarrilaren 5etik aurrera. Oraingoz, lau atal izango dira, baina laster gehiago bikoiztuko dituzte. Lau atal horietako bat Olentzerori buruzkoa da —haurrek gaztelaniaz ikusi ahal izan zuten, eta orain katalanez, baina ez euskaraz—.

Kataluniako TVEren zentroan saio hauek ekoizten dituzte: Cafè d'idees goizetako emankizuna, Gemma Nierga kazetariaren eskutik —Radio4 irratiak ere ematen du—; Xavier Sardak eta Ana Boadasek aurkezten duten Obrim fil programa; Marta Sugrañesen El vespre, eta Efecte Collins musika saioa.

2022ko berrikuntzen artean, Silvia Abrilek gidatutako La recepta perduda errezeta saioa egongo da. Planeta R saio berrian, berriz, Martina Klein aurkezlea Katalunian ibiliko da road movie batean arituko balitz bezala. Ingurumenarentzat sostengarriak diren ereduen bila ibiliko da.

Dibulgazio dokumental batzuk ere egingo dituzte, katalanez horiek ere. Besteak beste, Soc mare lana: Cristina Hernandezek eta Anabel Abrilek amatasunaren inguruko hausnarketak plazaratuko dituzte. Duela 40 urte TVEk elkarrizketatu zituen bost emakume izango dira protagonista nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.