Susana Baca eta Argelia Fragoso 'Quiereme'

Maitasunez

Argitalpena: Egilea editore.

Andoni Tolosa.
2018ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Aitortzen dut edozein aitzakia iruditzen zaidala ona Susana Bacaz hitz egiteko, baita maitasun kantuei eskainitako disko bat ere, Quiereme (Egilea editore, 2018). La Habana eta Limako zubian grabatutako diskoa da, Argelia Fragoso kantari kubatar iaioarekin erdibana egindakoa, eta, izenburuak adierazten duenez, amodioaz, baina batez ere, desamodioaz ari dena. Beste bi puntu kardinal ezarri beharko bagenizkio disko honi, boleroa eta bals peruarra gehituko genituzke. Bi genero horien arteko joan-etorrian dabiltza-eta 11 kantu hauek.

Diskoa irekitzen duen Tendría que decir entzutea aski da La Habanako 50eko hamarkadako night-club bat gogoratzeko. Emakume beltz bat ari da istorio mingotsak kantatzen agertokian, erdi ilunpetan dauden musikariez inguratuta; pianoa, saxoa, gitarra, bateria leun bat... Kea eta isilpeko begiradak dira nagusi. Diskoak beste kolore bat hartzen du Susana Baca Hermelinda kantatzen hasten denean, nahiz eta sordinadun tronpeta batekin hasi, laster batean agertzen baitira kaxoiak eta gitarrek marrazten dituzten erritmo hautsiak (peruarren asmakizuna da flamenkoen kaxoia). Ederra da oraindik 74 urteko kantariaren ahotsa, bere hauts arrastoarekin, gehiegikeriarik gabeko interpretazioarekin. Ez da dudarik, bera da Hego Amerikako kantaririk onenetakoa. Entzun berriro bolerorantz egiten duen Cariño, eta gozatu, behingoagatik, desamodioaz ari ez den amodio kantu batekin, eta, noski, Baca anderearen maisutasunarekin.

Perkusio afro-kubatarrek irekitzen dute Por tu ventana dormida, eta hauxe da, bere laburrean, Argelia Fragosok eskaintzen digun kanturik esanguratsuena. Bongoak, tunbadorak eta kontrabaxua, ez du laguntza gehiagorik behar kantariak, oihartzun santiageroko tarte ederra burutzeko. Horrela jarraitzen dute, batetik bestera, hurrengo kantuek, Karibeko eta Peruko itsasertzak lotuz, etengabe. Amaiera aldera, Pensamiento izeneko bolero klasikoaren bertsio ortodoxoan bat egiten dute bi kantarien ahotsek, eta hori izan daiteke, aurretik aipatutakoekin batera, disko honen gailurretako bat. Lastima, pega-pega eginda dantzatzeko norbait behar alboan! Eta bukatzeko, klasikoetan klasikoena, El Manicero, Benny Moreren pieza hilezkorra, berriro bi kantariak batera, eta sonera ekarritako bertsioa. Ez da oso originala, baina honelaxe bukatzen da diskoa.

Esandakoa, ez da aparteko arrazoirik behar Susana Bacarekin gozatzeko, are gehiago, alboan une ederrak eskaintzen dizkigun Argelia Fragoso baldin badago. Maitasunak, gai bezala, oraindik beste milioiren bat kantu iraungo dituela aurreikus daiteke. Baina zer nahi duzue esatea... horretan ere, nahiago klasikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.