Bonobo 'Fragments'

Oinarri leunen gaineko distirak

Diskoetxea: Ninja Tune.

2022ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Milurteko aldaketa egin genuenean, musika elektronikoa erosotasunean kokatzen zen. Rave kulturaren hedapenaren ondoren, chill out aretoena etorri zen, eta, harekin batera, house eta techno doinuak diskoteka makineroekin lotzeari utzi zen, IDM deritzon musika dantzagarri inteligentea zabalduz. Garai horretan ekoizle mordoxka bat azaldu ziren, musika elektroniko lasaiagoa modan jarri zela aprobetxatu eta beste maila batera eramateko asmoz, kultu kutsu hori hartzen ari baitzen.

Horietako bat da Simon Green, Bonobo izen artistikoz ezaguna dena, eta, garai hartan sona handirik lortu ez bazuen ere, pixkanaka eboluzionatuz joan zen, musika bere erara egiten, eta zuzenekoak ematen. Horrela, 2010ean zuzenean musika jartzaile moduan aritzeko doinuetan zentratu zen, baina hasieran jardun zuen chill out estilo lasaiagokoekin konbinatuz. Argitaratu berri duen Frangments diskoan ere erritmoa pixka bat bizkortu arren, oinarri leun baina basikoagoen gainean ageri den distirak egiten du berezi.

Polyghost-ekin diskoa hasteaz bat entzun daitezkeen moldaketa izugarriek jakinarazten digute lasai eta merezi duen arretarekin entzuteko lan baten aurrean gaudela, gaur egun atentzio osoa disko bat entzuten jartzea zaila egin badaiteke ere, lehengo ohiturak berreskuratu eta distrakzioak alde batera utzita, musikari jaramon egiteko modukoa da eta. Rosewood eta Elysian bezalako abestien elegantzia zorrotzean aurretik ezagutzen genuen Bonobo ageri zaigu, bere ohiko terrenoan mugitzen dena, eta hortik aurrera ere, plazer bat da hamabi abestiko bidaia batean barneratzea, entzumenaz gozatuz eta gaur egunean luxu bat kontsidera daitekeen atsedenaldi bat hartu eta abiadura motelduz.

Batzuetan askok oraindik britainiarraren diskorik onena kontsideratzen duen 2010. urtean argitaraturiko Black Sands hartako pintzelada batzuk ere ageri zaizkigu, eta Chicagoko poeta eta konpositore Jamila Woodsen Tides abestiko kolaborazioak, edota Kadhja Bonet abeslari kaliforniarrarenak Day By Day-en, Fragments honek lehen aipaturiko lanaren mailan parekatzeko potentzialduna duela baieztatzen digu, beste behin. Hala ere, gero eta ezagunagoa den artista izanik, disko mediatiko baten zantzuak ere baditu From You abestian Joji musikari japoniarraren kolaborazioakin, eta Closer eta Sapien bezalako kantekin entzulea dantzan jarriz, inongo zalantzarik gabe.

Nahiz eta galdera ikurrez beteriko eta estreinatu berri daukagun urtean argitaratu, Bonobok ohikoa duen bake giroan murgilduta dirauela erakutsi digu, esfera baikor bat sortzen du, zeinaren bidez Fragments-ek energia distiratsu horretatik zipriztintzen gaituen, printza horiekin oraingo pandemiak gugan utzi dituen zantzuak sendatzen saiatuz. Lan bikaina lortu du oraingoan ere, patxadaz gozatzekoa, eta jariatzen duen dirdiraz bustitzekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.