Musika. James Blake 'Assume Form'

Biluzi denean

Diskoetxea: Polydor.

2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
James Blakeren laugarren LPa iritsi berri zaigu, jada 2011ko bere lehen disko (James Blake) ausart eta esperimentala urruti gelditu zaigularik. Assume Form-en, britainiarra aise irteten da arrautza-oskoletik, eta kalteberaz gain, oso berezko eta seguru azaltzen da, elektronikatik poliki-poliki aldenduz eta musika urbanoaren erreferentziak eta hip-hopa erraztasunez jorratuz.

Blakeren disko berriaren mezua lehen abestitik argi dago: «I hope this is the first day that I connect motion to feelings» (Hau mugimendua sentimenduekin konektatzen dudan lehen eguna izatea espero dut). Hurrengo hiru kantetan formalismoek eta bere intimitatearen irudi zainduak musika hartzen badute ere, ibilbidean lehen aldiz londrestarrak ausardiaz arriskua hartzen du, sentiberatasun handiarekin: ohi bezala tristura agerian utziz, baina zoriontasunarekin tartekatuz. Aipatzekoa da bereziki Rosaliaren esku-hartzea, bere kontzeptu-diskoan abestiak maitasun istorio bateko une bezala banatzen zituen bezala, James Blakek haietan ondo ezagunak zaizkigun sentsazioak laburbiltzen baititu hemen.

James Blakeren diskoetan klasikoa zaiguna aurkituko dugu Assume Form-en: sampleatutako piano bat eta pare bat bira disonante eta iradokitzaile (Modern Soul-en ahizpa bat dirudi). Diskoari izena ematen dion abestia ezin da hobea izan lanari hasiera emateko, disko osoan ageri zaigun espresibitatea sartzeaz gain, edertasun handiko pintzelkadak ematen baititu, orkestraren moldaketekin. Frank Oceanen presentzia inplizitua seinalatzea ere aipatzekoa da, eta musika urbano eta beltza ere disko osoan ageri dira, Mile High iradokitzailean, Tell Them exotikoan, edota diskoko une nagusietakoan, Where's the catch?-en, 3000 Andre-ren kolaborazioan.

James Blakek bizitasun handiarekin erakusten ditu estutasuna, berriro maitemintzeak dakarren nahasmena eta halako sentimenduak, abesti alai eta hunkigarrien bitartez, Into the Red eta Can't Believe The Way We Flow-en bezala. Overgrown-diskoan (2013) norabiderik gabeko esperimentu irudi zezakeenak hemen zentzua hartzen du, eta orain arte bere diskografian ezkutuan ziruditen emozioak azaltzen hasten dira.

Lan osoan James Blake eraldatzen ari dela dirudi, sentiarazi nahi digunaren arabera. Inoiz baino disko intimoagoa eta sentimenduz beterikoa dakarkigu, guztiz biluzten den sentsazioa emanez askotan, emozioak azalera ekarriz, eta lehengo izotz-gizon haren itxura apurtuz. Hasierako lanetan bereizgarri zuen elektronikatik gero eta gehiago urrunduz doa, baina bere esentzia alde batera utzi gabe, ohikoa duen soinuari bira handirik eman gabe, ahotsarekin entzulearen barreneraino iritsiz. Egiten duena egiten duela distira egitea lortzen du, berezko talentua eta ausardia baitauzka, eta kritikaz gain publiko zabal bat konkistatzea lortu badu, zerbaitegatik izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.