Albistea entzun

Musika. Petti. 'Manipulazio estrategiak'

Soseguaren indarra

Diskoetxea: *Zart kolektiboa.

Andoni Tolosa -

2020ko ekainak 28

Diskoak ere irakur daitezke, ez da zalantzarik. Ez al duzu sekula probatu eskuratu berri duzun kantu bildumaren lehenengo entzunaldia hitzen liburuxkaren laguntzaz egiteko plazera? Ez da nahitaezkoa, are gehiago, ene lagun musikazaleenetako batzuentzat traizio latza litzateke hori. Beraz, zuk ikusi. Baina aholku baliagarria nahi baduzu, lehen aldian bederen, entzun ezazu horrela Pettiren disko berria. Eseri sofan, luzatu hankak eta play ematearekin batera zabaldu Manipulazio estrategiak honen tripetan topatuko duzun liburuxka. Ikusiko duzu, inoizko udaberririk arraroenaren ondoren, zein ezagun, zein familiar, zein hurbileko agertzen zaizkizun abesti hauetatik erauzten diren manipulazio ale horiek.

Kasualitatea al da disko honen kaleratze aurretik programatuak bat egitea larrialdi egoerarekin eta haren ondoriozko itxialdiarekin? Kasualitatea izan daiteke, agian, edo praktika eta teoria uztartzeko modu bizarroa. Baina artistak bere garaian ongi kokatua egon behar duela uste baduzu, edo haren lana dela dagokion munduari begiratzea, eta hartaz hitz egitea, horrela bada, zaila gertatuko zaizu hain lan esanguratsurik topatzea. Noam Chomskyren hamar manipulazio estrategien adibideak nahi badituzu, oroitu zer gertatu den martxoaren hasieratik hona.

Ez nuke adierazi nahi, ordea, disko honen balore bakarra hori denik, badu beste alde aipagarri asko. Lehenengoa, Pettik tempo sosegatuetan erakusten duen trebezia. Ez da berria, badu beratarrak gaitasuna horretarako. Behin baino gehiagotan erakutsi du; ahotsa zeta edo berun, melodiak lasai edo bihurri, folk edo punk-rock... Baina haren disko gutxitan topatuko duzu hain Petti gozo, pausatu eta melodikoa, eta, era berean, hain Petti mamitsu eta argia. Horretan, jakina, Harkaitz Canoren lana aipatu behar, ez baitzen batere mandatu erraza Berakoak egindakoa. Baina, noski, ez dira airean harrapatzen diren kantuak, lelo itsaskorrak badiren arren. Alde horretatik, ohikoan baino arreta gehiago eskatuko dio azaletik harantzago egin nahi duen entzuleari, bederen. Baina merezi du.

Musikalki esan daiteke 2016ko Hotzikarak diskoarekin erakutsitako heldutasunaren hurrengo urratsa dela disko hau. Enbor horretatik datorren ezpala dela, nahiz eta oraingo honetan Etxeko Uztak-en aldarterik diskretu eta tenplatuena erakutsi. Taldea? Bikain, beti bezala. Dena dela, ez galdu esperantza, Nola kantuan piztiak hortxe dagoela erakusten du, disko amaieran, hori bai. Bukatzeko, diskoa dastatzeko gogoa piztu bazaizu, gogoratu, ez lotsatu eta hartu kantuen hitzak lehen aldiz entzuten duzunean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Aintzane Usandizaga idazlea, <em>Zomorrotu</em> helduentzako bere ipuin bilduma berriaren aurkezpen egunean, herenegun, Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Nork bere jokabideen inguruan hausnartzeko ipuin bilduma bat

Iraia Vieira Gil

'Zomorrotu' helduentzako bere bigarren liburua aurkeztu du Aintzane Usandizaga idazleak. Bost ipuinek osatzen dute lana, eta pertsonaien anbiguotasunarekin jolasten dira denak
Peru Galbete, Iruñean, Baluarten. ©Jagoba Manterola / Foku

Joxan Artzeren obra interpretatu du Peru Galbetek bere film berrian

Uxue Rey Gorraiz

Bide bazterrean hi eta ni kantari du izena film laburrak. Iruñeko Ikuspuntu jaialdiaren Sail Ofizialean plazaratu dute lehenbiziko aldiz.

Euskadiko Orkestraren entsegua, Varsoviako Filharmonia Narodowa auditoriumean. ©Miren Mujika Telleria

Oihalaren atzeko lan musikala

Miren Mujika Telleria

Egindako lana erakusteko gogoz iritsi da Euskadiko Orkestra Poloniara. Lan hori fintzeko, baina, entsegu orokorra egin dute biraren lehen geltokian: Filharmonia Narodowa auditoriumean. Varsoviako lanak amaituta, hiru emanaldi dituzte aurretik: Wroclawn, Krakovian eta Katowicen.

Jaialdiaren antolatzaileak eta bertan parte hartu behar duten sortzaileetako batzuk, gaur, Bilbon. ©Gutun Zuria

Anjel Lertxundiren eta Adan Kovacsicsen arteko solasaldiarekin hasiko da Gutun Zuria, gaur

Mikel Lizarralde

Larunbatera bitartean, idazleen elkarrizketak, hitzaldi musikatuak, eztabaidak, tailerrak eta liburu aurkezpenak izango dira, besteak beste, Bilbon.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.