Idles 'Crawler'

Kontrasteekin jolasean

Diskoetxea: Partisan.

2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Idles taldearen lehen hiru diskoek arrastoa utzi zuten, bai musikaren lehen mailako indarragatik, bai burugabekeriaren itxura izan arren oso sentibera omen den Joe Talboten hitz lotsagabeengatik. Baina aurreko Ultra Mono lanaren kritikaren batean aipatzen zuten bezala, albumaren kalitatea gorabehera, hasiera batean harrapatu gintuen ezusteko faktorea ez zen Talbot beraren jarrera izan, eta badirudi taldea konturatu dela horretaz. Hor hasi zen Crawler.

Ultra Mono-tik hamalau hilabete eskasera argitaratuta, beren laugarren lanean Bristolekoak baliabide berriak aztertzen saiatu direla nabari da. Ez gara berrasmaketaz edo antzekoez ari, baina bai orain arte idatzitako gidoitik ateratzeko jakin-min handiagoaz, orain arte taldearen berezkoa den nortasuna definitu duen ezeri uko egin gabe. Ez dut uste kasualitatea izan zitekeenik The Beachland Ballroom abestia, aurpegian beste ukabilkada bat espero zuenaren sorpresarako ageri zaigun soul balada moduko bat. Gauza bera gertatzen da diskoa irekitzen duen MTT 420 RR kantuarekin, pultsazio elektroniko baten eta Talbotek Nick Cavena izan zitekeen lokuzio oso baten gainean eraikitakoa, amaieran behin eta berriz «ekaitzerako prest ote gauden» galdetzen digunean, Jon Beavis bateria jotzaileak bere tinbalekin trumoiak simulatzen dituen bitartean. Jarraian The Wheel dator, Iggy Popen Lust For Life-en kadentzia antzekoarekin, baina aztoragarriagoa; gero, When The Lights Come On —antza denez, Espainiako jai gau batean inspiratuta—, post-punkean ohikoa den baxu batek markatua, eta postrerako, berriz, Crash-en primitibismo industriala. Mark Bowen gitarra jotzaileak eta Kenny Beats DJak (Vince Staples, Denzel Curry) elkarrekin ekoitzia, Crawler aurreko diskoak bezain itogarria eta zaratatsua da, baina barnerakoiagoa. Diskoak aurrera egin ahala, argi geratzen ari da taldeak gehiago saritu duela post-a punka baino, eta ez dugu Danny Nedelko-ren estiloko inolako kantu hooligandarrik aurkituko. Meds edo Stockholm Syndrome bezalako abestiak iluntasunez tindatuta iristen dira, eta The New Sensation eta King Snake, aldiz, dantzarako gonbidapenak dira, baina azken tabernan lehen eguzki izpiak leihoetako zirrikituetatik sartzen hasten diren momentukoak. Crawl! garaje-ontzia da agian ospakizun pixka bat egiteko une bakarra. Kantuak baino gehiago dira mendekotasunek, traumek, bizitzak eta heriotzak eragindako orbainak.

Diskoaren unerik bereziena, beharbada, Progress abestia izango da, blues elektroniko moduko bat, Mark Laneganek azken aldian egin duenaren tankerakoa. Geroago, Wizz-en 30 segundoko hardcorearekin oldartzeak erakusten du Idlesek gauza are interesgarriagoak egin ditzakeela bere diskoetan, horrelako kontrasteekin gehiago jolastuz gero.

Beti mugan bizi den talde batentzat, muga nahi duen lekuan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.