Dominic Earl 'All The Rides'

Folk, blues eta soul sustraia

Diskoetxea: Egilea editore.

2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Ingalaterrako Trowbridge herrian jaioa, 1967an, Baionan bizi da Dominic 1987tik. Han ezagutu zuen Kiki Graciet 1990ean eta Niko Etxart 1992an. Kikiren gomendioz sartu zen Hapa-Hapa taldean urte hartan, rocka eta blues rocka lantzeko eginkizunarekin. Haurra zela, bere herriko Saint James elizako abesbatzan hasi zen kantuan, eta 1975ean atera zuten diskoan hartu zuen parte. Bere lehen taldeak (The Chance) Mod estiloa jorratzen zuen. Euskal Herrian lehenik Beaver Band taldean aritu zen, eta gero Hot Sodan Kikirekin.2000. urtean irlandar musika lantzen duen CEL3 taldea sortu zuen, eta hiru disko atera dituzte orain arte. 2015ean A to Z of POP bakarkako proiektua martxan jarri zuen, bere rock eta folk idoloen bertsioak eginez. 30 urte daramatza Niko Etxarten alboan, eta konposizio lanetan ere ekarpen esanguratsua egin du zuberotarraren diskoetako hainbat kantutan. Horrez gain, azken urteetan euskara ikasi du, eta oraindik AEK-ko ikasle izaten jarraitzen du, maila altua daukan arren.

Ahots delikatuz eta konposizio dotorez betetako bakarkako lehen lan honetan, aniztasun zabaleko hamabi kantu topatuko ditugu. Two to Tango baikortasun atsegineko kantua dugu, Dominicen ahots goxo eta finak azpimarratzen duena, nahiz eta pixkanaka aberastasun trazak pilatzen hasten den. Abesti hauek guztiek estilo metaketa nabarmena pilatzen dute, askotan americana estiloan antzematen den ugaritasun berarekin: folka, bluesa, teklatu eta harmoniken sustrai sakonak... Family Tree bezalako piezetan nabarmena da azken hori.

Pasarte akustikoen kudeaketak daukan presentzia nabarmena da, For the Child bezalakoetan adibidez, non Xabi Etxeberriren biolina gero eta gehiago azpimarratubehar dugun. That Feeling eta bere soul ukituko errepikak Motown diskoetxeko klasikoak dakarzkigu gogora. Balada kutsuko atmosferak laztantzen dira, If You're Out There lekuko; gitarra elektrikoen eta teklatuen koltxoia errepikaren gotorleku bihurtzen da. We Have Grown-ekin, akaso, jatorria eta 60ko British Invasion-en trazak oroitarazten dizkigu.

Love is on Time sasi reggae zoragarriarekin hasten duten diskoaren bigarren zatiak kalitate estandarrak oraindik gehiago igotzen ditu. Kantu horrek daukan sentimendu eta barnatasunak lanaren gailurrera darama, Enough to go Round-ekin gertatzen den antzera, betiere Xabi Leonek teklatuen bidez lortzen duen nagusitasunak aupatuta. Amerikar sustraidun balada kutsuko pieza gehiago: Lover's Carousel eta Happy Ever After, azken hau Kiki Gracieten harmonikak sorgindua.

Lan honetako harribitxietako bat Txoriñoak kaiolan dugu. Zenbait lekutan izen antzekoa duen kantu herrikoiarekin nahastu badute ere, honako hau Niko Etxartena da. Nikok ez du sekula orain arte grabatu, eta Dominic bera izan da, azkenean, 2022 honetan egin duena. Kantu sentibera eta liluragarria, Nikoren errepertorioko baladarik ederrenetakoa dugu. Diskoari Ray Charlesen I Gotta Move blues klasikoaren bertsio basati eta konprimatuak ematen dio amaiera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.