Verde Prato 'Adoretua'

Hazi eta hazi

Argitalpena: Planb-rec.

2023ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Tolosarraren laugarren erreferentzia da lan kuraieztatu hau. Aurretik, Kondaira Eder Hura (2021) iraupen luzeko estreinaldi kontzeptuala bezain sendoak, Jaikiera single iradokitzailea eta Euskal Pop Erradikala bertsioekin osatutako esperimentu jolastia plazaratu zituen. Bada, zazpi kantuko grabazio berri honek, besteak beste, Kortaturen eta Hertzainaken moldaketak jasotzen zituen EP pop zalearen espiritua edo esentzia gordetzen du, bere ohiko lirismo minimalari bizkarrik eman gabe; izan ere, sortzailearen esperimentatzeko grina dibertimendu bilakatu dela dirudi oraingoan.

Horiek hala, ematen du Ana Arsuaga inoiz baino gusturago aritu dela estudioan, bere ohiko partner-aren laguntzaz: Jon Agirrezabalaga. Azken horren ekarpena ezinbestekoa da Pratoren proposamenean, bien arteko enpastea sendoa izatea gain, kasik ez baita nabaritzen kantuek haizatzen duten giro hipnotikoetan, doinu bakoitza disko honetan ametsezko unibertso bat baita bere baitan.

Diskoa Ahizpak kantuarekin hasten da, zeinak 1980ko hamarkadako synth-pop kutsua zabaltzen duen. Txistu-hotsekin apaindua, publiko masiboa sorgintzeko ahalmena dauka. Doinu itsaskor horri jarraitzen dion Tu pelo reggaetonaren eremuan murgiltzen da, Arsuagaren ahots eztia erritmo latino eta urbanoetara egokitzen dela erakusteko, bere nortasunari traiziorik egin gabe. Itzela.

Ez zinen-en esparru tradizionaletara egiten du salto, beldurrik gabe, lokatzetan erabat blaituz, atrebentzia osoz, aurreko abestiaren erritmo latinoak lotsarik gabe atzean utzita. Doinuaren ekoizpen lana izugarria da. Harrapatu ninduen kantua gutxieneko elementuekin egindakoa da, teklatua eta ahotsa, Arsuagak biziki maite eta menderatzen duen minimaltasun gozagarrian jarduteko. Grabazioko gailurra da; entzulea zorabiatzen du, erabat harrapatzen du, askatzeko aukerarik gabe.

Garai galduak abestian, gutxieneko elementuekin jositako giro minimalak abandonatu, eta tango itxura hartzen duen boleroa bota du, oraingoan ere ausardiaz, seguru eta irmo. Niña soñando kantuan ahotsa muturrera darama, eta oraingoan ere pozik eta jostalari dabilela dirudi, gune dantzagarrietara hurbiltzeko. Diskoa kasik a capella abesten duen Izar baten begitazioa doinuarekin amaitzen da.

Hartara, Arsuagak disko honetan erakutsi du tradizioaren eta elektronikaren arteko sinbiosia gainditzeko gai dela, bestelako sonoritateetan murgilduz, hala nola dantzatzeko erritmoetara hurbilduz, eta, batez ere, bere nortasuna mantenduz, zeina bere ahotsaren bidez adierazten duen. Horrekin batera, egokitzeko gaitasun itzela duela agertu du, kementsu eta arriskuei aurrez aurre begiratuz.

Hala, oraingoan, esperimentazioa ez dator soinu edo giro bitxiak jorratzetik, baizik eta bestelako lurralde batzuk bisitatzetik. Eta herrialde horietatik ekarri dituen oroigarriak harribitxiak dira entzulearentzat. Hainbat hondartzatan aurkitutako forma orotariko oskolekin egindako lepoko koloretsua nola, inperfektua bere perfekzioan. Labana baten antzera sartzen zaizun fereka gozoa. Brutala, azaletik hasita, zeina Sahatsa Jauregi artistak diseinatu duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.