Musika. The Zara's '1960 - 1976'

Tafallatik Las Vegasera

Diskoetxea: Madmua Records.

2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
The Zara's taldea Zaratiegi anai-arrebek (Marino, Toto, Anita, Jesus eta Paquita) abiatu zuten 1950eko hamarkadaren hasieran, Vicente aitaren gidaritzapean. Nafarroako joten musikaria zen Vicente, eta 1950eko maiatzean alargundu egin zen. Gertaera horren ondotik, seme-alabak musikari trebatzeko eta profesional bihurtzeko prozesuan murgildu zen, buru-belarri. Solfeoa, gitarra eta piano eskolak jaso ostean, jotak, folk doinuak eta musika klasikoa jotzen hasi ziren seme-alabak, errepertorio sendoa lortu arte. Sasoi hartan, Juanito Valderrama musikari espainiarrarekin aritu ziren biran.

Halaber, 1950eko hamarkadaren erdialdean, Parisera joan ziren, taldearen karrerarekin jarraitzeko asmoz. Bidean, gitarra elektrikoak kausitu zituzten, eta aurkikuntza iraultzaile horrekin batera, rock, pop eta soul estiloko erritmoak deskubritu zituzten. Frantzian, Charles Aznavour, Yves Montand eta Johnny Hallyday musikariekin jo zuten, besteak beste, eta Italian eta Alemanian ere jardun zuten. Hamarkadaren amaieran, hain zuzen, AEBetako armadak Frantzia, Alemania eta Espainian zituen baseetan hasi ziren jotzen. Sammy Davis Jr musikari eta entertainer beltzarekin partekatu zuten agertokia, eta Madrilgo basean, John Wayne eta Robert Mitchum aktoreen aurrean jo zuten. Baseetan, gainera, mundu berri bat loratu zitzaien, modernoa eta oparoa, eta rock-and-rollaren zalea. Alemanian luze egon eta gero, New Yorkera joan ziren, eta hotel konpainia batekin kontratu erakargarria sinatu zuten, 1970ean, Las Vegas hiriko Sahara hotel ospetsuan bost urteko hitzarmena lotu zuten arte. Milaka dolar kobratu zituzten, eta pop izar handienak ezagutu zituzten, tartean, Louis Prima, Elvis Presley eta Frank Sinatra.

Bada, soinu zaharretan espezializatutako Madmua diskoetxeak sendi nafarraren dozena erdi kantu biltzen dituen binilozko hamar hazbetekoa argitaratu berri du, anai-arreba musikariekin elkarlanean, zeintzuk AEBetan bizi diren egun.

Diskoa estetikoki karamelu bat da, Madmuak plazaratzen dituen lan guztien antzera, taldearen sasoi guztietako argazkiekin eta informazio ugarirekin josita baitator. Eduki musikalari dagokionez, askotarikoa eta maila handikoa da: rhythm and blues, soul, pop, psikodelia eta funk tarteak uztartzen ditu. Hala, Twine Time eta Ride Your Pony kantu beltzen moldaketak itsaskorrak dira; Kim Robertsek abestutako I Heard About Him baladak Tarantinoren filmen soinu bandetan lekua beharko luke izan; I Still Want Your Love ye-ye kutsuko abesti erritmikoa da; eta, azkenik, diskoaren bigarren alde osoa betetzen duten Best Years Of My Life eta Forever soul, funk, disco eta psikodelia tantekin ondutako abesti galaktiko eta sofistikatuak dira, dantzalekuko lurzorua zanpatzeko aproposak. The Zara'sek bere ibilbide harrigarrian osatutako diskografiaren —sei disko luze eta bi single— ezinbesteko lagina da Madmuak ekarritakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.