Musika. Sault 'Nine'

Londresko kaleetan barrena

Diskoetxea: Forever Living Originals.

2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Inflo ezizeneko soinu-aztiak gidatu eta ekoitzitako kolektibo britainiarraren bosgarren lana da Bederatzi hau (Nine); bi urte inguruko tartean Saultek plazaratu duen bosgarrena. Lan berri honek antzekotasun asko ditu lehenengo bi diskoekin, 5 eta 7-rekin, batez ere, grabazioaren iraupenari dagokionez, 40 minutu eskas irauten baitu. Izan ere, Untittled (Black Is) eta Untittled (Rise) askoz lan luzeagoak dira, baina bi horiek bezala, Nine-k ere gai jakin baten inguruko kontakizuna gordetzen du: Londresko kaleetan beltzek bizi dituzten gertaera latzen inguruko narrazioa, betiere, maitasunaren aldeko aldarria erabat baztertu barik. Antza denez, diskoa 99 egunetan soilik egongo da eskuragarri eta entzungarri. Hartara, interesik baduzue, azkar ibili!

Aurreko erreferentzietan bezala, Cleo Sol soul abeslariaren lanak disko osoa zeharkatzen du,—oraintsu, amatasunaren inguruko lan bikoitza kaleratu du, Mother, jakina, Inflok ekoitzia—. Hala, Alcohol doinuan bere sentiberatasun osoa zabaltzen du, soul kutsuko baladan, «O-o, alkohola, begira zer egin dudan» xuxurlatzen duen bitartean. Alkoholak auzoetan eragiten dituen tragediak gozotasunez iradokitzen ditu Solek. Diskoa ixtenduen Light's In Your Hands gospel kutsuko baladan ere nabarmen altxatzen da Cleoren ahotsa pianoaren laguntzaz. Kantuak kale ilunetako batailetatik ateratzeko argi izpia haizatzen du: «Gezur bihurtzen diren hainbeste promesa;/ ez duzu berriro hasi nahi eta norbaiti aukera bat eman». Cleok, halere, oldarkor azaltzeko gaitasuna ere erakusten du; esaterako, London Gangs abestian, non ahotsa baxu distortsionatuekin kiribiltzen den.

Diskoan agertzen den emakumezko beste ahots bat Little Simz rap zalearena da —gogoratu Inflok aurten Sometimes I Might Be Introvert bikaina ekoitzi duela—. Are You From London? doinu lasaia espazio handiko eremua da Simzek bere etorria askatzeko, haize instrumentuekin jantzita. Musikariak kalezuloetako arriskuak kontatzen ditu bizi-bizi: «Kalean hiltzaileak ezagutzen ditut, baina benetan ez naiz sartzen. Ez dugu minik eragin nahi; Baina Poliziaren soinua entzuten dugunean aktibatu egiten gara».

Soulaz eta rapaz gainera, bestelako soinu beltzen oihartzunak ere biltzen dira, Saulten disko guztietan gertatzen den legez. Hala, Trap Life abestian New York hiriko ESG taldetik edaten duen afrikanismoa antzematen da, eta Fear doinua Londresko karriketan hedatu den grime genero elektronikora hurbiltzen da, baxuak azpimarratuz.

Saultek aurretik karrikaratutako Untittled (Black Is) eta Untittled (Rise) diskotzarrak baino lan ilaunagoa da Nine, eta, hasieran entzulea harritu dezakeen arren, entzulea laster jabetuko da aurreko lanen parekoa dela. Horiek horrela, Saulten lantegian irabiatutako saltsa beltz gozagarria da bosgarren Bederatzi hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.