Bozen bigarren itzulian elkarlanean arituko dira zenbait euskal hedabide

Telebista saio berezia emango dute gaur, 18:30ean. BERRIAk emaitza guztiak eskainiko ditu

Urruñan jarri dute estudioa, gaurko herriko bozen inguruko saioa egiteko. Prestaketak egin zituzten atzo. BOB EDME.
urtzi urkizu
2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko herriko bozen bigarren itzulia egingo dute gaur. Martxoaren 22an egitekoa zen, baina bertan behera geratu zen osasun larrialdiaren ondorioz. Hemezortzi herritan eta hiritan bozkatuko dute herritarrek bigarrengoz, eta BERRIAk emaitza guztiak jaso eta eskainiko ditu webgunean (Berria.eus), lehen itzulikoekin batera. Bozen datuak eta hautetsiak nortzuk izango diren erakusteaz gain, lehen itzulian egin zen moduan, mapa batean erraz ikusi ahal izango da zer herritan aldatuko den auzapeza.

Lehen itzulian bezala, elkarlanean prestatu dute bozetako gaualdia BERRIAk eta Ipar Euskal Herriko euskal hedabideek: Euskal Irratiak (Xiberoko Botza, Irulegiko Irratia, Gure Irratia eta Antxeta irratia), Kanaldude, Kazeta.eus, Ipar Euskal Herriko Hitza eta Herria. Emaitzen taulaz eta mapaz gain, telebista saio bat antolatu dute 18:30etik aurrera gaualdiaz aritzeko. Kanalduden eta BERRIAren eta beste euskal hedabideen webguneetan ikusteaz gain, Euskal Irratietan ere entzun ahal izango da.

Platoa Urruñan (Lapurdi) jarriko dute euskarazko komunikabideek. Saioa Pantxika Maitia Kanaldudeko animatzaileak zuzenduko du, eta harekin izango dira Kristof Arotzarena (Euskal Irratiak) eta Ekhi Erremundegi (BERRIA-Hitza) analista lanetan, eta Pepe Aizpurua (Euskal Irratiak) gonbidatuak elkarrizketatzen, tartean alkate hautatu berriak. Horiez gain, bozkatu behar duten herrietan eta hirietan izango dira hainbat lankide ere, herrietatik ihardukitzeak bildu eta zuzenean emateko saioan. Denera 30 bat langile mobilizatuko dira Iparraldeko euskal hedabideen saio horretarako. Teknikan eta errealizazio eta kazetarien koordinazio lanetan dozena bat pertsona ariko dira.

Saioak bi zati izango ditu. Lehenengoan, lehen itzuliko emaitzak oroitaraziko dituzte, lurralde eremuka, eta herrietan eta hirietan dauden kazetariek hitza hartzeko txanda bat egingo dute. Emaitzak jaso ahala, platoan aztertuko dituzte, eta herri eta hirietan auzapezei emango diete hitza.

Emankizunaren bigarren zatian, 21:00etatik aurrera, datorren agintaldiaz mintzatuko dira, eta tartean Euskal Elkargoaren osaera berriari erreparatuko diote. 22:30ak inguruan amaituko da lau orduko saioa.

Herriko bozen lehen itzulia martxoaren 15ean izan zuten Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, eta orduko hartan ere elkarlanean aritu ziren BERRIA, Iparraldeko Hitza, Euskal Irratiak, Kanaldude, Herria eta Kazeta.eus. Zuzeneko telebista saio bat egin zuten, gaur egingo dutenaren modukoa. Konexioak egin zituzten zenbait herritako etxetatik. 30 kazetari eta teknikari baino gehiago aritu ziren elkarlanean saioa aurrera eramateko. BERRIAren mapan, geolokalizatuta eman zituzten datu guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.