Muiska. Tash Sultana. 'Terra Firme'

Esparru berriak eta zaharrak

Diskoetxea: Sony Music Australia.

2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Azken hilabeteetan Tash Sultanak Terra Firma lan berriaren aurrerapen batzuk oparitu zizkien zaleei: Sweet & Dandy, Willow Tree, Greed, Beyond The Pine eta Pretty Lady... Eta, abesti dezente izanik ia disko osoa izan zitekeela bazirudien ere, hamalau kantuko lana argitaratu berri du. Material asko deskubritu berri dugu, beraz, diskoa osorik dastatzearekin. Abesti guztiek Tash Sultanaren soinua daukate, bere-bereak dira, baina esan daiteke hitzak lehen baino sakonagoak direla. Coma-k ikuspegi zabala erakusten du; Greed-ek, soul-funk doinuen bidez, famaren eta aberastasunaren eragin txarraren analisi bat egiten du; Let The Light In maitasun kantuan gertuko eta maitekor azaltzen zaigu; Sweet & Dandy-n aro digital honetan daukagun gehiegizko informazioari kritika egiten dio; eta Vanilla Honey, berriz, maitasunari oda moduko bat da, dakarren kaosaz gaindi, nola oreka zaitzakeen azaltzen duena.

Terra Firma-n Sultanaren bi maila bereiz genitzake. Batetik, mundutik aldentzeak bere esentziarekin berriro konektatzeko balio izan dion momentu batean iritsi da diskoa; eta, bestetik, musikalki, abesti guztiek barne hartzen dituzten estilo eta soinu askotarikoei soul, funk, R&B eta hip-hop doinuak gehitu dizkie, besteak beste, bere kapa ezberdin ugariei bezala.

Urte oso batean sortu eta grabatu du, eta berak hartu du prozesu osoaren ardura nagusia: grabaketa, interpretazioa, konponketa eta produkzioa. Melbourneko bere estudioan pasatu dituen egun luzeak ez dira alferrikakoak izan, benetan merezi duen lana osatu baitu. Hala ere, ardura nagusia berak hartu izanagatik, hainbat lagun izan ditu prozesu osoan. Pretty Lady, Crop Circles, Beyond the Pine eta Greed-en, Matt Corby musikariaren eta Dann Hume produktorearen laguntza izan du; Willow Tree entzunerraz eta itsaskorrean Jerome Farah izan du kolaboratzaile; eta Dream My Life Away bere lagun Josh Cashmanekin elkarlanetan idatzitakoa da.

Terra Firma-rekin helburua argi zuen australiarrak: esparru berri batean sartu, baina, era berean, guztiz zintzoa den musika egitea. «Hori lortzen baduzu, inoiz ez duzu huts egingo», adierazi du musikariak: «Artista izan nahi dut, musika egin etengabe, eta une bakoitzean gehiago eskaini... hobeto sentitu, hobea izan, hobeto aurkeztu, jo eta abestu. Musikari hobea izan. Eta uste dut disko honek lortzen duela hori».

Lehen lanarekin aho zabalik utzi bagintuen, bigarren honen indar, intentsitate, sentimendu eta detaileekin guztiz txundituta utziko du bat baino gehiago. Lan izugarria egiten duenaren emaitza dela erakutsi du. Handi hasi bazen ere, hazteko asmotan dator ordutik: beraz, adi egon beharko dugu, eta bitartean daukagunaz gozatu, merezi du eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.