Byard Lancaster 'It's Not Up to Us'

Askea eta espirituala

Diskoetxea: Superior Viaduct.

2023ko ekainaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Byard Lancaster AEBetako Philadelphia hirian jaio zen, 1942an. Saxofoi altua ikasten hasi zen oso goiz, baina laster, flauta eta klarinete baxua jotzen hasi zen. Berklee College of Music zentroan zegoela, jam session saioak eta biran zeuden artisten kontzertuak antolatzen hasi zen, Dave Burrell pianistarekin batera. 1965ean, New Yorken finkatu zen, eta bertako jazz eszenako parte-hartzaile bilakatu zen, bai eta hainbat jazz musikari garrantzitsurekin jo ere, tartean, Archie Shepp, Sunny Murray, Bill Dixon eta Marzette Watts.

Lancasterren lehendabiziko lana da It's Not Up to Us, zeina Atlantic konpainiaren azpizigilu Vortexek plazaratu zuen; Vortexek, besteak beste, Chick Corea, Keith Jarrett eta Sonny Sharrock jazz musikarien estreinako diskoak argitaratu zituen.

Bada, berrargitalpenetan espezializatutako Superior Viaduct diskoetxe prestigiotsuak estreinakoz berrargitaratu du 35 minutu eskas irauten duen disko zoragarri hau, eta zigiluak berak adierazi duenez, Albert Ayler, Don Cherry eta Pharoah Sanders musikarien zaleentzako lana da; alegia, free jazz eta jazz espiritualaren zaleentzako harribitxia da.

Sun Ra, Philly Joe Jones, Sunny Murray, Larry Young eta Fred Hopkins musikariekin lan egin izanagatik ere, Lancasterrek ez du merezitako sona jaso. Bere proposamenean, gainera, askotariko eraginak biltzen dira, hala nola haur-kantuak, folk musika, Beethoven eta James Brown. Izan ere, bere negozio-txartelak honela esaten zuen: «Love Supreme-tik, Sex Machine-ra». Ondorioz, adituek jazz berria etiketan sartu zuten, klasizismotik urruntzeko.

Bada, It's Not Up to Us aipatutako musika-kolore horien guztien isla da. Diskoari izenburua ematen doinuarekin hasten da grabazioa, non Lancaster flautarekin surfean ari den, aske, congek eta bateriak eragindako itsaski sinkopatu baten gainetik. Last Summer-en ere flauta da protagonista, eta haren melodia hipnotikoen inguruan ari dira bateria, baxua eta gitarra —Sonny Sharrock gitarristaren lana aipagarria da grabazio osoan, The Ex, Sonic Youth edo Fugazirekin alderatu daitekeena—. John Coltraneri egindako omenaldi espirituala eta adierazkorra da John's Children; katedral bat. Diskoari amaiera ematen dion bederatzi minutuko Satan doinuan, arrastaka mugitzen den Sharrocken gitarra aparta nabarmentzen da. Bitxikeria gisa, Harold Arlen konpositoreak The Wizard of Ozfilmerako idatzitako Over the Rainbow abestiaren moldaketa bildu zuen Lancasterrek lehendabiziko lan zirraragarri honetan.

Finean, jazz adituek saltoka behar dute egon, lan hau berrargitaratu duelako Superior Viaductek; nik, behin entzunda, eskaera egin nuen ziztuan. Halaber, jazza urrunetik sentitzen duten horiek ere egundoko gozatua hartuko dute grabazio honetara hurbiltzeko ahalegina eginez gero, bidaia espirituala, askea eta askotarikoa ez ezik, sekulako gustu onarekin egindako diskotzarra baita. Doinu bakoitzak unibertso bat osatzen du bere horretan. Horrekin batera, oso disko aberatsa da instrumentazioaren aldetik. Asperduraren eta desengainuaren kontrako antidotoa da It's Not Up to Us.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.