Kevin Morby. 'This Is a Photograph'

Argazkien isla

Diskoetxea: Dead Oceans.

2022ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Kevin Morbyk kantautore izen handien ondorengoa dela berresten du zazpigarren lanarekin, Bob Dylan, Leonard Cohen edota Jeff Buckleyrekin alderatu baitute askok, eta ez zaie arrazoirik falta.

Lanaren hastapena ere azaldu du musikariak, eta benetan kuriosoa da. Familia afari batean aitaren gaztetako argazki zaharrak ikusten egon ondoren, hari bihotzeko batek eman zion eta ospitalean bukatu zuten. Horrela, aita errekuperatze bidean zela hasi zuen konposizio lana, Memphisera bidaiatuz goiz hil ziren bere idoloen berri izateko (Buckley, Jay Reatard eta Elvis tarteko). Han grabatu zituen azken abestiak, eta diskoaren sortze prozesuko egoeraren ondorioz hartutako tonu triste, ilun eta sakona lan osoan zehar nabari da. Texastarrak erraz jakin izan du galdutako aitaren argazki bateko emozioei forma eman eta This Is a Photograph-en txertatzen. Aitari eskainitako omenaldi sentikorra da, abestietan hauskortasunetik idatzitako hausnarketak eta bere barneko oroitzapen ezkutuenak azaltzen dituena.

Horrenbeste nostalgiaren artean bada rock-and-roll klasikorako lekurik ere, Rock Bottom abestian nabari dezakegun bezala; soinu zoro eta itsaskor batekin, diskoak duen karga emozionala pixka bat arintzen du. Hala ere, eta lehen aipatu bezala, lan honetan bihotzetik eta erraietatik datozenak gailentzen dira beste guztien gainetik, ezkortasunetik datozenak, eta Morbyren ezpainetan bizitza propioa hartzen dutenak, ahanzturarik gabe betiere, «And here, we live forever, inside a picture» abesten duenean kasu, metaforarik gabeko pasarteak oparituz, leku, jende eta momentuez ederturik. Bizitza eta haren joateari buruzko elegia izanik, olerki ederrak eskaintzen dizkigu A Coat of Butterflies-en, eta Five Easy Pieces-en, pianoarekin maisuki jolastuz, delikatu hasi eta bikaintasuneraino iristen da. Bikotekidea eskertzeko pasiozko mezuak azaltzen dira Stop Before I Cry-n, eta, ikustea kostatu egiten den arren, beti hor dagoen esperantza zantzua ere ageri da Goodbye to Good Times-en.

Musikariak instrumentuetan aberats jokatu du lan honetan, pianoa, saxoak, banjoa, harpa, hariak, melodika, koruak, eta abar sartuta. Lagun izan dituen musikari bikainek eta Ipar Amerikako musika popular eta tradizionala berpizten maisua den Sam Cohen ingeniariak ere berebiziko garrantzia dute; izan ere, bluesetik gospelera, edota souletik countryra salto eginez, doinu guztiek soinu ona dute, ezerk ez du bortxatu itxura, eta erraietatik ateratakoak direla ohartuko da entzulea.

Kevin Morbyk ez digu This Is a Photograph hau errepiderako bidaide bezala bakarrik oparitzen. Bere bizitzaren intimitatea ikusi eta miresteko aukera ere ematen du diskoarekin, eta garai batean izan zenaren eta gaur egun denaren izaera modu gardenean erakusten digu. Bere ibilbide guztian gorantz joan da, eta lan honekin goia jo duen ez badakit ere, guztietan osoena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.