Musika. Sleaford Mods. 'Spare Ribs'

Txertorik eraginkorrena

Diskoetxea: Rough Trade.

2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Bikote britainiarrak 2014an egin zuen salto merkatu zabalera Divide And Exit apurtzailearekin. Proposamenak ziztuan konbentzitu ninduen, batez ere ohiko rock formatutik urruntzen zelako. Hauxe idatzi nuen egunkari honetan diskoaren harira: «Gizonezko bikoteak hip-hop minimalista eta punk-rockaren amorrua uztartzen ditu. Andrew Fearnek eta Jason Williamsonek osatzen dute bikotea. Lehenengoak baxu eta bateriarekin ondutako oinarri sinpleak tirokatzen ditu ordenagailutik; bigarrenaren etorria, berriz, amaiezina da. Emaitza sorpresa originala, erakargarria eta borrokazalea da. Wu-Tang Clan, The Fall, ESG eta harrotasun proletarioa garagardo bitsetan bustita».

Halere, Nottinghameko musikarien diskografia hazi ahala, formulaz nekatzen hasia nintzen, taldearen zale naizela aitortzen dudan arren: post-punk, elektronika eta hip-hop estiloen uztarketa minimalista. Urte berriarekin batera baina, Spare Ribs argitaratu dute, eta begi zorrotza izan dute diskoaren sustapenean musika-kritikarien epaia erabili baitute lelotzat: «Kritikarien aburuz, orain arte plazaratu dugun diskorik onena da».

Bada, ezbairik gabe bikotearen lanik biribilena eta ezberdinena da, hainbat elementu berritzaile tarteko. Hasteko, Sleaford Modsen grabaziorik melodikoena da. Williamsonek bere rap kutsuko erretolika gainditu eta abeslari melodiko bihurtzen da tarteka. Horren erakusle, Fishcakes ilun eta hipnotikoa. Horrekin batera, emakumeen ahotsak txertatu dituzte bi kantutan. Biak ala biak diskoaren tontorrak dira. Nudge It doinuan Amyl & The Sniffers punk-rock talde australiarreko Amy Taylor abeslariak kantatzen du eta Mork n Mindy abestian halaber, Billy Nomatesek parte hartzen du. Hirugarrenik,baxuen presentzia nabarmena da, bai eta gitarra solteren batena ere. Instrumentazio berritzaile horren adibideak dira Shortcumming eta Glimpses. Azkenik, Andrew Fearn musikariaren oinarriek ohiko ezaugarriak erakusten dituzte: minimaltasunerako joera nabarmena eta sendotasuna. Oraingoan baina, oinarriok inoiz baino trinkoagoak eta itsaskorragoak dira. Dantzarako gonbita.

Hitzek, bestalde, berebiziko garrantzia dute proposamenean, eta Williamsonek argi bereizten ditu nortzuk diren bete erretolika zorrotz, sutsu eta oldarkorraren biktimak, besteak beste, brexit-a, Londres hondatzen duen kapitalismo basatia eta Boris Johnsonek zuzendutako gobernu populista. COVID-19aren itzala era sumatzen da diskoan, bai eta Erresuma Batuko gobernuaren ganora eza pandemia gobernatzerakoan ere.

Laburbilduz, pandemiak hobetzeko eta arriskatzeko aukerak eskaini dizkio Sleaford Mods bikoteari, eta Fearnek eta Williamsonek ondo baino hobeto jakin dute izurrite globalak eragindako pesimismoa eta ernegua hamahiru kantu berri eta berrituetan gauzatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.