Rodeo 'Hybris'

Langileriaren ahalduntzea

Argitalpena: Bonberenea Ekintzak

2022ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Hybris martxoan argitaratu zen Moira diskoaren bigarren zatia da. Bi lanen gidoia ikusita, laster ohartuko gara rock opera baten aurrean gaudela. Prometheoren sorrera prozesua ardatz hartuta, «bizi dugun egoera historikotik abiatuta, Moiraren (kapitalaren determinismoaren) objektu soil izatetik, historiaren subjektu izatera pasako da langile klasea». Oro har, hori izan zen Moira diskoaren planteamendua; orain, Moiraren transgresioa ikusiko dugu, ordena sozial horren erortzea. Prometheoren bidaiaren bidez, bide horretan bere subjektibitate propioa ere gaindituko du.

Kontzeptu eta kontakizun hauek guztiek osotasun bat planteatzen dute, baita musikalki ere. Bi disko urte berean argitaratzea marka da gero; eta baliteke etorkizunean album bikoitz moduan kontuan izatea ere. Musikalki, Moira-ren handitasuna gainditzea ez da batere erraza; hala ere, lortu dute. Karlos Osinagak ehundutako pista gordin eta zehatzek kantuei arnasa hartzen uzten zien lan horretan. Taldearen historian, halaber, espazioari eta isiltasunei ematen zaien garrantzia oso handia izan da. Baina, hara non, berriz ere Eñaut Gaztañagarekin Gaztain estudiora itzuli diren, soinuari beste buelta bat emateko.

Batetik, garbitasun berezi baten bilaketak bere emaitzak eman ditu, nahiz eta Odola edo Keres bezalako piezetan zikintasuna nagusitzen den. Bestetik, konposizioen maila teknikoa aipagarria da oso. Gainera, zirrikitu denak inoiz ez moduan bete dituzte, kantuak barrokismo konplexu batez jantziz. Konfiantza osoa eduki behar da hori lortzeko eta, batez ere, atmosferak ez gainkargatzeko. Keres eta Ares abestien konplexutasuna eta konposizio-aberastasuna handiak dira oso. Lehenaren gitarra melodia dotorea eta indarra azpimarragarriak badira, zer esan Ares-i buruz? Aski segur taldearen historiako onena, riff gurutzatu eraileak, atmosfera jantziak, intentsitatea, amaiera aldeko gitarra soloa eta ondorengo azelerazioa... horrek denak sortzen duen euforia eta atmosfera mozkorgarriak diskoaren gailurrera daramate kantua.

Diskoari izena ematen dion kantuan antzematen dira gehien giro hipnotikoak, baita Thanatos-en ere. Hau da, lanaren hasieran eta bukaeran. Bestetik, instrumentalik ere ez da falta, baina oraingoan (Athenea) ez dute atmosfera flotatzailerik bilatu, eta kantu aski kañeroa dugu. Bi ahotsetan landutako melodiek oso landuak izaten jarraitzen dute, Lunacharsky (hori bai bateria soinua!), Odola edo Keres-en, kasu. Abiadura eta azelerazio indartsuak ere ez dira falta diskoan (Sisifo, Ez da hil, Atenea...), ezta ohiko pieza luze eta jostagarria ere (Thanatos, zortzi minututik gorakoa). Finean, lan oso mardula eta askotarikoa, orain arte egin duten onena eta osatuena. Rodeok lan honekin stoner rockaren jarraitzaileak guztiz asebeteko dituen pauso handi bat eman du, urtebetean bigarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.