Tiwayo 'Desert Dream'

Pop-folk beltza

Diskoetxea: Time and Place Records.

Andoni Tolosa.
2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Bada musika beltz amerikarren hari ezberdinetatik tiraka sortzen den egile-pop izendatu dezakegun formula nahiko estandarizatu bat; 1960-1970eko hamarkadako soul musikaren, blues-rockaren eta folk-rockaren ukituak uztartzen ditu, baina jazz musikatik edaten duten croonerren eskarmentuarekin jantzita. Nolabait laburtzeko: erroetara begira jarritako musika da, benetakotasuna islatzen duena, baina, era berean, arrakasta aipagarria lortzeko moduko ekoizpenez eta senaz armatua dagoena. Nahastu Janis Joplin, Otis Redding, Nina Simone eta Odetta, eta horrelakoa izan daiteke emaitza. Adibidez, hauek dira Tiwayoz hitz egiten dutenean, adituek maiz aipatzen dituzten izenak. Ez da harritzekoa horiek azaltzea, baina, ziurrenik, adituon katalogatzeko gaixotasunaren isla baino ez da sarrera moduko hau. Gehiago adierazten du, ordea, Desert Dreams honek.

Hiru disko (maxi bat eta bi disko luze) aski izan ditu kantari paristarrak erroetako musika zaporetsu eta, era berean, sofistikatua maite duen entzulearen arreta erakartzeko. Horretarako, disko honetan dauden kantuen modukoak erabili ditu; erritmo ertainetan erraz mugitzen diren kantu elektro-akustikoak dira —aldiro folk baladetara hurbiltzen badira ere—, moldaketek eta instrumentazioak zetazko pop-rockarekin pixka bat puztutakoak.

Entzulea lehen entzunaldian harrapatzeko zorroztutako kantuak dira, eta amarruak berriro ere funtzionatzen du. Diskoa behin eta berriro entzun baitaiteke, ahalegin handirik eskatu gabe, eta bidean neke handirik pilatu gabe. Eta entzun diodanean, entzun diot, ez jarrita eduki, beste zerbait egiten ari zaren bitarteko soinu-banda gisara. Eta hori, benetan, ez da erraza, alkimia berezia behar da disimulurik gabeko estandarizazio hori kantuen dirdira propioaren mesedetan jartzeko, ito beharrean, anplifikatzeko. Eta horixe da, nire ustez, disko honen baliorik nagusia; zein erraz entzuten den, eta zer zapore ona uzten dizun entzunaldi bakoitzaren ondoren.

Begiratu behar dut zein den diskoaren ekoizlea; a noski, besteak beste Black Keysekin lan egindako Mark Neill. Eta non dagoen grabatuta; a, Menphisen, eta bertako eskarmentu handiko estudio-musikari batzuen izenak agertzen direla ohartuko naiz. Eta kantaria, dagoeneko Ameriketako Estatu Batuetan bizi dela irakurriko dut. Eta pentsatuko dut; zein ongi egina dagoen disko hau! Eta berriro martxan jarriko dut aparailua Tiwayoren ahots ezti baina, era berean, keztatuaren errazio berri bat hartzeko, pop-folk beltz komertzial baina onaren izenean topa egiteko. A, ahaztu gabe... eta gainera, zuria da!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.