Tzar 'Vol. 2: Irainduei'

Aniztasunean ere eroso

Diskoetxea: Hagina Records.

2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Iaz lau kantuko lehen EP-a argitaratu ostean, bigarrengo honetan, guztira, bost abesti grabatu ditu Mikel Larratxe (Sexty Sexers, Mutürbeltz, Zakillers) abeslari lanetan daukan boskoteak. Beste lau partaideak Nestor Uranga eta Xavi Calvo gitarra joleak, Ager Egurbide baxu jolea eta Alberto Blood Seekers bateria jolea dira, Velozet eta Horzdun taldeetan ibilitakoak. Aurreko lanean bezala, 90eko hamarkada berehala etorriko zaigu gogora, baita bere isurialde alternatiboan egin ere, baina beti zentzu zabalean ulertuta eta hainbat estilo modu erosoan nahastuz: stoner rocka, sludgea, metala, hardcorea... Ikuspegi zabal honek ez du, haatik, erreferentzia zein soinu gaurkoturik arbuiatzen, eta emaitza guztiz freskoa eta teknikoki gaurkotua zabaltzen du bere bost abestietan.

Honela, Entzun kantuarekin hasten dira, kantu motz eta guztiz metalikoa edota hardcore zalea; izan ere, haren abiadura hiltzaileak hamaika iturritatik edaten baitu. Thrash metalik basatiena gogora ekar dezake, edo hobe death metala, nahiz eta gero %100 Kuraia den bere errepikan. Mikel Kazalis —aurreko lanean ere aritu zen— ekoizle lanetan izatea nabaritu da, beraz. Ur lodi-k eta Larratxeren ahots konprimatuak Sexty Sexers ekar dakiguke gogora, stoner rockaren eta deribatuen pultsazioak direla medio. Guztia, oinarri instrumental mardul eta bereziki indartsuz borobilduta, noski.

Badauka lan honek zikintasun oso markatu bat, aurrekoa baino oraindik agerikoagoa segur aski, baita abiadura zitala eta gupidagabea ere. F.O.M.O. kantarekin, bestalde, ezin dugu The Cult taldearen nolabaiteko eragina ahantzi, batez ere Josebaren ahots airosean, nahiz eta kantuaren basakeria pauso bat harago doan. Eta, zakarkeriaz ari garenez, 9 MM kantuaren tratamendua hedakorra da oso. Biruss taldeko Martinek jarri duen ahotsak zerikusi handia izan du horretan, eta atzetik daukan oinarri instrumental desertiko/lisergikoak stoner rock astunena azaleratzen du, kontraste interesgarrian.

Ego sobredosien astelehenetako ajea sei minututik gorako bidaia lisergikoa da. Gitarraren trataera sakonak, ahots sorginduen fraseatzeak, erritmo tematiaren oldarraldiak, gitarra soloak (motza bada ere, aipagarria da Tzar taldean halakorik egotea), eta garapen instrumental irudimentsuak entitate berezia ematen diote. Finean, estilo jakin bakar batean sailkatzeko zaila den arren, diskoaren nondik norakoak hasieran aipatutako parametroetan daude orokorrean.

Taldeak deskribatzeko modu ezberdinak daude: atentzioa diskoetan jar dezakegu, edo kantuen hitzetan, edo bideoklipetan, edo elkarrizketetan. Baina Mikel Larratxe (azken bi hamarkadetako frontman-ik lehergarri eta karismatikoena, ziur aski) kantaritzat daukan edozein taldek zuzenekoetan izango du beti bazarik handiena. Beti izan da horrela, eta beti markatu du diferentzia besteen aldean. Bide batez, gure artistek estilo mota hau euskaraz kantatuz amerikarrei inolako inbidiarik eduki gabe aurrera egiteko ahalmena daukatela sobera erakusten dute Tzar taldeak eta beste hainbatek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.