Musika. Mexican Institute of Sound. 'Distrito Federal'

Zenbait zapore

Diskoetxea: El Volcan Musica.

Andoni Tolosa.
2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Badira urte batzuk mexikar elektronikak entzute handia lortu zuena, batik bat joskera herrikoien eta musika elektronikoaren arteko nahasketa irudimentsua zela medio. Nortec Collectivek, adibidez, musika norteñoa zuen lehengai, eta dantza pistetara eraman zituen Tijuana eta baita mugako izpiritu musikal eta soziala ere, soinu-txiki eta corridoak tartean. Horretarako errazkeriak alde batera utzi zituzten, eta bestalde, hain mexikarra begiztatzen zaigun irudimen apur bat magikoa erabili zuten lanabes gisara.

Hari horretatik tiraka, 2006an kaleratu zuen bere lehen lana Camilo Larak. Mexican Institute of Sound izena aukeratu zuen proiekturako, eta Mexico Magico jarri zion izenburu diskoari. Garbi zegoen zein errori begira jarrita zeuden musikariok, eta nola aldarrikatzen zuten haien proposamen musikalaren mexikartasuna. Nahiz eta oso Mexiko ezberdinez aritu batzuk eta besteak.

Mexiko DFkoa da Camilo Lara, eta nabaritzen zaio, haren diskoek badutelako munduko hiri handienetakoari dagokion kosmopolitismo ukitua. Bai jorratzen dituen erritmo latinoetan (cumbia, bolero, txa-txa-txa, mariatxi...), zein horiekin jolasteko darabiltzan osagai elektronikoetan, pop musikatik hurbil, eta erritmorik bortitz eta makinistenak alde batera utzita. Horretaz gain, haren kantuak bertako kaleetatik atera berriak diruditen pertsonaiez eta istorioz josita daude.

Adibidez, trapero baten iragarkia izan daitekeenak irekitzen du bere hiriari omenaldi gisara eraikitako Distrito Federal lana. 1950eko hamarkadako musika gogoratzen duen giro etereoz hasi eta gitarra elektriko zaratatsuen oihartzunekin amaitzen da Se compra kantua. Baina ondoren, soinu-txikiek polka bat azaleratuko dute, chicharen izpiritu jostalariaz josia. Nabarmena da disko osoan cumbiarekiko atxikimendua, eta Dios izan daiteke horren adibide, baina baita La Perla hirukoak rap aldera biratzen duen El Antidoto edo Cruzando el Rio klasikoagoak.

Zorionez, nahiko presente dago lan honetan banda mexikar musika, hip-hopera lerratutako Vamos eta diskoa ixten duen The Lunatics Sinaloako Banda Misteriosaren laguntzaz burututakoan, adibidez.House ukituren bat ere bada Mi America Is Not Your America dantzagarrian, baina ez larritu, gero badator bolero bat, Paloma, eta badago, baita ere, 60ko hamarkadako pop ukiturik (La Luna De Noviembre) —Los Tres Sudamericanos haluzinatu batzuena dirudi—, baina hori bai, dena Mexican Institute Of Sounden prisma koloretsu, irudimentsu eta finaz jantzia. Ez da harritzekoa Mexican Institute Of Soundek lau urte ematea kantu-bilduma hau osatzeko. Hainbeste kolore, zapore eta usain ditu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.