The Blaze 'Jungle'

Kaosean, modu librean

Diskoetxea: Animal 63.

2023ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Lehen diskoa argitaratzeaz bat, 2018an izugarrizko arrakasta lortu zuen The Blaze bikote frantsesak, eta —ez da makala— lau urtez aritu dira mundu osoko eszenatokietan hori zuzenean aurkezten. Denbora honetan guztian abesti berriak sortzen aritu dira Guillaume eta Jonathan Alric, eta horren emaitza da bigarren lan luze hau, Jungle.

House-pop doinu minimalistak oraingoan ere ageri dira, eta, jada, mundu mailan eszena horretako talde garrantzitsu bihurtu da taldea, bai sorkuntzan, bai taularatzean duen dotorezia kontuan hartuta. Jungle hau aurrekoaren ildotik doa hein batean. Interpretazio librea da nagusi, eta anbiguotasun dezente ageri da haien abestietan. Hori mantentzea lortu dute, entzule bakoitzaren emozioak piztuz eta diskoko abesti bakoitza bere egitera eramanez. Taldekideek esan bezala, The Blaze ez da musika bakarrik, garrantzi izugarria ematen baitiote arlo bisualari, eta baita hitzei ere, arazo sozial eta kulturalak salatzen dituztenak. Jungle honetako hamar abestietan ere ageri da hori. Lullaby-k irekitzen du lana, ahots delikatu eta finekin. Dreamer, aurrerapen abestia izan zena, aurrekoak baino energia gehiagokoa da, eta hitzek taldearen sustraiekin konektatzen dute. Eyes-en ahotsei eta malenkonia sentimenduei ematen diete garrantzia, eta hirugarren aurrerapen abestia izan zen Clash-ek energia izugarria dauka, eztanda egiten duena, eta dantzarako gogoa pizten duena, inongo zalantzarik gabe. Madly amaierako abestiak soinu naturalagoa eskaintzen digu, erritmo berean doazen ahotsekin lagunduta. Disko honek bidean ikasitako guztia islatzen du, aurretik sorturiko lanen eta eskainitako bira guztien eragina nabari baita. Musikariek esan dute lan hau sortzeko haien musikak zuzenean zein soinu izango lukeen imajinatu izan dutela, bidaiatuz eta publikoaren erreakzioak aztertuz. Egia da, hala ere, izugarrizko lana izan arren, batzuetan aurreko laneko ahots sakon horien falta sumatzen dudala, The Blaze taldearen ezaugarri berezienetako bat baitziren, baina dantzarako doinu txukunak sortzea izan omen da haien helburu nagusienetako bat, eta ez dute baztertzen abesti horien bertsio berriak grabatzea. Beraz, uste dut The Blaze-n material eraberritua izango dugula, abesti berak moldaketa ezberdinekin entzun ahalko ditugula.

Azken finean, aldarte ezberdinetatik pasatzen da disko osoa, alai eta saminetik, baina beti mugimenduan egoteko eta dantzarako gonbita luzatzen du.

Diskoaren azalak ere hori islatu nahi izan du. Mexikoko hiriburuko argazkia ageri da; kaosaren irudia, oihan basati batekoa balitz bezala. Hori da The Blaze, gaur egungo soinua daukan talde nahasia; ez iraganekoa, ezta etorkizunekoa ere, abesti bakoitza gaur egungoaren kontakizun bat baita, oraingo belaunaldiaren musikarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.