Albistea entzun

Arrosa sarearen topaketak Iurretan egingo dituzte, azaroaren 6an

Irrati sarearen hogei urteko ibilbidea jasotzen duen dokumentala estreinatuko dute jardunaldian
Arrosa sareko irrati batzuen ordezkariak, azaroaren 6ko topaketei begira deialdia egiten.
Arrosa sareko irrati batzuen ordezkariak, azaroaren 6ko topaketei begira deialdia egiten. ARROSA Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2021eko urriak 31

Aurten hogei urte bete ditu Arrosa irrati sareak. Gaur egun ere, funtsezko sarea da irrati libre eta txiki askorentzat, eta saioak trukatzen jarraitzen dute zazpi herrialdeetan. Urte horietan guztietan Arrosan arduraren bat izan dutenak, sorreran parte hartu zutenak eta Zebrabidea magazinean aritu direnak hizketan agertzen dira Arrosaren inguruko dokumental batean. Datorren larunbatean, azaroak 6, Iurretako (Bizkaia) Goiuria kulturgunean estreinatuko dute dokumental hori, 18:00etan. Modu honetan azaldu dute dokumentalaren tesia: «Elkartzearen edo saretzearen garrantzia ageri da lanean. Irratia gaur egun ere bizirik dago, eta beharrezkoa da euskaraz dagoen produkzioaren maila eta kalitatea nabarmentzea. Herri zapaldu batean, hizkuntza gutxitu batean Arrosako 25 irratiek elkarrekin banatzen duten saio kopurua altxor bat da».

Azaroaren 6an bertan, Arrosa sarearen topaketak egingo dituzte. Goizean, 10:00etan hasita, tailerrak egingo dituzte Abadetxean: Hizkera sexista eta arrazista gure mikroetan; software librea irratian; eta FMko emisio bat zerotik.

12:00etan, Goiuria kultur gunean, mahai inguru bat egingo dute Irratia, podcastak, eta ondoren zer? izenburupean. Parte hartzaileen artean, Klak eta Beranduegi podcasten gidariak eta Radixu (Ondarroa, Bizkaia) eta Hala Bedi (Gasteiz) irratietako ordezkariak egongo dira.

Herri bazkariaren ostean, irrati arteko nobela egingo dute. Gauerako, berriz, kontzertuak antolatu dituzte: Haatik eta Baske Street Boys taldeek joko dute.

Arrosa herrian sortu zen

Nafarroa Behereko Arrosa herrian jaio zen irrati sarea duela hogei urte, Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren babesean. Joxemi Zumalabe fundazioak «ezinbesteko bultzada» eman zuela nabarmendu dute Arrosa sareko ordezkariek. «Arrosa sarean modu batean edo bestean bere aletxoa jarri duten guztien lana aitortu eta eskertu nahi dugu». Euskal Herri osoko 25 irratik osatzen dute egun Arrosa sarea. Astelehenetik ostiralera, Zebrabidea euskarazko magazina ekoizten dute. Eta irratien artean makina bat saio trukatzen dituzte.

Arrosakoek esan dute azken bi urteak ez direla errazak izan. «Pandemia malapartatuak eta bere kudeaketak zuzenean eragin digu irratioi, batez ere gure jarduna aurrera eramateko ezintasunak izan ditugulako». Baina, bestalde, Arrosako irratien emankizunak ez dira eten. «Gertatzen edo bizitzen ari ginena kontatzeko bozgorailuak izan dira».

Iazko topaketak martxoaren 28rako zituzten antolatuak; bertan behera utzi behar izan zituzten. «Zorionez, egoera pandemikoa aldatu da, eta indarrak hartu ditugu ezinezko izan zen hura oraingoan gauzatzeko». Irratia maite duten edo interesa duten guztiei topaketetara joateko gonbita egin die Arrosak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joker liburu dendako postua atzo, Getxoko Santa Eugenia plazan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Getxo gero eta japoniarragoa

Amaia Igartua Aristondo

Azkenaldian igo egin da mangarekiko interesa, eta Getxoko Komiki Azokako postuetan nabarmena da ildo aldaketa hori. Euskarazko komikiak ere gehiago egin eta saltzen dira.
Josette Dacosta margolariak mihiseak lurrean jarrita margotzen du. ©GUIILAUME FAUVEAU

Teklen bitartez emandako pintzelkadak

Ane Insausti Barandiaran

Adimen artifizialaren bidez, posible da ordenagailuari agindu bat eman eta hark obra bat sortzea. Hori artea ote den zalantzan jarri izan du, ordea, jendeak; hala gertatu da, adibidez, Coloradoko arte lehiaketa batean. Artista eta ikertzaileek esan dute pieza bat sortzea, fisikoki ez bada ere, artea egitea dela.
 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...