Musika. Witherfall 'Curse of Autumn'

Orbelaren usaina

Diskoetxea: Century Media.

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Udazkena iritsi baino lehenagokoa da madarikazioa. Los Angelesko Witherfall taldeak Curse of Autumn hirugarren diskoa plazaratu du. Joseph Michael eta Jake Dreyer musikari apartek azken bi urtetan landurikoaren emaitza da: heavy metal progresibo iluna. Aurreko lanak ildo berekoak izanik ere, hirugarrenean lortu dute kritikariaren belarriak tentetzea. Gainera, erakargarria da hainbat pertsona esanguratsuk estatubatuarren diskoarekin duten lotura.

John Schaffer musikari ezagunak ekoitzi du lana. Kapitolioaren erasoan parte hartzeagatik atxilotu zuten, eta, beraz, orain ezagunagoa da muturreko pentsaera izateagatik. Iced Earth taldeko buruak bere etorkizun hurbila hipotekatu du, eta gainerako kideek ospa egitea erabaki dute. Esaterako, Dreyer berak, orain gutxi arte bandako gitarrista zenak. Politika albo batera utzita, ekoizpen lan ona egin du Schafferrek, eta nabari da bere esentzia.

Marco Minnemann bateria jotzaileak aberastu ditu kantuak. The Aristocrats talde instrumentaleko kidea da, besteak beste, eta musika progresiboa ulertzeko modu propioa du. Bere erritmo sinpleenak hamaika ñabardura ditu. Hamabost minutuko ...And They All Blew Away piezan luzitzen da gehien, geruza guztietan ekarpenak eginez. Michael eta Dreyer gidariek bateria aproposena lortu dute beraien proposamena biribiltzeko. The Last Scar, As I Lie Awake eta The Other Side of Fear abestiak dira diskoko harribitxiak.

Kristian Wahlin artistak egindako azalak dituzte bidelagun. Nocturnes and Requiems estreinakoa horixka da, A Prelude to Sorrow bigarrena urdina, Vintage lan laburra berdea eta Curse of Autumn hirugarrena marroia. Ederrak dira guztiak, eta agerian uzten dute Necrolord ezizenez ere ezaguna den suediarraren artea. Marrazten hasi zenetik muturreko metal disko esanguratsu askoren azala egin du. Hala nola, Emperor, Atheist, At The Gates, Dark Tranquillity eta Dissection taldeena.

Zev Deans bideoklipen zuzendariak harrapatu du estatubatuarren esentzia. B serieko beldurrezko zinemaren estetika dagokion neurrian landu du As I Lie Awake kantuan. Gaua, basoa, banpiroak eta sexua. Osagai horiek nahastuta egin duen bideoa ikusteko modukoa da. Kaliforniakoek musikalki landu duten iluntasunarekin bat egiten du Deansen estiloak. Ghost eta Behemoth taldeekin egindako bideoklipengatik da ezaguna.

Erraz antzematen da orbelaren usaina. Hezetasun atsegin horren parekoa da Witherfallen diskoa. Azaletik mamira arnastu daiteke, sakon eta belarriak betetzeraino. Horrelako esperientziez gozatzeko garaia bizi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.