Musika. Natalie Evans 'Houses'

Zeru hurbilak

Diskoetxea: Small Pond.

Andoni Tolosa.
2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Modu aingerutarrean kantatzen duen beste kantari baten diskoak direla esateak, egia izanda ere, ez die justizia handirik egiten Natalie Evansen diskoei. Ez Erresuma Batuko folk munduan hautsak dezente harrotu zituen Better At Night lehenengo disko luzeari dagokionez (Small Pond, 2018), ezta oraintsu kaleratu duen Houses (Small Pond, 2019)honi buruz ari bagara ere.

Vashti Bunyan izan daiteke, horrelakoetan, nahitaez, erabili beharreko erreferentzia. Baina 60ko hamarkadatik bide luzea egin du emakume-kantaera garden, gozo, batzuetan gogogabetua dirudienak pop musikaren esparruan. Evans andrea entzutean, adibidez, ezin burutik kendu The Sundays taldea. Ibilbide ez oso luzeko 1990eko hamarkadako talde ingeles estimatuko Harriet Wheller kantariaren alaba izan zitekeela pentsatzeraino.

Beste artista batzuk aipatzea ez ei da modurik egokiena kantari gazte baten diskoaren aipamena hasteko, baina, diskoa entzun ahala, gero eta ageriago geratzen da soka horretako kantaria dela Natalie Evans, ez dela agortu kantua ulertzeko modu horren bidea, eta batez ere ez duela hori ezkutatu edo disimulatzeko asmorik.

Gitarra eta ahotsa, harpa eta piano apurrak, txeloak, edo diskoaren amaieran agertzen diren bateria eta baxuen laguntzak... ez da osagai gehiago behar folk garaikideko disko bikaina egiteko, horixe baita, lau hitzetan laburtuta, Houses hau. Distrakzio gutxiko diskoa da, lehenengo kantutik, Wake Up laburretik, gauzak argi adierazten dituena. Hortxe duzu minutu eta erdian laburtuta disko honek kontatuko dizuna. Melodia ederra du hurrengoak, Butterflies izenekoak. Pop kutsu ederrekoa gertatzen da, soka moldaketa sotil eta lelo itsaskorrarekin.

Edertasun geldoa darie bide beretik doazen Library Days eta Gymnastics-i. Denei darie halako kutsu onirikoa, baita folkagoa den Late Journeys eta diskoari izena ematen dion Houses kantuei ere. Beste lelo itsaskor bat eta gitarra joko sinple baina eraginkorra. Biluziagoak dira hurrengo lau kantuak, tartean Butterflies kantuaren bigarren bertsio akustikoagoa. Bukatzeko, berriz, erabat folketik popera lerratzen diren In Trees eta baita Houses kantuaren bigarren bertsio jantziagoa ere.

Ez da plazaratzen dituen berrikuntzengatik azpimarragarria gertatzen den diskoa. Agian kontrakoa, eragin klasikoak modu argian berrirakurtzean sortzen den magiarengatik, are gehiago, kontuan hartuta kantariaren gaztetasuna. Udazkenerako ezin aproposagoa gertatzen diren disko argitsu horietako bat da hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.