Musika. Grises. 'Talisman'

Galdu ala irabazi

Argitaletxea: Autoekoizpena.

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun

Gertakari paranormalen atala du Euskal Herriko musikagintzak. Gipuzkoako Zestoa herrian, gutxienez, bi dira aipatzekoak. Lin Ton Taun ezagunek zer esana eman zuten azken diskoa gaztelaniaz ere argitaratu zutenean. Ez zen askoren gustukoa izan. Grises taldeak, berriz, hasieratik erabaki zuen gaztelaniaz abestea, eta horrek sorturiko muga paranormala gurean gainditzea kostatu zaie. Bien arteko lotura izan daiteke arrazoia.

 

Izena laburtu zutenetik hamarkada luzea pasatu da. Pop elektroniko, dantzagarri eta gozoarekin iluntasunetik argira egin zuten. Urruti bezain gertu sentitzen da El Hombre Bolígrafo estreinako disko aparta. Sintetizadoreen eta gainerako elementuen arteko dema hasi zuten orduan, lan batetik bestera balantza orekatu eta desorekatu duena. Pilula melodiko itsaskorrekin eutsi diote bideari, eta ez dira erraz konformatu. Horrela iritsi dira Talisman seigarren diskora. Urtebeteko etenaren osteko freskagarria da, pandemiak irents dezan merezi ez duena.

Grises osatzen duten musikarien talentua da talismana. Gaztañaga anai-arreben artea musikaz haragokoa da. Amancay aktorea eta antzerki zuzendaria ere bada, eta Eñautek soinu oneko ekoizpenak egiten daki. Alejo Orbegozo sintetizadoreen maisuarekin konpartitzen dute gidaritza, eta musikarekin jantzi duten historia. Gaston Etxeberria eta Gartxot Unsain dira batu ziren azkenak. Etxeberria bateriak dagoeneko denbora darama erritmoa jartzen, eta Unsainen azken fitxaketak aberastu du boskotea. Dena ondo egiten du mutil honek.

Ordu erdira ez da iristen talismana, eta denbora tarte horretan dastatu daiteke gipuzkoarren lanik borobilena. Gozoa da, baina baita mikatza ere. Sintetizadoreek ez dute erabat amore eman, baina gitarrek irabazi dute oraingoan. Rock eta punk izaera zuzena bezain bizia azaleratu dute. Letrak amorruz idatzitakoak dira, belarrira leun iristen badira ere. Esaterako, Amazonia arde tropikala, Veneno basatia eta argi-ilunez beteriko Azul maitagarria. No estoy a salvo aquí profeziak bizi dugun gatibutasuna arindu dezake, Parte de mí apokaliptikoa iristen den arte. Eta urteko kanturik onenaren saria Galdu arte pilula irabazleak merezi du. Zestoarren euskarazko lehen kantua da, eta ez dadila izan azkena. Willis Drummond taldeko Jurgi Ekizaren parte hartzeak gertakari paranormal hura mila zatitan txikitu du, eta gipuzkoarren ibilbideko abesti handienen artean kokatu da.

[youtube]https://youtu.be/gli-lMGyl48[/youtube]

Elektronika ez dute orain aurkitu, eta denbora galdu gabe landu dute urtetan. Etxeko bozgorailua ez dute hasieratik alboan izan, eta horrela ere garaipen txikiak zein handiak eskuratu dituzte. Irabazten jarrai dezatela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.