Albistea entzun

Brasil. Egoera politikoa

Brasili berriz gobernu bat emateko erronka

Lula da Silvaren aurkako karguak baliogabetu izanak Brasilgo jokaleku politikoa astindu dezake, eta kolokan jarri Jair Bolsonaroren boterea. Zenbait aliatu estrategiko aldendu egin ditu presidentearen kudeaketak
Jair Bolsonaro Brasilgo presidentea Brasiliako Planalto jauregian, iazko abenduan.
Jair Bolsonaro Brasilgo presidentea Brasiliako Planalto jauregian, iazko abenduan. JOEDSON ALVES / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gabriel Puricelli -

2021eko apirilak 20

Jair Bolsonaro prentsaurreko batean agertu zen martxoaren 10ean, eta zera zeukan jantzita, orduantxe arte biluzik ibiltzearen pareko higuina sortzen zion osagarri bat: maskara. Brasilen COVID-19ak jota hil diren 340.000 lagunengatik ote? Zoritxarrez, ez. Bertze gertaera batek bultzatu zuen horretara: Luiz Inacio da Silva Lula presidente ohiak, bere eskubide politikoak berreskuratu ondotik emandako lehen hitzaldian, maskara zeraman, ezinbertzean erabili behar baita nork bere burua eta ingurukoak zaintzeko. Irudi bakar batekin, egungo presidenteak erakutsi zuen ohartua zela Brasilgo jokaleku politikoan izandako norabide aldaketaz. Orain arte, militar ohiak ordezkari nabarmenik gabeko oposizio bat zuen parean; orain, berriz, epaileek 2018an jokoz kanpo utzitako gizonari egin behar dio aurre, hau da, hain segur, presidente izatea galaraziko ziokeen horri.

Martxoaren 8an Auzitegi Federal Gorenak ezarritako zigorrak baliogabetu zituelarik, Lulak presidentetzarako hautagai izateko eskubidea berreskuratu zuen —2003tik 2011ra bitarte kargu horretan egondakoa da—, eta Brasilgo sistema politikoari, berriz, bere ardatzetako bat itzuli zioten. Lula bueltatu arte, Bolsonarok uste zuen aski izanen zuela bere ospearekin, gain behera doakion arren, oposizioari aurre egiteko 2022ko hauteskundeetan; izan ere, oposiziokoak boto gutxiko artxipelago baten parekoak dira, eta herritarrengan ez dute inolako atxikimendu emozionalik pizten. Ez zen erraza izanen, baina nekez irudika zitekeen hauteskundeak Bolsonaro ez den bertze norbaitek irabaztea. Egoera hain azkar eta ustekabean aldatu zen, non presidenteak ez baitzuen astirik izan kolpea saihesteko.

Brasilen, jakintzat eman dute Lula hautagai izanen dela berriz ere, nahiz eta hark azpimarratu duen ez dela hauteskundeetan pentsatzeko tenorea, 2022a urrun dagoela. Baina egungo Brasil ez da 2018koa, hots, Lulari presidentetzarako hautagai izatea galarazi ziotenekoa. Orain, Bolsonaroren aldeko fakzio militarrak eusten dio herrialdeari, eta haren esku daude gobernuko 6.000 kargu baino gehiago, tartean zenbait ministerio.

'Centrao'-aren beharra

Botere militarra giltzarri izan zen bere garaian Lula inhabilitatzeko, eta ontzi baten gila da orain, presidente-lemazainak noiznahi jitoan utz lezakeen ontzi batena, hain zuzen. Militarrek komenentziazko ituna sinatu dute beren kide izandako Bolsonaro presidentearekin: hark bere ospea jartzen du, baita bere gaitasuna ere, iritzi publikoaren herenak jarrai dezan Lula, PT Langileen Alderdia eta arrosa argitik gorrira bitarteko kolore politiko guziak mespretxatzen. Militarrek, berriz, gutxieneko konpetentzia bat ematen diote administrazioaren eguneroko funtzionamenduari. Batzuetan, gutxieneko konpetentzia hori ez da aski inondik ere; halaxe erakutsi zuen Eduardo Pazuellok, kargua utzi berri duen jeneralak, Osasun Ministerioan. Hala eta guztiz ere, militarren lana txukunagoa izan da Ernesto Araujo Atzerri ministro ohiarena eta Olavo de Carvalhoren sokako bertze ordezkariena baino.

Carvalho Brasilgo eskuin muturraren inspiratzaile ideologikoa da, eta, preseski, haren ahotsak indarra galdu du gobernuan. Izan ere, Bolsonarok gero eta gehiago jotzen du militarrengana administrazio gaietarako; gainera, gobernuan zenbait kargu eman behar izan dizkie centrao-ko alderdi kontserbadore tradizionalei, Kongresuko bi ganberak haien kontrolpean baitaude, eta emaitza bereziki onak lortu baitzituzten 2020ko azaroan egindako udal hauteskundeetan.

1985ean demokrazia itzuli zenetik, centrao edo zentroa Brasilgo gobernu guzien ordezko gurpila izan da, baita Langileen Alderdia PTren gobernuena ere. Beren burua zentristatzat dutelako baino gehiago, Brasilgo politikaren giltzarria delako deitzen zaio centrao eskuineko alderdiek osaturiko unibertso horri. Estatuan harrapakinaren zati ahalik eta handienaz jabetzea da talde horren izateko arrazoia, eta gutizia hori edozein koloretako gobernuek asetzen ahal dute. Hain zuzen, estatuaren aurrekontuek pizten dieten irrika horregatik, alderdi fisiologiko ere deitzen zaie centrao-koei. Presidentearen aurkako epaiketa politikoaren atea ireki edo ixteko giltza dute, eta horretan datza haien boterea: Dilma Rousseffekin, 2016an, erakutsi zuten edozein buruzagi dagoela kargua galtzeko arriskuan centrao-ko kideek hala nahi badute. Halaber, 2020an jokoan zeuden alkatetzen erdiak eskuratuta, Bolsonarori frogatu zioten ez dutela desagertzeko inongo asmorik.

Brasilgo Gobernuari eusten dion ménage à trois hori, beraz, hiru egitasmoren baturatik sortua da. 2016tik, militarrek, asertibitate eraberrituz eta oraingoz demokratikoki, helburu bat lortu nahi dute, 1964an Joao Goulart Jango-ren kontrako estatu kolpeak zuen berbera: zentrotik ezkerreragoko bertze gobernu bat izan dadin eragoztea. Kargutik bota eta hainbat urtera, Jango hil egin zuten, baina Lulak zorte handiagoa izan du. Bolsonaro familiaren egitasmoa, gaurgero, ez da hain handinahia: presidentearen semeen aurka —ustelkeriagatik eta bigilantismoan ibiltzen diren miliziekiko harremanagatik— abiaturiko auziei izkin egitea. Centrao-ren xedea ere aipatu dugu jada, eta, justuki, xede horrek berak bihurtzen ditu kontserbadore tradizionalak hirukotearen katebegi ahul: badakite Bolsonaro ez dela egarria eta gosea ase diezazkiekeen bakarra, lehena ere ez baita izan.

Zimendua, mugituta

Bolsonaroren gobernuaren bertze zutabeetako bat ere ahuldu da: Langileen Alderdiaren garaia gainditzeagatik pozarren zeuden sektore ekonomikoak, hain zuzen, zeinek buruzagi militar ohia horretarako tresnatzat hartu baitzuten. Alde batetik, nekazaritza industriak larriturik eman ditu bi urte, Araujo Atzerri ministro ohia Txinako agintariak laidoztatzen eta iraintzen ikusita; izan ere, Txina da Brasilgo sojaren erosle nagusia, baita lehen sektoreko bertze zenbait produkturena ere. Finantza sektoreek, berriz, zera uste zuten: Ekonomia Ministerioan erregulazioaren aurkari sutsu Paulo Guedes eta presidentetzan bazter nahasle bat edukitzeak bide eman ziezaiokeela, Brasil globalizatuan, bertze kapitalismo ziklo bertutetsu bati. Oraintsuago eta nabarmenago, baina, sektoreok ohartu dira, saminez ohartu ere, gobernuaren kudeaketa desordenatuak kalte egiten diola haien negozio gaitasunari.

Agertu da, berriz ere, Bolsonaro kaotikoari presidentetza kentzeko egiazko aukerak dituen hautagai bat, eta fitxa anitz hasi dira mugitzen; fitxa horietarik bat da martxoaren 22an hainbat enpresarik argitaratutako gutuna. Testua, bertzeak bertze, Roberto Setubal eta Pedro Moreira Sallesek sinatu dute —biak ala biak Itau Brasilgo banku handienaren buruak dira—, baita Brasilgo banku zentraleko presidente ohi Gustavo Loyola eta Arminio Fragak ere, eta ezin irmoagoa da. Haren arabera, «herrialdea nekaturik dago lekuz kanpoko ideiez, hitz funsgabeez, eta ekintza berantiar nahiz okerrez». Aitzinetik erran bezala, Bolsonaroren politikek zaildu egin dituzte Brasilentzat ezinbertzekoak diren zenbait harreman komertzial, guztiz alferrik, gainera. Nolanahi ere, inork ikusi nahi ez zuen egia borobil batek agortu du gutunaren sinatzaileekin bat egiten dutenen pazientzia: osasun politikaren kudeaketa kaskar eta katastrofikoren ondorioz, 338.000 lagun hil dira Brasilen COVID-19ak jota; heriotza horietako anitz eragotz zitezkeen, gainera. Zenbaitek diote bateraezinak direla gobernuak bizia babesteko esku hartzea eta, aldi berean, laissez faire jokatzea ekonomia bere gisara lora dadin, baina uste hori zapuzteko ez dago argudio borobilagorik esku ez hartzearen balizko onuradunen iritzia baino. Gutunak garbi adierazten du: «Ez da arrazoizkoa pentsatzea ekonomia suspertuko dela kontrolatu gabeko epidemia baten erdian».

Osasun krisia esplizituki aipatzen da gutunean; hala ere, aipamen horiek bezain agerikoa da lerro artean adierazten dena: Bolsonaroren planek, presidenteak pandemiaren larritasuna ukatzeko duen setaz haratago, gero eta larritasun handiagoa pizten dute elitean. Hain justu, enpresariak mintzatu eta astebetera, plan horien aurkako bertze keinu bat izan zen, oihartzun handikoa: lurreko, itsasoko eta aireko armadako buruzagiek kargua utzi zuten aldi berean. Zer asmo zuen presidenteak (baldin eta iraganaldia erabil badaiteke)? Martxoan, Auzitegi Federal Gorenaren aitzinean mintzatu zen presidentea, eta eskatu zuen legez kanpo utz zitzatela Barruti Federaleko, Bahiako eta Hegoaldeko Rio Grandeko gobernuek ezarritako bakartze neurri prebentiboak. Ordutik, casus belli bat zuen buruan: Bahia kontrolpean hartzea, aipatu hiru estatuen artean PTk zuzentzen duen bakarra baita. Bide judizialera jotzeaz gain —zeina, gero, Auzitegi Federal Gorenak hetsi egin baitzion—, Bolsonarok Bahiako poliziak akuilatu zituen, Rui Costa gobernadoreak ezarritako osasun neurriak aplikatzea eragotz zezaten. Haren hitzek jokabide zentzugabe bat baizik ez zuten eragin: Bahiako polizia batek, laneko armarekin, airera tiro egin zuen zenbait aldiz.

Saiakera hori ustekabeko kolpe baten abiapuntutzat hartu zen, 2020ko apirileko irudiak ekarri baitzituen gogora: orduko hartan, Bolsonarok parte hartu zuen bere jarraitzaileen manifestazioetan; militarren esku hartzea eta herrialdeko epaile gorenak kargutik kentzea galdegiten zuten.

Erradikalizazio horrekin bat egin beharrean, gutunaren egileek eta eliteko bertze sektore batzuek hirugarren bide bat sortzea proposatu zuten. Alabaina, hautagaitza ugari zeudenez, denbora anitz pasatu da hirugarren bidearen ideia zehaztu arte. PSDB Brasilgo Alderdi Sozialdemokrataren gainbeheraren ondotik, elite hori alderdi egokirik gabe gelditu zen PTren kontrako joera bideratzeko. Bolsonaro joera horretan ari zedin aktiboki lan egin eta gero, baina, eliteek ez dakite nola itzuli herrialdean hogei urte baino gehiago indarrean egon zen bi alderdiko sistema presidentzial normal-era.

PT behin betiko desagerrarazteko azpilanean aritu zirenak ederki damutu dira egindakoaz. Lulak, berriz, bere-berea duen ardatz rola berreskuratu du Brasilgo sistema politikoan; ardatza izan baitzen nahiz galdu zuen aldietan nahiz gobernatzea egokitu zitzaionetan. Camila Rocha ikertzailea eta Zientzia Politikoetako doktorea da Sao Pauloko Unibertsitatean, eta Lulari inhabilitazioa kentzearen bertze ondorioetako bat aipatu du: «Eragina nabaritzen da jada, Bolsonarok txertoaren inguruko jarrera eta diskurtsoa aldatu baititu, eta, jendaurreko agerraldi batean, lur globo bat paratu zuen, erakusteko ez duela bat egiten lurra laua dela dioten teoriekin». BERRIA-ren galderei erantzunez, Rochak zera gehitu du: presidente ohiari inhabilitazioa kentzeak eragindako aldaketa goitibeheiti, «PTren irudia guztiz lotuta dago oraindik ustelkeriarekin, baita Lularena ere; hortaz, ahalegin handia egin beharko du hautesleen %40, hots, ez bere alde eta ez Bolsonaroren alde daudenak —Brasilen ni-ni deituak— konbentzitzeko».

Joan den urtean Esther Solanorekin batean idatzitako analisi batean, hau azpimarratu zuen Rochak: «Bolsonarok desilusioa eta frustrazioa eragin dien arren, egungo presidentearen boto emaile izandako batzuek diote litekeena dela 2022ko hauteskundeetan berriz haren alde bozkatzea, ez baitute bertze aukera politikorik edo hautagairik ikusten». Esther Solano soziologoa eta Sao Pauloko Unbertsitate Federaleko irakaslea da, eta hura ere mintzatu da BERRIA-rekin. Iritzi publikoari buruz oraintsuago egindako zenbait ikerketaren emaitzak aipatu ditu: «Elkarrizketetan, nabaritzen hasten da oraindik PT eta Lula ustelkeriarekin lotzen dituztenek Lularen alde bozkatzeko asmoa dutela, arrazoi pragmatikoak tarteko; izan ere, egoera sanitarioa eta ekonomikoa hain dira zailak eta frustragarriak ezen uste baitute, beharbada, Lula baizik ez dela gai izanen Brasil motelalditik ateratzeko». Hautesle horiek «batasun nazionala, oreka ekonomikoa eta gobernua polemikarik eta hondamendirik eragin gabe kudeatzea» nahi dute.

Edozein moduz, ia segurutzat jotzen den Lularen hautagaitzak zera ere badakar, Bolsonarori botoa eman zioten gehienen artean PTren eta Lularen aurkako joera indartzea. Solanoren erranetan, sektore horietan «sutsuki sinesten dute PT herrialdeaz jabetu izanen litzatekeela, lapurtzeko», eta, haietarik zenbait «prest dauden arren hirugarren bide bati ekiteko, proiektu horri anitz kostatzen ari zaio batasuna lortzea». Soziologoaren ustez, gainera, Lulak eta Bolsonarok «atxikimendua, sentimenduak eta emozioak mugitzen dituzte», eta bakoitzak baliatzen duen kapital sinbolikoak «ito egiten ditu alternatibak, alternatiba horiek gorpuzten dituzten hautagaiek ez baitute bi presidentegai nagusien pisu sinboliko eta subjektiborik».

Berriz ere indartzen ari den egoera dikotomiko horren aitzinean, Bolsonaroren igoera erraztu zuten hedabide kontserbadoreak saiatzen ari dira egungo presidentea eta aitzinekoa neurri berean muturrekoak balira bezala aurkezten. Preseski, Lularen inhabilitazioa bertan behera utzi zutela jakitean, O Estado de São Paulo egunkariak editorial batean ohartarazi zuen okerra zela hartutako erabakia, eta jakinarazi zuen «erdibidean» dagoen aukera bat babesten duela. Lula muturrekotzat hartzeko aukera handirik ez du ematen, ordea, bere kontrako auziak baliogabetu ondotik egin zuen hitzaldiak: Sao Bernardon egin zuen hitzaldia, ABC eskualdeko Metalgintzako Langileen Sindikatuaren egoitzan, eta herrialdeari gobernu bat emateko beharra izan zuen hizpide, funtsean. Gako hitza «zaintza» izan zen. Martxoaren 10eko agerraldian, honela erran zuen Lulak: «Herrialde honek ez du gobernurik. Herrialde hau ez da ekonomiaz arduratzen. Ez du lana zaintzen; ez du soldata zaintzen; ez du ingurumena zaintzen; ez du gazteen hezkuntza zaintzen, ezta periferietako haurrak ere. Eta zera galdetu zuen: «Zertaz arduratzen da, orduan?».

Haren bozeramaile izandako Andres Singerrek hainbat aldiz erran bezala, Lulak erradikalizazio politikorik gabeko proiektu politiko bat aurkeztu zuen, kapitalaren aurka egiten ez duena. Dirudienez, tonu hori eman nahi dio 2022ko hauteskundeetarako kanpaina luzeari, zeina hasi baitzen epaitegiek presidente ohiaren aurkako karguak baliogabetu orduko.

PTk Lulinha, paz e amor formulari esker lortu zuen garaipena 2002an. Orduan ez zion aurre egin behar erradikalizatutako indar politiko bati, demokraziarekiko inolako atxikimendurik gabeko alderdi bati. Hogei urte geroago, ordea, bai. Horretarako formula egokia aurkituko al du orain?

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alemaniako armadako bi soldadu, ariketa militarrak egiten, urtarrilen, Marienbergen, Alemanian. ©MARTIN DIVISEK / EFE

Alemaniak Leopard 1 tankeak bidaliko ditu Ukrainara

Mikel O. Iribar

‘Süddeutsche Zeitung’-en arabera, Berlinek 88 tanke emango dizkio Kievi. EBko zenbait goi kargudun Ukrainako hiriburuan dira, Zelenskirekin batera.

Italiako Polizia hilik aurkitutako zortzi migratzaileen gorpuak daramatzan ontziaren zain. / ©Concetta Rizzo, EFE

Kostazainek 42 pertsona erreskatatu dituzte Lampedusatik gertu

Arantxa Elizegi Egilegor

Zortzi lagun hilik atera dituzte ontzitik. Erreskatatutako migratzaileen esanetan, hotzez hil ziren. Beste bi desagertutzat jo dituzte.

Montanako zeruan ikusi duten ustezko globo espioia. ©BERRIA

AEBek Txinako ustezko globo espioi bat atzeman dute beren aire eremuan

Berria

Txinak «ez espekulatzeko» eskatu du, baina gertakariak korapilatu egin dezake igandetik aurrera Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria Txinara egitekoa den bi eguneko bisita.

Ukrainako armadako soldaduak, atzo, Kramatorsken, goizaldean Errusiak jaurtitako misilek eragindako hondakinen artean. ©SERGEI XESTAK / EFE

Bruselak ohartarazi dio Ukrainari EBko kide izateko bidea luzea dela

Igor Susaeta

Europako Batzordearen arabera, ez da «esprint bat» talde komunitarioan sartzeko prozesua, «maratoi bat baizik». Kievek berretsi du 2024ko abendurako egon nahi duela batasunean sartzeko prest

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.